Gure Irratia-ko aurkezle historiko Mattin Larzabalhil da gaur (Aiherra, Nafarroa Beherea, 1950). 30 urteko ibilbide luzea egin zuen irratian, eta, besteak beste, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 24. aldiko Ohorezko aipamena jaso zuen 2012an. Euskal Irratiek sare sozialen bidez adierazi dute euren atsekabea: «Urte askotan euskararen garapenaren alde lan egin zuena. Doluminak familiari».
Laborari familia bateko zazpi seme-alabetan gazteena zen. Seminarioan sartu arren, urte gutxiren buruan egin zuen martxa Pauera (Okzitania), Zuzenbideko ikasketak egiteko. 1970eko hamarkadan, Baionako Mendeberri elkartea sortu zuen. Elkarte horrek lan handia egin zuen euskararen alde hamarkada horretan, gazteekin eta euskarazko ikastaroak ematen.
1982an, ordea, Frantzian irrati uhinak askatzearekin batera, Larzabalek Gure Irratiaren aldeko apustua egin zuen.
Hasi berria zen irratia, eta egunean ordu gutxi batzuetan eskaintzen zituen saioak. Lanik gabe geratu ostean, boluntario hasi zen bertan Larzabal, aurkezle. Hilabete batzuen ostean, irratiak jasotako laguntza ekonomikoei esker, langile profesional bilakatu zen. Ordutik, irratiko txokoan ez ezik, lekukotzak jasoz ere aritu zen Ipar Euskal Herrian zehar, mikrofonoa eskuan.
30 urte egin zituen hala, eta horregatik jaso zuen Rikardo Arregi Sariaren Ohorezko aipamena. Horien helburua «euskal kazetaritzan aitzindari eta bide erakusle» izan direnen ibilbidea aitortzea da, eta, Larzabalen kasuan, haren hurbiltasuna, umorea eta «ibilmolde libertario xamarra» saritu nahi izan zituzten. Erretiroa hartu ostean, jarraitu zuen kazetaritzari lotua: azkeneko urteetan Herria astekarian Hego Euskal Herriko albisteak idazten zituen.
Mattin Larzabal, @gureirratia eta @euskalirratiak sareko kazetari ohia zendu da eritasun baten ondorioz.
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) June 2, 2020
Urte askotan euskararen garapenaren alde lan egin zuena.
Doluminak familiari #AgurMattinpic.twitter.com/TaGN8Nq4po