Matematikaria

Judit Muñoz: «Matematikak bizi garen mundua azaltzen du: hizkuntza unibertsala da»

Algoritmoak baliatuz simulazioak egiten ditu Muñozek bere ordenagailuan. Ekuazioak garatzeko «sormen handia» behar dela esan du matematikariak: «Lan artistikoa da, inspirazioa behar baita problemen konponbidea lortzeko».

Judit Muñoz matematikaria
Judit Muñoz matematikaria, algoritmoekin lanean. JUDIT MUÑOZ
itsaso jauregi 2
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Problemak ebaztea betidanik maite izan du Judit Muñoz matematikari eta BCAMeko doktoretza ondoko ikerlariak (Abadiño, Bizkaia, 1991). Hamalau urteko prestakuntzaren ondoren, ikasten jarraitzen du matematikariak, eta emaitza zehaztu gabe duten ekuazioen soluzio posibleak ordenagailuz simulatzen ditu Texasko Unibertsitatean (AEB), sortutako algoritmo matematikoen bidez. Gazte ikerlarien artean dauden erronkei aurre egiteko European Mathematical Society Young Academy taldeko kide izendatu dute, eta hilabetero parte hartzen du antolatutako batzarretan.

Zein da matematikari buruz duzun lehen oroitzapena?

Nire ikasgairik gogokoena zen eskolan: asko gustatzen zitzaidan problemak ebaztea, pentsatzea eta logika erabiltzea. Niretzat, jolasa zen. Oso irakasle onak izan nituen, eta hori eskertzekoa da: matematikak duen edertasuna transmititzeko gai izan ziren. 

Zein da matematikaren edertasuna?

Bizi garen mundua moldatzen du. Jendea ez da horretaz konturatzen, eta guk dugu horren errua: ez dugu behar adina zabaltzen. Matematikak bizi garen mundua azaltzen du; hizkuntza unibertsala da. Oso tresna indartsua da.

Matematika oraindik jolasa da zuretzat?

Bai. Ihes gela bat balitz bezalakoa da: konpondu beharreko logika joko bat bezalakoa. Oso dibertigarria da.

Eta, non daude ihes gelatik ateratzeko behar diren pistak?

Argitaratutako lanetan. Asko irakurri behar dugu, eta ideiak partekatu zientzialari desberdinen artean. Gizartea aldatzen duten aurkikuntzak, adimen artifiziala esaterako, hirurogei urtez ezagunak ziren emaitzetan oinarritzen dira, baina orain teknologia dago ideia horiek aurrera eramateko. Asko jada ezagunak dira, baina antzinako ideia horietara bueltatu behar dugu, gehiago sakontzeko.

«Matematikan milioi bat urterako lana daukagu, hau ez baita inoiz amaituko»

Logikak ez ezik, sormenak ere badu garrantzia zure lanbidean?

Bai. Sormen handia dago, batez ere ikerketan. Bost urteko gradua egin ondoren, master bat egin nuen, eta gero doktoretza bat. Ikerketa lanean hasi nintzenean, eta matematikarekin egin ez nituen gauza berriak egiten hasi nintzen. Matematikan milioi bat urterako lana daukagu, hau ez baita inoiz amaituko. Lan artistikoa da, inspirazioa behar baituzu problemen konponbidea lortzeko.

Begiak itxi, eta ekuazioak ikusten dituzu?

Bai. Gure lanaren alde ona eta txarra da ez dugula ordutegirik, eta, beraz, ez dugu inoiz deskonektatzen. Batzuetan, hilabeteak behar ditugu problema bat ebazteko, eta zerbait bururatzen zait dutxan edo lo nagoenean: azkar batean apuntatzen dut. Ez dugu deskonektatzen, baina problemak ongi ateratzen direnean, oso polita da; irteten ez direnean, ordenagailua leihotik botatzeko gogoa ematen dit.

Noiz izan da «atera da!» oihukatu duzun azkeneko aldia?

Duela hilabete pare bat. Algoritmoak diseinatzen ditut, gero ordenagailua programatzeko, baina batzuetan diseinuak paperean funtzionatzen du, eta ordenagailuan ez. Ez nuen aurkitzen akatsa non zegoen. Azkenean aurkitu nuen, eta zuzendu eta gero funtzionatu egin zuen. Une horiek zoragarriak dira.

Nola eratzen da algoritmo bat?

Teoria matematiko oso indartsua dago algoritmoen atzean; asko ikasi behar da. Ez dugu ia zenbakirik erabiltzen: denak letrak dira.

Algoritmo horiekin simulazioak egiten dituzu. Nola?

Ziurtasunez ez dakizkigun ekuazio batzuen soluzioak ordenagailuz simulatzen ditugu. Simulazio metodoak diseinatzen ditugun algoritmo matematikoak dira; urrats batzuk bezalakoak dira, eta gero hori ordenagailura igaro eta programatu egiten da, eta ordenagailuak simulazio horren emaitza ematen dizu.

Nola jakin simulazioa zuzena dela?

Ordenagailuak ematen duen emaitzak errealitatearekin zerikusirik ez duenean. Gelatina zati bati kolpe bat ematen diozunean, mugitu egiten da; hori ordenagailu batekin simulatu dezakegu. Algoritmoa ondo diseinatuta ez badago, gelatinak eztanda egiten du: hori errealitatean ez da gertatzen. Hor ikusten da zerbait ez dagoela ondo diseinuan. Algoritmoak errealitatearekin probatzen ditugu.

Zer aplikazio dituzte algoritmoek egunerokoan?

Nire taldean, uhin optikoen programazioak lantzen ditugu, zuntz optikoa diseinatzeko. Beste talde batek eguraldiaren aplikazioarekin egiten ditu simulazioak: urakan batek zenbat kalte egin dezakeen aurreikusteko, adibidez. Beste batzuek bihotzeko balbulak diseinatzen dituzte...

«Simulazio metodoak diseinatzen ditugun algoritmo matematikoak dira; urrats batzuk bezalakoak dira, eta, gero, hori ordenagailura igaro eta programatu egiten da, eta ordenagailuak simulazio horren emaitza ematen dizu».

European Mathematical Society Young Academy taldeko kide zara. Zer lantzen duzue zuen batzarretan?

Hilabetean behin elkartzen gara hainbat egitasmo berri proposatzeko. Europako herrialde guztietako 30 gazte biltzen gara; ideiak partekatzeko eta orain hasten ari diren gazteei zer ekarpen egin diezaiekegun pentsatzeko erabiltzen dugu batzarra. Erreferente gehiago sortzeko ideia interesatzen zaigu.

Matematikan erreferente gutxi dagoela uste duzu?

Gaur egun uste dut gero eta dibulgazio lan handiagoa egiten dela erreferenteak sortzeko, eta hori oso garrantzitsua da. AEBetan oso emakume garrantzitsuekin egin dut topo, lan izugarria egin dutenekin. Hurbilago ditudan erreferenteak dira horiek. Duela hiru urte hasi nintzen hitzaldiak eskaintzen otsailaren 11n, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, herri txiki bateko ikertzaile gazte gisa izan dudan esperientziaz aritzeko. 

Zer duzu orain esku artean?

BCAMen proiektu bat eskatu dugu, lo egiten dugunean garunak garbitzeko dituen mekanismoak aztertzeko; lo egiten dugunean, burmuina toxinaz garbitzen da. Erresonantzia magnetikoko irudiak ordenagailuan sartzen ditugu, garunaren 3D modelo bat egiten dugu, eta ekuazio batzuekin burmuineko fluidoak nola mugitzen diren simulatzen dugu.

Zer aurrerapen aurreikusten dituzu?

Adimen artifizialak pauso handiak eman ditu. Lan egiten dugun eremuan oso aukera handia da; egiten ditugun simulazioetarako ez dute batere ondo funtzionatzen adimen artifizialeko algoritmoek, eta horrek esan nahi du lan asko dagoela egiteko. Eremu berria eta zaila da. Adimen artifizialeko algoritmoak eta guk egiten ditugunak oso desberdinak dira.

Hamalau urteko bidaia izan da matematika prestakuntza, eta oraindik hor jarraitzen duzu. Atzera begiratzean, zer sentitzen duzu?

Oro har, oso ondo sentitzen naiz, nire lana asko gustatzen baitzait. Unibertsitatera iritsi nintzenean, pentsatu nuen: non sartu naiz? Institutuan ikasten dena baino askoz abstraktuagoa zen dena. Ohituta nengoen azterketetan ia ikasi gabe 10 ateratzera, eta graduko lehen azterketa ez nuen gainditu. Graduko beste azterketa guztiak gainditu nituen, eta oso gogor lan egin behar zela ikusi nuen. Ibilbidea oso dibertigarria eta gogorra izan da aldi berean. Duela urte batzuk esan izan balidate gaur hemen egongo nintzela, ez nukeen sinetsiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.