Zaraitzu eta Errronkaritik (Nafarroa) eta Aragoitik (Espainia) 12-25 urte arteko milaka neska gazte joaten ziren Maulera, 1870etik 1940era, espartingintzan lan egitera, zola eta oihala jostera nagusiki. Sasoikako migrazioa zen hura, urrian jaioterritik abiatzen baitziren gazteak, eta apirilean itzultzen. Beste giro bat ezagutu zuten Zuberoako hiriburuan, eta Pirinioen beste aldean aurki ezin zitezkeen objektu eta arropa asko erosteko aukera izaten zuten. Migrazio istorio hura ezagutarazteko, Ainarak proiektu transmedia abiarazi dute Maluta Films (Donostia) eta 601 Producciones (Iruñea) ekoiztetxeek, Aldudarrak Bideorekin (Bidarrai, Nafarroa Beherea) batera. Martxan da jada Ainarak.eus webdoka, eta martxoan izen bereko dokumentala estreinatuko dute Euskal Herriko zinema aretoetan.
Webdokak hamabi atal ditu, atal bakoitzak bere bideo zatia dauka, baina baita agiri eta testuak, argazkiak, gutunak eta bestelakoak ere. Ritxi Lizartza proiektuko zuzendariak azaldu duenez, halaber, webdokean 120 fitxa inguru egongo dira. «Horietan sailkatu dira ainaren jaioterriak, Mauleko lantegiak, eta ainarak bizi ziren auzoak. Nahi duenak aukera izango du segidan bideoak ikusteko, historia zati bakoitzaren argazkiak begiratu edo dokumentuen bitartez arakatzeko».
Proiektuaren sormen prozesuan, bidaide asko izan dituzte. Tartean dira Mauleko Ikerzaleak elkartea, baita Nafarroako elkarte hauek ere: Uhaitza (Mendi), Kebenko (Erronkari), Bidankozarte (Bidankoze), Kurruskla (Izaba), La Kukula eta Nafarroako Almadiazainen elkartea (Burgi) eta Orhipean (Zaraitzu). Lizartzak A Gorgocha elkartearen (Huesca, Espainia) ekarpena ere aipatu du. Herritar anonimo askok lagundu diete, halaber, materialak bilatzen, biltzen eta sailkatzen.
Baionako Euskal Museoan proiektuaren aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean. Lizartzarekin batera, Bidakozarte elkarteko arduradun Gotzon Perezek, eta Mauleko Ikerzaleak elkarteko Robert Elizondok eta Joel Larroquek parte hartu zuten. Datozen aste eta hilabeteetan, tankerako aurkezpen gehiago egin nahiko lituzkete, museoetan eta kultur etxeetan.
Lizartzak zera iragarri du: «Proiektu honetan, webdoka izango da bidea ireki eta gauzak erraztuko dituena». Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz egongo dira webdokaren edukiak. Aurrerago, gaiarekin lotutako fitxa didaktikoak lantzeko asmoa dute. «Ikertzen jarraitu nahi dugu».
Gaiak gizarte ikuspegitik badu mamia. Nafarroako eta Aragoiko neska haien migrazioa generoaren araberakoa eta sasoikakoa zen, eta diruagatik egiten zen. «Emakumeen ahalduntze bat zegoen hor», aipatu du Ainarak-en zuzendariak. «Neska haiek bederatzi hilabete pasatzen zituzten etxetik at, lanean, beste emakume askorekin batera. Elkartasuna zegoen haien artean. Garrantzitsua da hori kontatzea. Izan ere, garai hartan emakume askok ez zuten erraza etxetik ateratzea». Horrez gain, Maulen «mundu berri bat» deskubritzen zuten. «Aurkitzen zituzten jantzi berriak, orrazkera berriak, ohitura berriak ere bai. Jauzi izugarria izan zen haientzat». 1900-1915 artekoa izan zen garai garrantzitsua.
Iparra eta Hegoa lotzea
Ainarak proiektuaren finantzaketan lagundu dute Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Eurohiriak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Lizartzaren irudikoz, garai batean askoz lotuago zeuden Euskal Herriko Hegoaldea eta Iparraldea, Pirinioen inguruan.«Eta ez Ainaren bidaiengatik bakarrik, baizik eta harreman komertziala zegoelako. Iruñera joan baino, Erronkaritik nahiago zuten medikura edo beste zerbaitera Maulera joan. Ganaduan tratuan ibili behar bazuten, nahiago zuten Santa Grazikoekin [Nafarroa Beherea] eta Larrainekoekin [Zuberoa] egin. Eta Iruñera ere ez ziren gazteak neskame joaten». Egoera bestelakoa da gaur egun. «Askotan ematen du bizkarra emanda bizi garela». Hortaz, Ainarak-en helburuetako bat ere bada «sareak jostea» Iparraren eta Hegoaren artean. «Gizarte egituratze aldetik, bultzada ematen ari zaio Pirinioen bi aldeetako harremanei».
Maulera joaten ziren ainarak ezagutzeko, lan transmedia bat
'Ainarak' egitasmoa abiarazi dute, webdok batekin. 1870etik 1940ra, neska gazte ugari joaten ziren espartingintzan lan egitera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu