Sabin Egilior. Dokumentalgilea

«Mauthausen kontzentrazio esparruan izandako batekin hitz egitea izan da gogorrena»

Gaur estreinatuko da 'Camaradas' Sabin Egilior bilbotarraren azken dokumental «indartsu eta konpromisoz betea», 19:30ean, Guggenheim museoan. Historiak oroimen karga historiko handia du.

Camaradas dokumentalaren fotograma bat. BERRIA.
Ainhitze Ruiz.
2013ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Sabin Egilior zinemagile bilbotarrak Camaradas dokumentala aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Bilboko Guggenheim museoan. Dokumental horretan, Bigarren Mundu Gerran Frantzian faxismoaren aurka borrokatu ziren hainbat erbesteratu errepublikazaleren historia erakusten du. Pertsona horiek heroitzat hartu ziren hasiera batean, baina, urteak igaro ahala, gaizkiletzat jo ziren. Filma lekukotza historiko baliotsu batean oinarritzen da.

Camaradas dokumentalean kontatzen duzunez, 1950. urtean erbesteratutako 200 errepublikano Frantziatik kanporatzea agindu zuen garai hartako Frantziako Gobernuak. Nola sortu zen dokumentala egiteko ideia?

Dokumental historikoak egiten ditut beti. Ikerketa batzuk egiten ari nintzela, historia garrantzitsu bat zegoela ikusi nuen: komunista batzuk Frantziatik kanporatu zituztela 1950. urtean. Istorio hori oraindik bizirik zegoela konturatu nintzen. Esaterako, Luis Fernandez bilbotarra nor zen jakin genuen, zeina gaur egun ahaztuta dagoen. Operación Reconquista zuzendu zuen hark. Pixkanaka, testigantzak batzen joan nintzen dokumentala egiteko.

Dokumentalean kontatzen dena bidegabekeria baten historia dela esango zenuke?

Bai, noski. Oso garrantzitsua iruditzen zait 1945. urtean faxismoaren kontrako borrokan bizia galtzeko prest agertu ziren heroi haien historia. Denbora gutxian, heroitzat ez baizik terroristatzat jo izan ziren, eta, ondorioz, Frantziatik erbestera alde egin behar izan zuten.

Camaradas dokumentalaren testuingurua gogorra da, eta konpromisoz betea dago. Zerk eragin dizu gehien dokumentalaren egile moduan?

Lekukoen testigantzak biltzean Mauthausen kontzentrazio esparruan izandako batekin hitz egitea izan da gogorrena. Pertsonalki bizitzan egin dudan elkarrizketarik gogorrenetarikoa izan zen. Hunkigarria da 90 urte inguruko gizon bat eremu horretan jasandako izua kontatzen entzutea: bertan pasatzen zuten gosea, nola lekualdatzen zituzten, presoak gasez nola hiltzen zituzten... oso gauza gogorrak, alajaina. Heriotza bakan baten kontakizuna baino dramatikoagoa dela esango nuke.

Zer nabarmenduko zenuke dokumental honetan?

Injustiziaren bat gertatzen denean edo oinarrizko eskubideak urratzen direnean, bi aukera daude: etxean geratu ala kalera irten eta borrokatu. Kasu honetan, dokumentaleko pertsonaiak nahi zutenaren alde borrokatu ziren. Gure helburua hori kontatzea da, ezkutuan dauden pertsona horiek argitara atera eta erakutsi zuten ausardia oroitzea. Hori nabarmenduko nuke.

Dokumentalean garai hartan parte hartu zuten hainbat borrokalarirekin hitz egin duzu. Asko kosta al zaizu dokumentalean parte hartu nahi duen jendea bilatzea?

Dokumental honetan pisu handia dute ikerketa eta dokumentazio arloek. Denbora asko eman dugu ikerketa lanetan, eta, azkenean, atera dira izenak. Lekukoak aurkitzeko zailtasuna handia izan da, gehienak ez baitaude Euskal Herritik gertu. Pertsona bakoitzak bere historia kontatzen dizu, eta historia horietan beste hainbat izen ateratzen dira. Orduan, izen horien bila hasten zara. Baina lekuko gehienak helduak dira, eta askotan norbaiti deitzen diozu eta orain dela hiru urte hil zela esaten dizute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.