ATZEKOZ AURRERA. Felix Arrieta. Deustuko Unibertsitateko irakaslea

«Mataza bat dira gizarte zerbitzuak»

Inor gutxik aipatzen duen eta aipatu nahi duen gai bati heldu dio Felix Arrietak: gizarte zerbitzuen antolaketa eredua berritu beharrari. Osakidetzaren edo hezkuntzaren pareko egitura bat proposatu du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Urduri antzean zegoen atzo Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko Departamentuko irakasle eta politologoa (Donostia, 1982), ez elkarrizketagatik, liburu aurkezpenagatik baizik. Arratsaldean aurkeztu baitzuen jendaurrean El archipiélago del bienestar. Los servicios sociales en el País Vasco (Ongizatearen artxipelagoa. Gizarte zerbitzuak EAEn), bere tesiaren bertsio gaurkotua.

Liburuan jasotako iritzi baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarte politikei buruzko aditu guztiak txoko batean, elkarte batean, sartzen dira. Horietako bat da Arrieta. Liburua euskaraz ere argitaratu ahal izateko lanean ari da.

Liburua katuari kaskabiloa jartzeko ahalegina al da?

Ezinbesteko eztabaida bati heltzeko saiakera da. Duela 40 urte hartu ziren erabaki batzuk, orduko testuinguruan, eta aldarrikatzen dut gure belaunaldiak ere eskubidea izan behar duela horri buruz hitz egiteko eta hura aldatzeko. Duela 40 urte gizarte zerbitzuek zeukaten garrantzia txikiagoa zen. Gizarte zerbitzuen gaur egungo antolaketa ereduak ez du balio. Hori eztabaidatzea gustatuko litzaidake.

Aholkulari izan zinen Gipuzkoako Foru Aldundian, 2007tik 2011ra. Autokritika ariketa bat ere bada liburua?

Zalantzarik gabe. Behin sistemak nola funtzionatzen duen ikusita, nik neuk egindako hausnarketa da.

Gizarte zerbitzuak zentralizatu nahi dituzu: Eusko Jaurlaritzaren esku utzi eta hezkuntza sistemaren edo Osakidetzaren pareko bat sortu.

Gizarte zerbitzuetan ez daukagu eredu bat, hiru dauzkagu: Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. Gainera, horrek ematen digu gizarte zerbitzuetara sarbidea: gure arabartasunak, bizkaitartasunak edo gipuzkoartasunak. Hori aldatu egin behar da, eta proposatzen dut eskuduntzak batzea, komuna den erakundean, Eusko Jaurlaritzan. Eskuduntzak bat egiteak ez du esan nahi zentralizatzea.

Lurraldeka egindako antolaketak ezberdintasunak sortzen ditu herritarrek jasotzen dituzten gizarte zerbitzuetan. Adibideren bat?

Mutriku [Gipuzkoa] eta Ondarroa [Bizkaia], ondoan dauden bi herri, baina lurralde ezberdinetakoak. Adinekoen eguneko zentro batera joateko gehienezko kostua Mutrikun 16,5 eurokoa da, eta Ondarroan 52,09koa. Halakoak saihestu beharko genituzke.

40 urtean mataza erraldoi bat sortu da gizarte politikekin eta zerbitzuekin. Ez al da bihurtu egituraketa bera, mataza, arazo konponbiderako?

Bai. Jende askok esan dit jada ezin direla aldaketa horiek egin. Aldatzeko borondatea eta nahi dugun sistemari buruzko eztabaida publikoa behar dira.

Badago txokokeria? Erakunde bakoitzak bere eskumena eta bere dirua babestu nahia?

Neurri batean, bai. Diputazioekin eta udalekin gertatzen da. Txokokeria horiek plangintza komun baten pean egon behar lukete.

Aldaketak ez luke hain zaila izan behar, EAJk gobernatzen baititu eta gobernatu izan baititu erakunde gehienak, ezta?

Ez dut uste alderdi kontua denik. Gizarte zerbitzuen kasuan erakundeak ezartzen du diskurtsoa, ez alderdiak. Eta beste alderdi batzuk egon direnean ere, eztabaidaren egoera ez zen konplexuagoa.

Alderdi politikoak dira liburuko kritikatuenetakoak, proposamen faltagatik.

Orokorrean, alderdi barruko pertsona batzuk kenduta, alderdi gisa, ez dute gizarte zerbitzuen eredurik. Hori sakondu beharko litzateke.

Baina adierazpen publikoetan beti aipatzen dituzte gizarte zerbitzuak.

Eredu bat izatea hori baino gehiago da. Sakoneko hausnarketa falta da: pertsonentzat zer egin nahi dugun eta antolaketa aldetik nola egituratu nahi dugun. Eusko Legebiltzarrak izan behar du horretarako lekua.

Gizarte zerbitzuen matazak zaildu egiten du kudeaketa. Ez al da jarri behar herritarra erdigunean eta ez al dira gizarte zerbitzuak haren arabera antolatu behar?

Hori pasatu da gizarte zerbitzuetan eta politika publikoen sistema guztietan. Gizarte zerbitzuak mataza bat dira, eta hara jotzen duen pertsona matazan galduta sentitzen da. Sekulako nahastea da. Jendeak ez du identifikatzen sistema gisa. Egitura ez dugu pentsatu pertsona erdigunean jarrita, erakundeak erdigunean jarrita baizik. Aldatu behar da. Ezin dugu jendea erotu. Sistema hutsetik hasi beharko bagenu, ez genuke horrela egingo.

Gizarte politiken eta zerbitzuen ardura politikoa dutenek harreman zuzena izango balute laguntza jasotzen dutenekin, laguntzak beste era batekoak izango al lirateke?

Ez dut uste distantzia hain handia denik. Sistemak emaitzak izaten ditu, baina badaude erronkak elkarrengana gerturatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.