Jarraitzaile sutsuz betetako aretoa isilik geratu zen Eduardo Saenz de Cabezon matematikari eta dibulgatzailea (Logroño, Espainia,1972) oholtzara igo zenean. Errioxako Unibertsitateko irakasle, dibulgatzaile zientifiko eta Orbita Laika programa zientifikoaren aurkezleak Estatistikaren Europako Eguna ospatzeko NUPek antolatutako jardunaldien lehen hitzaldia eman zuen urriaren 24an Iruñean, Gehiengoaren irudipena izenburupean.
Estatistikaren Europako Eguna urriaren 20an izan zen. Nola ospatu duzu?
Estatistikaren Europako Eguna ospatu dut NUPen hitzaldia emanez. Guztiak elkartu gara matematikarientzat hain garrantzitsua den egun hau ospatzeko eta jardunaldiei hasiera emateko.
Txikitan ez zitzaizun matematika interesatzen. Zerk piztu zizun interesa?
Ez dut gogoan matematika bereziki interesatzen zitzaidanik. Gauza asko interesatzen zitzaizkidan umetan eta nerabe garaian, baina matematika ez bereziki. Ordenagailuekin programatzen hasi nintzenean piztu zitzaidan interesa, baina, batez ere, matematikako irakasleei esker, asko eta oso ondo irakatsi baitzidaten. Hortik aurrera, matematika asko ikasi nuen, eta interes handia piztu zitzaidan. Oso zientzia polita da.
Zein da matematiken edertasuna?
Ideia abstraktu batzuk egoera askotan aplikatzeko aukera ematen duen abstrakzioa. Inguratzen gaituena eta sortzen duen harridura azaltzeko duen gaitasuna. Gainera, matematikak berezko edertasuna du. Edertasun mota asko dituzte.
Zergatik uste duzu jendeak matematikaren inguruan duen harremana konplexua izan daitekeela?
Ez dakit. Irakasle on asko dago hobeto irakasteko ahalegin handia egiten duena. Kontuan izan behar da matematikako irakasleek osatutako erakundeak ugariak direla. Nik ez dakit beste erakunde batzuk matematikakoak bezain indartsuak diren. Jende asko dago matematikak ondo irakasten tematuta.
Noiz sortzen da harreman konplexu hori?
Ikasleak txikiak direnean. Uste dut Lehen Hezkuntzako irakasleen artean jende askok ez duela esperientzia ona izan matematikarekin, eta hori gero transmititu egiten da. Horregatik, nire ustez, gakoa litzateke Lehen Hezkuntzako irakasleen prestakuntzan eragitea.
Zer transmititu beharko lukete matematikako irakasleek?
Zure irakasleak matematika egitearen poza transmititzen ez badu, sentitzen ez duelako, hori transmititu egiten da. Emozioen ikuspegitik ere ikasleek gustuko izatea lortu behar da. Teknika irakats dezatela, baina matematika maitatzen eta haiek estimatzen ere irakats dezatela.
«Matematikak inguratzen gaitu» esaldia zabaldu ohi da matematikarien artean. Ikasketa sustatu edo oztopatu egiten du esaldi horrek?
Biak. Matematika asko dago leku askotan, bai. Ondo dago hori gogoratzea, baina ona da kontuan hartzea, halaber, matematikak erabilgarriak direla bizitzako beste gauza batzuetarako balio duten trebetasun batzuk lantzeko. Zehatzak izatea, akatsekin zorrotz jokatzea eta frustrazioa kudeatzea, adibidez. Horrelako alor guztiek egiten dute matematikari bat benetan. Trebetasun, gaitasun eta sentimendu horiek oso garrantzitsuak dira matematika hezkuntzan.
Matematikak: buruz ikasi edo ulertu?
Biak dira beharrezkoak. Buruz ikasteak esfortzua ordezkatzen du askotan: biderkatzeko taulak jakitea oso ondo dago, denbora guztian batzen ez aritzeko. Baina memorizazioak ezin du inoiz ulermena ordezkatu. Era berean, ulermenak ezin ditu gure bidezidor horiek ordezkatu. Bi gauzak konbinatu behar dira; bien arteko oreka aurkitu behar da.
Zein da zoriak matematikan duen rola?
Matematikak zoria aztertzen du. Matematikarekin, zoriaren mende dagoen ezjakintasuna antzeman dezakegu.
Orbita Laika telebista saioak hamar denboraldi daramatza adituen eskutik zientziaren inguruko gaiak jorratzen. Matematiken edertasuna hedatzea da helburua?
Bai. Orbita Laika zientzia programa bat da oro har, ez da matematikakoa bakarrik. Zientzia ospatzen duen programa bat da, eta erakusten digu zientzia kulturaren parte ere badela eta horrela trata daitekeela. Prime time-an dagoen saio bat da, eta audientzia oso ona du. Publikoaren parte handi batek interesa du zientzian, eta zientzia modu eskuragarri, hurbil eta aberasgarrian transmititzeko modua aurkitu dugu.
Nola lortu duzue programak hamar denboraldi irautea?
Ikusleek zientzia programak maite dituztela onartu dute. Gainera, adin guztietako publikoarekin konektatzeko formula egokia aurkitu dugu.
Derivando Youtube kanala sortu zenuen 2007an; orain 1,5 milioi jarraitzaile baino gehiago dituzu. Horrelako harrera espero zenuen?
Ez nuen uste matematika arloko Youtubeko kanal batek hainbeste jarraitzaile izango zituenik. Badakit irakasle askok erabiltzen dutela beren eskoletan.
Matematikako eskoletan irakasleek erabiltzeko edukia sortu nahi zenuen zuk?
Ez. Kanala sortu nuenean, argi nuen ez nituela klaserako matematikak irakatsi nahi, matematiken kultura baizik. Konturatu nintzen diziplinekiko harreman emozionala dugula matematikaren barnean. Ez da soilik ikasketa intelektual bat. Hortaz, nire kanalaren edukia prestakuntza hutsa da, baina publikoa ikuspuntu emozionalago batetik hurbildu dadin nahi dut.
Nola aukeratzen dituzu landuko dituzun gaiak?
Beti egoten naiz adi: gai bila ibiltzen naiz. Matematikoki garrantzitsuak diren gaiak aukeratzen ditut, publikoari zerbait berria erakuts diezaioketen gaiak bilatzen. Berritzaileak, entretenigarriak eta harrigarriak izan behar dute. Kanalean uzten dizkidaten iruzkinak irakurtzen ditut, eta lankideek eta irakasleek gai posibleren bat proposatzen badidate ere kontuan hartuko dut.
Nola egiten duzu agian ulertzeko zailak izan daitezkeen gaiak denen eskura dagoen hizkuntza batera itzultzeko?
Problemak ahalik eta ondoen ulertzen saiatzen naiz, eta besteei zer ikuspunturekin transmitituko dizkiedan zehazten dut. Problemak ulertu behar dira, jendeari interesatzen zaionarekin nola lotu daitezkeen deskubritzeko.
Zer da zenbaki bat? bideoan, zenbakien existentzia zalantzan jartzen duzu. Zer esan nahi du zenbakien izatea eztabaidatzeak?
Askotan, matematika errealitatea moderatzeko lengoaia gisa erabiltzen dugu; horregatik, existentzia hori zalantzan jartzea matematikaren filosofiaren barruan sartzen da. Horrek esan nahi du matematikak bat egiten duela moderatzen duen errealitate horrekin.
«Zein da zure zenbaki gogokoena?» galderari garrantzia ematen diozu. Zergatik?
Bai. Zenbakien aniztasuna handia da, eta, jendeak zenbaki gustukoena izateko ohitura duenez, zenbakiei buruzko gauzak ezagutzeko aprobetxatu beharko luke. Gehienek data bat aukeratzen dute zenbaki gustuko gisa.
Zein da zure zenbakirik gogokoena, beraz?
Adibidez, 27ak grazia handia egiten dit, 2rekin hasi eta 7rekin amaitzen baita, eta 2+3+4+5+6+7 27 da. Horrelako kointzidentziak politak iruditzen zaizkit.
«Pertsona arraroa zara?» galderari matematikak erabiliz erantzuten diozu. Nola erantzuten ahal da matematikoki?
Batzuetan ohikoena dena normalagoa dela iruditzen zaigu, edo ez dela arraroagoa, baina, egia esan, guztiok izan ditzakegun dimentsio desberdinei begiratuta, denok gara arraroak eta denok gara normalak. Gainera, ez du ezer onik, ezta txarrik ere.
Kanalean, historia ere lantzen duzu. Garrantzitsua da matematiken historia ere irakastea?
Oso garrantzitsua iruditzen zait. Bestela, badirudi jakintza matematikoak zerutik erori direla, edozein garaitatik kanpo, eta ez da horrela. Ondo iruditzen zait ezagutza bere testuinguruan jartzea. Beste diziplina batzuk historiari, arteari, filosofiari oso lotuta aztertzen ditugu; zergatik ez matematikak?
Dibulgatzailea izateaz gain, aljebrako ikerlaria ere bazara. Zein da argitu nahiko zenukeen problema?
Matematikari guztiok buruan dugu Riemann matematikariaren hipotesia, horixe baita problema garrantzitsuena, matematikaren adar asko lotzen dituelako. Ez dut uste ebatziko dudanik, baina ebatzita ikustea asko gustatuko litzaidake.