ATZEKOZ AURRERA. Mari Carmen Basterretxea. Gizarte antropologian doktorea

«'Matriarkatu' kontzeptua oso manipulatua izan da»

Matrilinealtasunaren oinarrien alde egin du ikerlariak'Euskal Herria, kultura matrilineala' liburuan. Hogei urtez aritu da ikertzen.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2017ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Euskal gizartea, matriarkala baino gehiago, matrilineala izan dela defendatu du Mari Carmen Basterretxea antropologoak. (Ondarroa, Bizkaia, 1958) «Ikuspegi filosofiko batetik aztertuta argi ikusten da». Egun eredu patriarkala gailendu dela dio. Baina eredu horrek sustatzen dituen balioei aurre egiteko, beharrezkoa ikusten du herri nortasuna berreskuratzea.

Euskal gizartea, matriarkala baino gehiago, matrilineala izan dela diozu liburuan. Zein da bien arteko aldea?

Ikerketa egin ahala, konturatu naiz matriarkatu kontzeptua ez dela oso egokia, pentsamolde patriarkalak oso kutsatua egon delako maiz. Gainera, matriarkatu kontzeptua oso manipulatua egon da; batez ere, botereak manipulatua, esanez matriarkatuan boterea emakumeak duela, gizona izango balitz bezala. Hori ez da horrela izan. Hortik harago, euskal gizartean eta historian emakumeak rol oso inportantea izan du. Baina euskal gizartea auzolanean, batzarrean eta herri izaeran oinarrituta egon da, eta, hor, gizonen zein emakumeen egitekoak, ardurak eta erabakiak partekatuak izan dira. Horregatik, egokiagoa da matrilineala. Gainera, etxean gertatzen zenak jarraipena zuen kanpoan. Beraz, ez zegoen hausturarik, jarraipen lineal bat izan da.

Linealtasun hori galdu egin al da patriarkatuak hartu duen indarraren ondorioz?

Gaurko euskal gizartea patriarkala da, eta linealtasun horren arrastoak baino ez dira geratzen. Arrasto horiek gehiago ikusten dira, adibidez, herri txikietan, baserrietan, kostako herrietan... Hirietan zailagoa da hori. Arrasto horiek mantentzeko ahaleginak egin behar ditugu.

Eredu patriarkalaren balioek gizartea gaixotu dute. Nola?

Gaixotasun hori aspalditik dator. Talde batek beste bat zapaldu nahi badu, argi dago hor patologia bat duela. Gizarte kapitalista sortu dutenak boterean daude, eta zapalkuntza eta mendekotasuna sortu dute. Talde hori gaixorik dago.

Arriskua dago matriarkatuak patriarkatuaren balioak hartzeko?

Patriarkatuaren oinarria ekonomikoa da: gaurko kapitalismo edo neoliberalismoa. Horrek sortzen ditu balioak: adibidez, zapalkuntza. Matriarkatua patriarkatuaren parez pare jarriz gero, arriskua dago balio horiek hartzeko: indibidualismoa, etsaikeria, bortxakeria...

Matrilinealtasunaren oinarri diren auzolana, batzarra eta herri izaera dira askorentzat egungo krisialditik ateratzeko gakoa. Alde horretatik Euskal Herriak errazagoa izango du krisitik ateratzea?

Nik uste dut funtsezko elementuak direla, ez bakarrik krisitik ateratzeko, baizik eta herri nortasuna mantentzeko, herri gisa jarraitzeko. Alde horretatik, asko lagunduko ligukete. Baina arazoa da gure historia ezabatu eta ezkutatu digutela, eta, horren ordez, botereak nahi duen historia eman digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.