Maskararekin edo gabe, kantuan jarraitzen du Klara Mendizabal sopranoak (Donostia, 1985). Gaur, Xabier Leterenak adituko dira haren ahotan, Nafarroako Antzerki Eskolan ariko baita Hor zaude nonbait kontzertuan, 19:00etan. Antton Valverde, Joxan Goikoetxea eta Francisco Herrerorekin ariko da.
Nor da zuretzat Xabier Lete?
Bere kantu ezagunenak ezagutzen nituen: Xalbadorren heriotzean, Nafarroa arragoa... Lu eta Le antzezlanean hasi nintzen bere poesian eta hitzetan murgiltzen, eta pixkanaka maitemintzen. Joxeanek deitu ninduenean Hamabostaldian kontzertu bat egiteko, kantetan gehiago sartzen hasi nintzen, eta, egia esan, izugarri gustatzen zait. Ez bakarrik musika, ederra dela; hitzak izugarriak iruditzen zaizkit.
Lan honetan aurkitu duzu ezagutzen ez zenuen Leteren alderik?
Bai, bai. Xabier Lete euskal kantautoreetako bat kontsideratzen nuen, baina ez nuen pentsatzen haren poesia hain sakona zenik, eta nola jolasten zuen hizkuntzarekin. Balio izan dit bera ezagutzeko eta bereganako maitasuna handitzeko.
Kantua ez da soilik musika, hitza ere bada.
Hori du kantuak berezia: musikak jendeari mugitzen dizkio barrenak, baina musika eta hitza bateratzean, hori areagotu egiten da, batez ere, ondo eginda dagoenean; musika eta hitza ondo lotzen direnean, barrenak txoratu egiten dizkizu.
Kantu lirikoa ongi uztartzen da Xabier Leterekin?
Kantatzen ditudan piezak nahiko lirikoak dira, egia esan. Badira kantak egin ditzakezunak tesitura batean edo igo ditzakezunak eta kantatu inpostazio liriko batekin, eta ondo gelditzen direnak. Amodio amore oso lirikoa da, edo Izarren hautsa Straussen obra batetik ateratakoa da, orduan, oso klasikoa da. Gero Schuberten lied bat kantatzen dut, Letek letra aldatu ziona.
Maskara jantzita kantatu behar izaten duzu?
Aretoaren dimentsioen arabera. Kontzertuetan, normalean, distantzia badago, maskara kendu dezaket. Aurrekoan maskararekin kantatu behar izan nuen, eta oso-oso deserosoa da, ezin duzulako ahoa ireki. Batez ere solistentzat: koroan denen artean gehitzen da bolumena, baina, bakarrik, behar baduzu jendeak entzutea eta inposatzea, maskara oztopo handi bat da.
Orain, maskararekin kantatzen ikasi behar izan duzu?
Azkenean, estrategiak bilatzen dituzu. Maskarak matraila eusten dizunez, ezin duzu ahoa ireki, bestela sudurra ikusten zaizulako. Orduan, matraila irekitzen uzten dizun maskara bilatzea da, besterik gabe.
Ez dira garairik onenak elkarrekin kantatzeko. Nola daramazue?
Orfeoi Txikiarekin zortea izan dugu Donostiako Orfeoia sartzen delako eliteko profesionalen taldean; orduan, entseatu dezakegu, eta eskolak ematen jarraitu. Ezin dugunez kontzerturik eskaini, grabaketak egiten hasi gara. Egunetik egunera bizitza berrasmatzen ari gara.
Kantatzeko ohitura du Euskal Herriak. Erraza da harrobia egitea?
Geroz eta zailagoa da, haurrek geroz eta estimulu gehiago dauzkatelako. Uste dut mundu birtualago batean zentratuta daudela, eta ez egiazko munduan. Konfinamenduak horretan ere ez du lagundu, azkenean, denak bihurtu gaituelako birtualagoak. Gainera, eskolaz kanpoko jarduerak debekaturik daude, are gehiago abesbatzak, eta hortik haur asko hartzen genituen.
Pandemiak zer egoeratan utzi zaituzte?
Alor guztietan sentitu dugu pandemiaren kolpea, baina kulturaren alorrean are gehiago, eta gehiago jarraituko du. Kapitalismoan bizigara: testuinguruak bermatzen du ekonomiaren sustapena, baina ez kulturaren sustapena. Beti izango gara azkenak eta kaltetuenak.
Sektorea gaizki dago, baina denek nahi zuten kultura kontsumitu itxialdian. Kontraesan bat da?
Agian guk ere gure artea eskaini dugu, eta kultura modu altruistan,itxialdiak iraun duen bitartean. Gero jendeak pentsatzen du edozeinek egin dezakeela edozer gauza. Mundu honetan profesional asko daude, eta haien ogibidea hau da.
ATZEKOZ AURRERA. Klara Mendizabal. Sopranoa
«Matraila ireki ahal izateko maskara bilatu behar duzu»
Xabier Leteren kantuetan eta hitzetan murgildu ahala, geroz eta gehiago maitemindu da haren lanarekin. Pandemiak taldean abestea arriskutsu bihurtu arren, Mendizabalek horretan segitzen du .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu