Marta Macho Stadler. Matematikaria

«Matematikariok ezin dugu konpondu krisia, tartean giza faktorea dagoelako»

Yul Brynner ez zela burusoila demostratuko du EHUko irakasleak gaur Bilbon, zientzia eskuan hartuta, eta aktorearen orrazia baino garbiago utziko du matematikariek pentsatzeko era berezia dutela.

Edu Lartzanguren.
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Marta Macho Stadler (Bilbo, 1962) matematikaria da, eta zientzia hori irakasten du EHUn. Lan handia egin du dibulgazioan. El arte y la ciencia de la paradoja (paradoxaren artea eta zientzia) hitzaldia emango du gaur, 12:00etan, EHUko Zizentzia eta Teknologia Fakultateko 2.5 gelan, Bilbon.

Paradoxa batekin topo egiten dugunean, porrot bat da edo aukera bat?

Filosofo askok esaten dute paradoxa gauza berriak ikasteko hasiera dela. Teorietan sartzen ez diren kontraesanak eta egoera xelebreak agertzen direnean, bira egiten dugu eta teorian aurrera egin dezakegu.

«Bizitzako paradoxak» esaten dugu batzuetan. Zertan bereizten dira matematiketako paradoxak eta bizitzakoak?

Matematiketan infinituaren kontzeptua dugu, eta ez da batere paradoxikoa, baina harekin gertatzen diren egoera batzuek paradoxa dirudite eguneroko bizimoduaren ikuspuntutik. Esaterako,Hilberten Hotel infinituaren paradoxa: gela kopuru infinitua du hotelak, eta beteta dago. Atean, ordea, txartel bat dago: badugu lekua. Norbait gela eske agertzen denean, hoteleko nagusiak esaten die bezeroei: «Mesedez, mugitu hurrengo gelara, hau da, zuen gelaren zenbakia n bada, joan n+1 gelara». Horrez bidez, lehenengo gela libratu egiten da. Halako hotel bat ezinezkoa litzateke, noski, nahiz eta matematikan guztiz posible izan. Modu berean demostratuko dut Yul Brynner ez zela burusoila.

Nola?

Nik 5.000.000 ile ditut buruan eta ez naiz burusoila. Ile bat kentzen badut, 4.999.999 geratzen zaizkit, eta ez naiz burusoila. Horrela jarraituz gero, argi dago norbait ez dela burusoil bihurtzen ile bat kentzeagatik. Beraz, ile bakarra badut, eta hura kentzen badut, ez naiz burusoil bihurtuko. Ondorioz, Yul Brynner ez da burusoila. Hori argudio matematiko guztiz garbia da, baina paradoxa dakar.

Burusoiltzen hasitako askok ilea guztiz kentzen dute horregatik? Paradoxa horri ihes egiteko?

Uste dut burusoil ez direla argi eta garbi uzteko egiten dutela. Lausokeriaren paradoxa esaten zaio honi. Izan ere, burusoiltasuna ez dago absolutuki definituta, eta hor dago koska.

Egia da enpresek matematikariak kontratatzen dituztela pentsatzeko era berezia duzuelako? Edo ikasleak lortzearren esaten duzu hori?

Egia da. Unibertsitateko ikasketen helburua ez da soilik eduki batzuk irakastea. Modu berezi batean pentsatzen irakasten diezu ikasleei. Matematikariak arazoei modu berezi batean heltzeko eta era horretan hausnartzeko daude prestatuta. Enpresetan, hainbat diziplinatako jendea izaten dute taldeetan: ingeniariak, matematikariak, informatikariak... elkarren osagarri direlako.

Bizitza errealeko paradoxa bat: krisiari aurre egiteko, gobernuak gastuak murrizten ari dira, baina horrek krisia areagotzen du. Zein da matematekarien konponbidea?

Ez dugu konponbiderik horretarako, giza faktorea dagoelako tartean, eta matematikek hori ezin dute kontrolatu. Krisia ekarri duten osagaiak ez dira matematikoak, gizatiarrak baizik. Ez dakit zer egin beharko genukeen. Krisiaren errudunak, merezi dutenak, hotel infinituan sartu, agian.

Paradoxaren arterik ba al dago?

Paradoxa bisualez mintzatuko naiz hitzaldian; anamorfosiaz, esaterako. Geometria eguneroko bizimoduan dago, eta artean zer esanik ez. Beti egon da. Izan ere, arteak ez luke ezer egingo matematikarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.