Zientzia. Judit Muñoz Matute. BCAMeko matematikaria

«Matematika ikertzen jarraitzea espero dut, ez daukat B planik»

Uhinen hedapenari buruzko ekuazioekin lan egiten du Muñozek, simulazioetarako oinarri matematiko sendoak sortzeko. Vicent Caselles saria jaso du aurten, eta AEBetara joango da urtarrilean.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jakes goikoetxea
Durango
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Matematikako Errege Sozietateak eta BBVA bankuak Vicent Caselles saria ematen diete urtero sei matematikari gazteri. Sarietako bat jaso du Judit Muñozek (Bilbo, 1991). Doktoretza ondoko ikertzailea da BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroan. Eusko Jaurlaritzaren hiru urteko beka bat eskuratu du atzerrian ikasteko —matematikari bakarrari ematen diote urtean—, eta Ameriketako Estatu Batuetara joango da urtarrilean, bi urterako: Texasko Unibertsitatera, diziplinarteko matematika aplikatuetako munduko instituturik onenera. Iaz sei aste egin zituen bertan, eta aurten ere haiekin lanean ari da.

Lan zaila eta abstraktua egiten du, eta erronka da harentzat zertan lan egiten duen azaltzea. «Egunero galdetzen didate, eta ez dut lortzen ulertzea». Kafe kikara, ur botila... erabili ditu teoria matematikoak, ekuazioak eta abstrakzioa ulergarri bihurtzeko.

Nola iritsi zinen matematika ikastera?

Matematika beti izan da nire ikasgai kutuna. Beti ateratzen nituen hamarrekoak eskolan. Gustuko nuen, baina unibertsitateko ikasketak aukeratzeko orduan, zalantzak nituen: ez nekien matematika ikasita zertan lan egin nezakeen. Dena den, argi neukan matematika ikasi nahi nuela, eta hasi nintzen.

Ikasketa horiek nora eramango zintuzten jakin gabe.

Bai. Ikusi nuen unibertsitateko matematikak zerikusi gutxi zuela institutukoarekin. Askoz ere zailagoa da, abstraktuagoa... Eskolan zenbakiekin lan egiten da; unibertsitatean, berriz, alfabetoarekin, letrekin.

Zuk esana da zure unibertsitateko apunteetan hizki gehiago dituzula zenbakiak baino.

Bai. Zenbaki gutxi erabiltzen dira: 0, 1, 2... Letrak erabiltzen dira, alfabetoa, bai latinoa, bai grekoa.

Abstrakzioa lantzeko?

Guk aldagaiekin lan egiten dugu, eta hizki bat aldagai bat da, edozein zenbaki har dezakeena. Kontzeptu abstraktuagoa da.

Noiz erabaki zenuen matematika ikertzaile izatea?

Masterrean, unibertsitateko ikasketak bukatutakoan. Matematika aplikatuari buruzko master bat egin nuen, eta David Pardorekin hasi nintzen lanean [BCAMeko eta EHUko Ikerbasque ikertzailea]. Asko gustatu zitzaidan ikerketan aritzea.

Dena da matematika?

Bai. Matematika dago guztiaren atzean. Fenomeno guztiak dira matematika.

2019an aurkeztu zenuen tesia. Zeri buruz?

EDP ekuazio diferentzial partzialak simulatzeko metodoei buruz. Metodo horiek ingeniaritzan aplikatzeko pentsatuta daude.

Azalduko duzu zer diren metodo horiek?

EDPa izan daiteke uhin ekuazioa, bero ekuazioa, elastikotasun ekuazioa... Ekuazio horiek fenomeno fisiko bat deskribatzen dute: nola zabalduko diren uhinak edo beroa.

BCAMen uhinen hedapenaren simulazioa (SIWP) ikerketa lerroan lan egiten duzu. Zertan?

Uhinen hedapenen problemak simulatzen ditut ordenagailuan. Uhin ekuazioekin lan egiten dut.

Alegia, BCAMek Uhinen Hedapenaren Simulazioari buruzko ikerketa lerro bat du. Hain garrantzitsua al da? Zergatik?

Uhinek aplikazio asko dituztelako. Adibidez, geofisikan, petrolio enpresek asko erabiltzen dute simulazioak egiteko, gero lurretik petrolioa ateratzeko. Uhinak bidaltzen dituzte lur azpian zehar. Bueltan seinaleen hargailuetan jasotako balioen arabera, badakite zer material dauden. Hori guztia egin aurretik, ordea, ordenagailuan simulatzen da, material ezberdinekin, gero material errealekin alderatzeko.

Sistema horiek ez daude jada garatuta? Petrolio konpainiek urte asko daramatzate lanean.

Bai. Simulazioak asko landu dira, baina, orain, esaterako, BCAMeko gure taldean simulazioak adimen artifizialarekin egiten hasi gara. Beste mundu bat da.

Uhinen hedapenaren simulazioaren garrantziaz jabetzeko beste adibiderik, herritarren eguneroko bizitzatik gertuagokoa?

Medikuntzako tresnetan asko erabiltzen da. Erresonantzia elektromagnetikoa, adibidez, uhinak dira. Tresna horien diseinuaren atzean, azkenean, uhin ekuazioak daude. Ultrasoinuetan ere bai. Uhin horien simulazio metodoak garatzen ditut.

Zure arloa guztiz teorikoa da.

Bai.

Nola egiten duzu lan?

Aurrena paperean lan egiten dut. Uhin ekuazioa daukat, lerro bat.

Ekuazio hori unibertsala eta ezaguna da.

Bai. Nire lana da metodo bat garatzea ekuazio orokor horren soluzioak simulatzeko. Adibidez, lurrean material eta geruza asko baldin badaude, ez dakigu zehaztasunez uhinek haietan nola bidaiatzen duten. Simulatu egin behar da. Nik metodo bat garatzen dut, eta kode bat sortzen dut, gero edozein materialekin simulatu ahal izateko. Beste talde batek metodo hori aplikatu egingo luke gauza zehatzekin simulazioak egiteko. Benetako problemak ebazteko superordenagailuak erabiltzen dituzte.

Eta hasierako ekuazioak zer-nolako garapena izaten du?

Paperean ekuazioa jartzen dut, eta formula bat aplikatzen diot, gero bestea... oso zaila da. Formulak eta formulak dira. Bukaeran formula batzuk ditugu, eta horiek dira programatzen direnak, ordenagailuan sartzen direnak.

Algoritmoak sortzen dituzue?

Algoritmo bat programatzen dugu.

Lan zikina egiten diezue ingeniariei?

Ingeniaritzan, gauzak diseinatzeko, aurrena simulazioak egiten dituzte ordenagailuan. Baina ordenagailuen simulazio hori egiteko, aurrena, teoria matematiko bat landu behar da. Guk teoria matematiko horiek garatzen ditugu. Zeren, papereko formulak ez badaude ondo, simulazioa ez da ondo aterako, ez da erreala izango. Hala ikusten dugu egunero. Formulak ondo egiten ez baditugu, simulazioetan soluzio ez fisikoak atera daitezke. Horregatik, formulek eta haien atzean dagoen teoria matematikoak oso ondo landuta egon behar dute.

Merkeagoa da aurrena matematikan inbertsioa egitea, laborategian probekin eta akatsekin hasi aurretik?

Ideia ona da aurrena ordenagailuan simulatzea.

Normalean zure simulazioak onak dira?

Bai. Simulazio zehatzekin hasi aurretik, problema errazekin probatzen da. Izan ere, problema errazekin funtzionatzen ez badu, simulazioan ere ez du funtzionatuko benetako problemekin. Funtzionatzen badu, aplikatzen dute. Normalean funtzionatzen dute.

Zer garrantzi du ikerketa matematikoko Vicent Caselles saria jasotzeak?

Oso pozgarria da saria jasotzea. Arlo guztietako matematikariak aurkeztu daitezke, eta ni izan naiz aukeratuetako bat.

Sariak ezagunago egin zaitu. Sariaren helburua ikertzaile gazteei bultzada bat ematea da. Zu bultzatuko zaitu?

Nire curriculumean jarri ahal izango dut, eta beka bat eskatzekoan puntu asko emango dizkidala uste dut.

Dirurik?

2.000 euro. Dirua baino gehiago, harrotasuna da. Gainera, meritua ez da bakarrik seietako bat izatea, baizik eta aurkeztu ahal nintzen lehen urtean, 28 urterekin, eman didatela. 28tik 30 urte arteko ikertzaileak aurkez daitezke.

Eta zenbat eta helduagoa, orduan eta curriculum beteagoa izateko aukera.

Horixe. Ez nuen espero lehen urtean ematea.

Berez, martxoan AEBetara joatekoa zinen, Texaseko Unibertsitatera: Austingo Oden Institute for Computational Engineering and Sciences institutura. Urtarrilean joango zara.

Bi urterako joango naiz. Eusko Jaurlaritzaren hiru urteko beka bat jaso nuen atzerrira joateko. Lehen urtea Euskal Herrian egin dut, eta hurrengo biak AEBetan egingo ditut. Iazko udan egonnintzen han, sei astez lan egiten.

Zer moduz?

Oso ondo. Diziplinarteko matematika aplikatuen munduko instituturik onena da.

Leszek F. Demkowicz matematikariak zuzentzen du.

Lehen egunean esan zidan arbelean nire lanaren aurkezpen bat egiteko. Bi orduko aurkezpen bat izan zen, eta galderak eta galderak egin zizkidaten. Gainditu nuen.

Zer esan nahi du zuretzat harekin lan egiteak?

Ikasketa amaigabea. Sei aste horietan pila bat ikasi nuen. Ikusgarritasun pixka bat emango dit, oso ona izango da harekin batera artikuluak argitaratzea.

Zer lan egin zenuen?

EDPen simulazio metodo zehatz bat daukate, haiek garatutakoa. Iazko sei asteetan haien metodoa ikasten aritu nintzen. EDP jakin batzuetan aplikatzeko garatu dute, eta nik lan egingo dut beste ekuazio batzuentzat ere garatzeko. Jada hasi naiz.

EHUn ikasi duzu matematika. Iaz Emakunderen babesarekin kaleratutako ikerketa baten arabera, EHUn emakume gehiagok ikasten dute matematika gizonek baino, baina askoz ere emakume gutxiago daude matematika departamentuetako goi mailako postu akademikoetan. Zer iruditzen zaizu?

Klasean gehienok emakumeak ginen. Nik ere ikusi dut errealitate hori. Ez dut ulertzen. Nik matematika aplikatua ingeniaritzan lantzen dut. Beti izan naiz emakume bakarra: BCAMen David Pardoren taldean [orain hiru dira], Austinen... Kongresuetan ere %10 gara. Gizarteak barneratuta du historikoki ingeniaritza gizonen mundua dela, eta aldatu behar da. Emakumeok gai gara ingeniaritza lana egiteko, jakina.

BCAMen ere sekulako aldea dago: 2018ko datuen arabera, 119 ikertzailetik %77 gizonak eta %23 emakumeak ziren.

Zaila da ikertzaile lana eta bizitza pertsonala, familia bizitza, uztartzea: ordu asko, bidaiak... Hori izan daiteke arrazoi bat.

Zer etorkizun espero duzu?

Matematika ikertzen jarraitzea. Ez dut B planik. Oraingo beka hiru urtekoa da. AEBetatik bueltatutakoan beste beka bat lortu beharko dut.

Beken mende zaude, beraz. Noiz arte?

Ikertzaileontzat sekulako arazoa da egonkortasuna oso berandu heltzen dela. Orain hiru urteko beka bat, gero beste bat... Postu finko bat lortzerako agian 40 urte izango ditut. Gainera, horretarako meritu asko behar ditugu: argitalpen asko eta lan asko. Azkenean, merituen bidez lortuko dugu egonkortasuna. Orain lan pila bat egin behar dut bekak lortzeko.

Bizitza pertsonala baldintzatuta. Nola egiten duzu?

Inprobisatzen. Zalantza asko dauzkagu.

Lana bizitzaren gainetik jarriz.

Agian bai. Zenbat eta argitalpen gehiago, aukera gehiago edukiko ditut beka bat lortzeko. Horregatik, lan pila bat egiten dugu.

Ez duzu planteatzen ikerketa uztea.

Ez.

Esklerosi anizkoitza diagnostikatu zizuten. Nola baldintzatzen du zure eguneroko bizitza? Eta zure ikertzaile ibilbidea?

Eguneroko bizitza ez dit baldintzatzen. Arazo gehienak bidaiatzeko sortzen dizkit. Orain pilulak hartzen ditut. AEBetan, gehienez, sei hilabeterako botikak sartu ditzaket. Beraz, urtean bitan Euskal Herrira bueltatu beharko dut, kontrolak egitera eta botikak jasotzera. Izan ere, AEBetan nire tratamenduak 2.000 dolar balio ditu hilean [1.700 euro inguru]. Urtean behin erresonantzia magnetiko bat ere egin behar dut. Auskalo zenbat balio duen AEBetan. Ezin dut hori ordaindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.