Osasuna. Sexologia

Masturbatzen

2014ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Zelango plazera neure gorputzari, neure senari, neure barrenari, neure Ni-ari… gozamen zoragarri hau oparitzea… Merkea, goxoa, gure esku dagoena, lasaigarria, denbora-pasa ederra, arina edota luzea, gozagarria, inoren menpe ez dagoena, sutsua edo sotila, logura eragiten duena —Orfidalek baino hobeto—.

Gure gorputzarekin bat egiteko goxoa, eredu estetikoak indarrik ez duen lekua, lizunkerian trebatzeko eremua, inoiz beteko ez ditudan fantasietan galtzeko astia, bakardade kitzikagarrian gozatuz, neure azaleko izkinak arakatzeko eta ikertzeko parada ezin hobea, gorputz tximurtuan olatu gozagarrietan berriro ere gaztaroa dastatzeko aukera paregabea, irribarre bat aurpegian jartzeko, barneko indarra ateratzeko, neure leku intimoan galtzeko, lagunarekin partekatzeko edo bera sutan jartzeko...

Zelan sor lezake horren gustagarria den jokabide batek horrenbesteko nahasmena?

Plazerari lotutako ia guztia eta, batez ere, plazer erotikoarekin lotuta dagoen edozer betidanik moral desberdinen jomugan izan da. Egun ere nonahi daude gozamenari buruzko iritzi moralak, batzuetan modu sotilean izaten badira ere.

Gure mendebaldeko gizartean bi akatsek lagundu zuten masturbazioari buruzko interpretazio ezkorrak orain arte dauka eragina izaten. Seguru asko bestelako interesak ere egongo ziren, eta egongo dira, baina gaurkoa ez da horretarako eguna.

Akats teologikoa: Testamentu Zaharrean agertutako atal baten interpretazio okerra.

Onan anaia zenaren alargunarekin batu zen. Andrea haurdun gera ez zedin, eiakulatu baino lehenago zakila baginatik ateratzen zuen (coitus interruptus). Jokaera horrekin Onanek hebrear legea apurtzen zuen, legeak behartzen baitzuen Onan umeak izatera.

Onanen jokabidea eta masturbazioa ez dira gauza bera, baina ez batak ez besteak ez du ugaltzeko balio. Oraindik ez dakigu Onan masturbatzen zen ala ez, baina interpretazio okerrak iraindu zuen sexu jokaera hori, baita onanismo izenarekin bataiatu ere. Onartutako sexu jokaera bakarra koitoa zen, helburu inportante batekin: umeak edukitzea. Plazera bideratzeko ziren bestelako sexu jokaerak onartezinak ziren, eta, beraz, zigortuak.

Judu kristauen Erdi Aroko penitentzietan asko ziren masturbazioari buruzko berbaldiak eta idatziak. San Tomas Akinokoak berak ere argi zeukan masturbazioa koitoa baino bekatu handiagoa zela.

Akats zientifikoa: XIX. mende hasieran, Tissot jaunak eman zion masturbazioari bigarren interpretazioa —nerbioen gaixotasunetan espezialista zen mediku suitzar hori—.

Tissot jaunak Lausanneko psikiatriko batean lan egiten zuen, eta konturatu zen bertako paziente gehienak masturbatzen zirela. Tissotek pentsatzen zuenez herritar normal gehienak ez zirela masturbatzen, ondorioztatu zuen onanismoa edo masturbazioa zela berak ikusten zuen gaixotasun guztien zergatia.

Askotan oraindik entzuten da erdi bromatan edo erdi serio masturbatuz gero hainbat gaitz fisiologiko zein psikologiko gerta daitezkeela. Egun, beste modu batzuetan agertzen badira ere, harritzekoa da orain arte zelan mantendu diren interpretazio horiek.

Espero dezagun gure gorputzaren senaren oihartzunari, garrasi isilei, taupada txikiei kasu egitea guztiaren gainetik; bidea ematea, eta norberak topa ditzala bere egiteko erak, inoren mapan agertzen ez badira ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.