Donostian oraindik badira xarma galdu ez duten bazter ezkutuak. Ategorrietako Bordatxipi kalea da horietako bat. Bolatokia, frontoia, eta aurrerago, bananondoak dituen plazatxoan, taberna txiki bat: Basoa. Mediterraneoko arrozen aterpe bilakatu da aurki hiru urte beteko dituen jatetxe hori.
Israel Martinez (Alcoi, Herrialde Katalanak, 1987) pozarren dago lantaldearekin eta auzotarrek egin dioten harrerarekin. Ebroren deltatik ekartzen dituen arrozak dira plater kuttunenak: «Neguan arroz saldatsuak egiten ditugu, eta udaberritik aurrera, lehorrak. Osagaiak aldatuz goaz, beti ematen baitiogu lehentasuna tokiko produktuari eta garaian garaikoari, eta, hemen itsasoa eta mendia dauzkagula aintzat hartuta, eskaintza oparoa da».
Arrainarekin, haragiarekin edo barazkiekin... Gutxienez hiru arroz mota daude aukeran egunero. «Gaur alkatxofak ekartzen badizkidate, ba, horiek erabiliko ditut, eta beste egun batean espinakak edo zainzuriak. Arrainarekin berdin, egunaren araberakoa izan daiteke. Gaur olagarroarekin eta muskuiluekin egindakoa daukagu». Sukaldariak nabarmendu duenez, glutenik gabeko janaria da etxearen beste ezaugarria: «Ogia ere glutenik gabekoa da. Altsasutik ekartzen dugu. Ore amaz egindakoa da, eta momentuan egosten dugu labean».
Londrestik Donostiara
Martinezek Denian eta Valentzian egin zituen lehen urratsak, eta gero herritik kanpora joan zen. Londresen formatu zen bereziki. Tate Modern Galleryko jatetxean aritu zen, eta, jaioterrira itzultzean, bere ibilbidea markatuko zuen pertsona ezagutu zuen. «Maria Cristina Hoteleko Miguel Piñeiro ezagutu nuen, eta, haren bidez, Helene Darroze eta Marco Zampese. Nire maisuak izan dira. Londresera joan nintzen berriz, The Connaught jatetxera, eta, gero, berriz itzuli nintzen Donostiara. Nire jatetxe propioa zabaltzeko ametsa bete dut hemen».
Ibilbide horrek definitzen du nazioarteko ñabardurak dituen estilo propioa: «Londresen leku askotako jendearekin lan egiteko aukera izan nuen, eta denengandik ikasi dut. Mediterraneoan daude nire sustraiak, eta hemen nago errotuta, baina beti daukat zerbait berezia egiteko asmoa. Jolastea gustatzen zait». Entsala errusiarra da etxearen beste espezialitatea. «Elena Arzak bazkaltzera etorri zen egun batean, eta asko gustatu zitzaion. Elkarrizketaren batean aipatu zuen, eta horrezkero asko eskatzen dute; olibekin egindako aparra dauka. Itsaskiekin egindako kroketak ere klasiko bat dira. Ezin ditut kartatik kendu».
Postreen eskaintza ere oso erakargarria da. Ulia mendiaren magaleko terrazako giroa leku aparta da horiek guztiak dastatzeko. Basoa ostegunetik igande eguerdira arte dago zabalik.