Mediapro estudio bilakatu da

Jaume Rouresen enpresak 34 telesail sortu, ekoitzi eta zabalduko ditu aurten; New Yorkeko egoitza indartu dute, eta nabarmendu dute ekoizteko ahalmen handiagoa izango dutela orain

Paolo Sorrentinok zuzendutako The Young Pope telesaila beste ekoizpen etxeekin batera ekoitzi du Mediaprok. MEDIAPRO.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bartzelonatik mundura, Mediapro ekoizpen etxeak bost kontinenteetan zabaltzen ditu bere edukiak eta zerbitzuak. 25 urteko bidea egin du enpresak ikus-entzunezkoen sektorean, eta, orain,estudio ere bilakatu da, The Mediapro Studio izenpean. Aurten, 34 telesail sortu, ekoitzi eta zabalduko ditu. Jaume Roures enpresako bazkide kudeatzailearen arabera, pauso bat emateko ordua iritsi zaie: «Ekoizpen etxearen roletik harago jotzeko ordua heldu da, Studio bihurtzeko. Urteotan kalitate handiko ehunka proiektu garatu ditugu, eta eduki globalak egin ditugu, emisioaren zein ekoizpenaren kontzeptuetan aurrera eginda. Eduki berezituak sortzeko bidean, pauso bat emateko prestatuta gaude». Tatxo Benet bazkide kudeatzaileak ere antzera hitz egin du: «Konpainia global bat izan nahi dugu, edukien nazioarteko industrian keyplayer bat [aktore funtsezko bat], eta gure presentzia maila globalean handiagoa izatea nahi dugu. Pauso honekin, ekoizteko ahalmena handitzeko aukera izango dugu, baita hartzaile gehiagorengana iristeko modua ere».

Mediapro Studioko ekoizpenen arduradunak Javier Mendez Zori, Javier Pons eta Laura Fernandez Espeso izango dira. Iragarri dutenez, New Yorkeko egoitza —duela hiru urte zabaldu zuten— indar egin dute.

Atienza 'Caronte'-n

Mediaprok, bestalde, gaur egun munduko operadorerik garrantzitsuenekin partekatzen ditu proiektuak: HBO, Netflix, Amazon, Viacom, Fox, Turner, Disney, Hulu... Badira, halaber, enpresarentzat lanean ari diren euskal herritarrak: berriki, Diego San Jose gidoilaria fitxatu dute, Vota Juan telesaila egin ostean. Eta Itziar Atienza aktoreaCaronte telesailean ari da lanean (Tele5 kateak estreinatuko du).

Fikzioan ez ezik, entretenimenduzko saio ugari ekoizten ditu ekoizpen etxeak —ETB2rako El conquistador del Pacífico egiten du, Hostoil mendeko enpresaren bitartez—. Amazon plataformarentzat Six Dreams dokumental saioa egin zuen iaz; Eibar futbol taldeko presidente Amaia Gorostizari buruzko atala zuzendu zuen Eriz Zapirainek, eta Athleticeko aurrelari Iñaki Williamsi buruzkoa Berde Produkzioak-eko Gorka Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.