Sartagudak (Nafarroa) dena prest du asteburuan azoka handia eta mamitsua egiteko. Gaur eta bihar Sartagudako XII. Mertxika Azoka ospatuko da, eta nahiz eta azoka gaur hasi, bihar izango du egun garrantzitsuena. Asteburuan egurrezko postuak agertuko dira herriko kaleetan, laranja, hori eta gorri koloreko melokotoi gozoz josita. Zehazki 12.000 kilo mertxika saltzea espero da, aurreko urtean bezainbeste, alegia. Azken urteetako azoketan mahai gainean jarri diren frutak saldu dira, desagertu, eta erosleen mahai gainean aurkitu dute lekua: zuhaitzetik erosleen aho gosetuetara, zuzenean.
Aurreko urteetan bezala, melokotoiaren lasterketa izango da asteburuko programazioaren abiapuntua. Mertxika Azokaren aurretik, Melokotoiaren Lasterketaren zazpigarren aldia antolatu du Nafarroako herri horretako udalak gaurko, Sartaguda Kirol Klubarekin batera. Gaurko lasterketan bi aldaera daude: laburra, lasterkari txikienentzat, eta bestea absolutua, 6,5 kilometrokoa, helduentzat. Kategoria laburrari dagozkion probak 18:30ean hasiko dira, eta absolutukoak, berriz, 19:30ean. Lasterketetan parte hartzeko Avaibooksport webgunean izena eman behar da, eta 7 euro ordaindu. Lasterketaren ondoren eta bestarekin jarraitzeko musika emanaldia izango da herriko frontoian.
Ekitaldi gehienak bihar izango dira, eta aurten, berrikuntza gisa, pregoiaren ordua eta azokaren irekiera ordutegia aurreratu dira. Izan ere, aurreko aldietan, azokako melokotoi asko salduta egoten ziren pregoia egiten zenerako, erosle goiztiarren ondorioz. Melokotoiaren usainak eta zaporeak erakarrita, nekazariek Lodosa kalean jarritako berrogei postuetara joaten ziren erosleak, eta, laranja koloreko zurrunbilo batean murgildu ondoren, melokotoiz betetako kutxekin alde egin, pregoia entzun gabe.
Aroa Berrozpe bakarrizketaria izango da aurtengo pregoilaria, eta, 10:00etan diskurtsoa egin eta gero, melokotoia ardoarekin dastatuko dute. Gainera, melokotoiak hazten diren lursailak bisitatzeko ibilbide bat ere antolatu dute, tren turistiko baten bitartez. Goizeko programazioa osatzeko, mertxikaz egindako postreen lehiaketa egingo dute udaletxean. Melokotoiaren azoka izan arren, bertaratzen direnek askotariko produktuekin gozatzeko aukera izango dute, hala nola tomateak, barazkiak, arropa eta taloak.
Uzta jasotzen
Sartagudako nekazariek herriko produktu ezagun horren balioa nabarmendu nahi dute azokaren bitartez. Horregatik, 12 kiloko melokotoi kutxak 20 euro balioko du aurten ere, azken urteetan bezala. Melokotoia protagonista duen azokari amaiera emateko, amateurren arteko pilota partidak izango dira frontoian, 18:00etan. Gauean, egurrezko postuak bildu, saldu ez den fruta gorde, eta zezensuzkoak hartuko ditu kaleak.