Memoria oparoa da, baina izan daiteke arrasto bat. Memoria norberarena da, edo kolektiboa. Bada zaurgarria, eta, sarri, jopuntua: desagerraraz liteke, edo manipulatu; baina baita gorde ere. Eta artxiboen garrantziaz mintzatzean arrazoi praktikoak aletu dituen arren, memoria jagotearen inportantzia ere aldarrikatu du, ezinbestean, Pruden Gartzia Euskaltzaindiko artxibozainak. «Pertsona bat zer da, zein da haren identitatea? Oroitzen duena. Oroimena kenduta, identitatea kentzen zaio. Herri batekin, berdin».
Bilbon dago, zehazki, Euskaltzaindiarena, egitura handiago batean bilduta: Azkue Biblioteka eta Artxiboa. Andres Urrutia euskaltzainburuak esplikatu duenez, bi iturritatik edaten du artxiboak, nagusiki: batetik, instituzioak berak sortzen dituen edukiak gordetzen ditu —artxibo administratiboa—; eta, bestetik, artxibo akademikoagoa edo historikoagoa dute, batik bat euskaltzainek sortu eta pilatutako lanekin elikatua. Resurreccion Maria Azkue euskaltzainaren artxiboan bermatzen da erakundearen funtsa. «Azkuerena habea izan da guretzat», azpimarratu du Urrutiak. «Haren artxiboa oso aberatsa zen; besteak beste, haren bitartez batzen duzulako 1920tik hil zen arteko [1951] euskalgintza osoa».
«Azkueren artxiboa habea izan da guretzat. Oso aberatsa zen; besteak beste, haren bitartez batzen duzulako 1920tik hil zen arteko [1951] euskalgintza osoa»
ANDRES URRUTIAEuskaltzainburua
Hortik abiatuta, bestelako materialak gehituz joan dira, «jende askoren ekarpenei» esker, euskaltzainburuak eskertu duenez. Eskuratu dituzte, esate baterako, Piarres Lafitte, Georges Lacombe, Andolin Eguskitza eta Andima Ibiñagabeitia euskaltzainen artxiboak, eta, orain dela hiruzpalau urtetik hona, Piarres Xarrittonenarekin ari dira lanean. Bakoitzaren interesak zein ziren, halakoak dira edukiak ere: Jose Mari Satrustegiren artxiboa, kasurako, oparoa da antropologia kontuetan. Baina artxibook ez dute soilik biltzailearen joeren berri ematen; islatuta ageri dira, orobat, euskaltzain horien inguruan sortu ziren «sare intelektualak», Urrutiaren esanetan. Honela laburbildu du erakundearen artxiboa euskaltzainburuak: «Gerra aurreko euskalgintzaren zati esanguratsu bat dago, baita gerraosteko giroan egon zen apurra ere. Eta Arantzazuko kongresutik hona [1968], euskalgintza zabaldu egin da. Gure dokumentuak XX. mendekoak dira, gehienbat». Asko sarean kontsulta litezke.
Material mordo bat, askotan ez dena behar bezala atonduta jasotzen. Euskaltzain baten artxiboa eskuratzeko, adibidez, lehenik eta behin erakundea familiarekin jartzen da harremanetan, haiekin akordio batera heldu, eta ondoren hasten da lan teknikoagoa, artxibozainei dagokiena. «Andolin [Eguskitza] guztiz ordenatua zen, dena txukun-txukun sailkatua zeukan», gogoratu du Gartziak. Baina ez da ohikoa izaten, haren azalpenei erreparatuta. Xarrittonek, esaterako, karpetak izendatuta zeuzkan, baina, edukia ordenatzen hasi zirenean, jabetu ziren tituluak ez zetozela bat edukiekin. «Satrustegirena ere antzerakoa zen. Gainera, bolumen handiagoa zuen, ze hark etxe oso bat zeukan berarentzat, ganbara eta guzti. Josune [Olabarria, Euskaltzaindiko artxibozain ohia] gauzak ateratzen hasi zenean... Nahastuta ez, are nahastuago zegoen dena», Gartziaren berbetan.
Antolaketa, funtsezkoa
Euskarriak ere konplikatu dezake lana, material bakoitzak tratamendu jakin bat behar baitu. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa ekarri dute hizpidera artxibozainak eta euskaltzainburuak: euskal berben euskalkiaren araberako aldaerak jasotzen ditu atlas horrek; 145 herritako hirurehun laguni baino gehiagori egindako elkarrizketetan oinarrituta dago, eta solasaldiok milaka disko betetzen dituzte; horrez gain, grabazioak koadernoetan transkribatuta daude, eta horiek, era berean, digitalizatuta. 2020an argitaratu zuten atlasaren azken alea, hamaikagarrena, baina obra horretatik beste lan batzuk eratorri dira gerora. Horiek horrela, artxiboak maila praktikoan duen garrantzia ere nabarmendu du Gartziak. «Edozein lan berri egin behar denerako, inportantea da artxiboa ondo antolatuta izatea. Eta horri denbora eskaini behar zaio, dirua...».
Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorreko arduraduna da Maider Etxagibel, eta ALDEE Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteko kidea da. Hark ere antolaketan ipini du arreta. Bi iturri nagusi ditu Gipuzkoako Artxibo Orokorrak: batetik, foru erakundeek sortzen dituzten dokumentuak biltzen ditu; bestetik, balio historikoa duten eta Gipuzkoako agiri ondarea osatzen duten bestelako artxiboak eta argazkiak ere badaude.
«Artxiboen artxiboa» da, arduradunaren arabera, askotariko funtsak biltzen baititu: funts judizialak, kaparetasun espedienteak, notario funtsak, pertsonenak eta familienak, enpresenak, erakundeenak... «Batez ere, Gipuzkoako barne antolamenduarekin zerikusia duten funtsak ditugu, baita lurraldeko bizitza eta historia dokumentatzen dutenak ere, orain Gipuzkoa bezala ulertzen duguna sortu zenetik ia gaur artekoak». Eta euskarriak ere hainbat dira: pergaminoa, trapuz egindako papera, eskuizkribuak, inprentakoak... Argazkiak dituzte diapositibetan, positiboak paperean, negatiboak kristalean...
Antolaketa funtsezkoa da horiek egoki kontserbatzeko, Etxegibelen irudiko —zerbait gaizki kontserbatuta badago, zaharberritze laborategian leheneratzen dute—; eta funtsezkoa da, halaber, edukiok gizarteratzeko. «Nire ustez, daukazuna zabaltzea da artxibozain baten lanaren helburu nagusietako bat». Ikerlariek asko kontsultatzen dute artxiboa, eta soslai ez-profesionalek ere erabiltzen dituzte edukiak, hala nola familia genealogia osatzen ari direlako, edo baserriaren historian arakatzen. «Adibidez, Jabetza Erregistroan lursail bat daukate beren izenean, baina udalak esaten die jabetza hori momenturen batean udalarena izan zela, eta eskatzen die aurkez dezatela eskritura bat non jartzen duen lursail hori haiena dela; eskritura hori, agian, 1700. urtekoa da».
Begirada zorrotza
Sarean eskura daude artxiboaren erregistro deskriptiboak, eta erreprografiak ere eska litezke, baina badaude, halere, artxibora joaten direnak: batzuk, lehen aldia dutelako artxiboan; eta, ikerlari profesionalaren kasuan, lana arindu diezaiekeelako artxibozainaren memoriak eta ezagutzak. «Aurrez aurre kontsultatzeak beste balio bat dauka. Digitalizatuta dagoen edukia ondo irakurtzen da, baina batzuetan errazagoa da detaileak galtzea», adierazi du Etxagibelek.
Grafia batzuek oztopatu egin baitezakete ikerlariaren lana, adibidez —artxiboan paleografia liburuak dituzte horiek deszifratzeko—; eta hizkuntza bera ere buruhaustea izan liteke XVI., XVII. edo XVIII. mendeko agiriak jorratzean. Kontserbazioak ere baldintzatzen du: tinta lausotuta egon liteke, agian dokumentuaren zati batzuk baino ez dira kontserbatu, edo istripuek hondatu dituzte edukiak. Izan ere, Etxagibelek kontatu duenez, artxiboa sortu zutenean Tolosako Santa Maria elizan eduki zuten gordeta egungo tokira eraman baino lehen, eta, XVIII. mendearen amaieran, eliza hartan egon zen sute batek dokumentuotako asko desagerrarazi zituen. Tenplura sartu ziren hiru tolosarrek salbatu zituzten kontserbatu direnak, leihotik botata; agirietako batzuk errekara erori ziren.
«Aurrez aurre kontsultatzeak beste balio bat dauka. Digitalizatuta dagoen edukia ondo irakurtzen da, baina batzuetan errazagoa da detaileak galtzea»
MAIDER ETXAGIBELGipuzkoako Artxibo Orokorreko arduraduna
Baina, askotan, bilaketa zorrozteko jotzen dute ikerlariek artxibozainengana. Hara joan aurretik, sarean dituzten aurkibideak eta erregistroak kontsultatzen dituzte, baina bilaketa batzuk orokorragoak izaten dira: gertakari edo agiri jakin bat ez, baizik urte batzuetako edukiak behar izaten dituzte, Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak esplikatu duenez. «Adibidez, igual urte jakin bateko fusilamendu batzuk ikertzen ari gara, baina urte osoko dokumentazioa kontsultatu nahi dugu, orokorrean: badago polizia espediente bat? Udaleko aktan badago zerbait?». Galbahe lan horretan premiazkoak dira artxibozainak. «Artxiboetan dokumentazio pila bat dago. Zer dokumentazio daukaten eta nola daukaten sailkatuta, zer hitz gako daukaten jarrita dokumentazio hori bilatzeko... horrelako filtroak oinarrizkoak dira gero filtrazio on bat egiteko».
Horiek horrela, artxibozainak «ezinbestekoak» dira ikerketak ondo atera daitezen, historialariak aldarrikatu duenez. Adibide bat aipatu du. «Oñatin [Gipuzkoa] dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan lortu dugu 1960ko eta 1970eko hamarkadetako errepresioari buruzko dokumentazioa. Ez genekien hor zegoenik; beti esaten ziguten Madrilen zegoela». Orain dela hamar urte inguru, artxibozainei esker topatu zituzten Guardia Zibilaren eta Gobernu Zibileko txosten horiek. «Euskal Herrian, tokiko artxiboak ezinbestekoak dira frankismoaren errepresioa ikertzeko», azpimarratu du Bucesek.