«Benetako gizonek haragia jaten dute». Ahoz aho igarotako esaldia Daniel Rosenfeld eta Janet Tomiyama psikologoen belarrietara iritsi zen, eta, horrek sortutako galderak erantzuteko asmoz, lanean hasi ziren. Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) psikologoek aztertu nahi zuten ea harremanik dagoen genero rol tradizionalen eta haragia kontsumitzearen artean, eta 18 eta 88 urte bitarteko gizonak elkarrizketatu zituzten. Elkarrizketatuek haragia kontsumitzen zuten ia egunero, eta ez zuten hori murrizteko asmorik; beganismoari mespretxuz begiratzen zioten askok. Gizontasunari eusteko nahiaren ondorioz hartutako erabakia zela azaldu zuten psikologoek. Beraz, ikerlariek ondorioztatu zutenez, «benetako gizonek haragia jaten dute» esaldiaren atzean sakonki errotutako hiru kontzeptu daude: boterea, maskulinitatea eta gizarteak norbera gizon gisa hautemateko nahia.
Maskulinitatearen hiru oinarri horiek ere aztertu zituen Carol J. Adams idazleak bere liburuan: The sexual politics of meat (Haragiaren politika sexuala; 1990). Idazlearen arabera, haragiaren kontsumoak gizontasun indibiduala eta soziala neurtzen ditu: «Uste da gizon langileak haragia behar duela indartsua izateko; animalia indartsuen giharrak janez, indartsua izango da. Kultura patriarkalaren arabera, haragiak indarra sustatzen duenez, maskulinitatearen ezaugarriak lortzeko gizonezkoen elikagai horiek jan behar dira». Indartsuak izateko, gizonek haragia kontsumitu behar dute, beraz.
Indartsu izateko nahiaren parean beste gorputzak menderatzeko nahia dago, Adamsen arabera. Haren ustez, emakumeen eta gizakiaz besteko animalien gorputzak objektu bihurtzen dira testuinguru patriarkalean; produkzio eta kontsumo tresna huts bilakatzen dira. Horrekin ados dago Maialen Sagues Nor talde antiespezistako bozeramailea: «Zoritxarrez, kontsumitu daitezkeen gorputzak sortu dira sistema honetan; hori da animaliek eta emakumeek dugun puntu komunik esanguratsuena. Dena produktu bihurtzen den kapitalismoan, gorputzaren jolas horretan sartu gara».
Gorputz zatiak
Jolas horretan, galtzaileak «betikoak» dira, Saguesen arabera: subjektu hegemonikoaren profiletik kanpo geratzen direnak. Maskulinitate hegemoniko hura suntsitzeko lan egiten du Emagin elkarteko Asier Arizkorreta antiespezistak, eta bere tailerretan parte hartzen duten gizonei galdera hau egiten die: zer da indartsu izatea? Estereotipo maskulinoekin zerikusia duen guztia da erantzuna: «Indartsu egoteko haragia kontsumitu behar da? Indarra adierazteko haragia kontsumitu behar da. Haragiak ez zaitu indartsu egiten, baina boterearen adierazlea da».
Boterearen eta animalia gorputzak kontsumitzearen arteko harremana publizitatean islatzen da askotan: «gizonentzako puskak» edo «heroiaren ogitartekoa» eta antzeko esamoldeek lekua aurkitu dute telebistetan eta aldizkarietan, eta gehiago indartzen dute bi elementuen arteko lotura.
Hala ere, esamolde horiek ez dira erabiltzen jaki beganoak deskribatzeko, soilik haragia dutenak aurkezteko baizik. Adamsen arabera, barazkiak emakumeen janari gisa ikusten dira, eta horregatik mespretxatzen dituzte gizonek; haragia elikagai ordezkaezintzat jotzen da oraindik, idazlearen arabera: «Landareek bere tokiarekin konformatu beharko dute, eta debekatua dute haragia tronutik kentzea. Azken finean, emakumeen elikagaiei boterea eman al dakieke emakumeak errege izan ezin badira?».
Publizitatea gizartearen ispilua dela azaldu du Estitxu Garai EHUko Publizitate irakasleak, baina estereotipoak muturrera eramanez: «Iragarkietan, haragia gordina ateratzen dute, odoltsua. Asoziazio hori osolotuta dago gizonaren eraikuntzarekin, indarkeriaren bitartez beste gorputzak menderatzeko nahia gizonaren eraikuntzaren parte baita».
Indarkeria horren biktimek beren gorputzetan pairatzen dituzte ondorioak, Emagineko Arizkorretaren arabera: «Objektu pasiboekin nahi duguna egin dezakegula uste dugu. Animalia objektu bihurtzeko ekintza horrek zera sortzen du, gorputz zatien banaketa». Animaliak, beraz, bere izena galtzen du, eta bere gorputzeko atalena soilik hartu: urdaiazpikoa, hanburgesa, bularkiak eta halako goitizenek gizakiaz besteko animalien izena ordezkatzen dute. «Sarraskiaren bidez, animaliak erreferente absente bihurtzen dira. Animalien izena eta gorputza desagertzen dira; absente dira abere gisa, haragi gisa existitzeko», azaltzen du Adamsek bere liburuan.
Animalia izateari utzi eta haragi bilakatzeko trantsizio horretan, kirol gisa aurkezten den ekintza batek hartu du protagonismoa: ehizak. Saguesen arabera, ehizak naturaren gaineko kontrola irudikatzen du; batez ere, gizakiaz besteko animalien gaineko kontrola. Gizonak dira gehienetan botere horren jabe, eta haiek erabakitzen dute bizitza bat noiz bukatzen den, bozeramailearen ustez: «Ehizan, gizonek talde bat sortzen dute, elkarrekin biolentzia eragiteko; beste gorputzen gainean biolentzia eragitea eta kontrolatzea zaletasun bihurtu dute».
Gero, gizakiaz besteko animalien gorputzak hartu, eta etxera eramaten dituzte. Genero rol tradizionalei eutsiz, emakumeek kozinatzen dute gehienetan haragia; hala ere, parrilla da salbuespena. Sua, beroa eta boterea biltzen dira egoera horretan, Arizkorretaren ustez: «Gutxitan ikusten ditugu gizonak egunero kozinatzen, baina, lagunartean parrilla bat dagoenean, mantala jartzen dute». Parrillan tipulak, orburuak eta txanpiñoiak ikustea ez da ohikoa, eta, berriz ere, haragia da bilera horren protagonista. «Hor ikusten da lotura bat dagoela maskulinitatearen eta kontsumitzen denaren artean», azaldu du Emagineko kideak.
Haragia erdigunean dagoen ekitaldi sozialetan, gizonak dira protagonista nagusiak, Garairen ustez, kozinatzen duten egun horretan laudorioak jaso nahi dituzte eta: «Emakumeek eremu pribatuan kozinatzen dute, eta horrek, normalean, aitortza sozial txikia dauka. Gizonek lagun artean kozinatzen dute, parrilletan eta Euskal Herriko elkarteetan, aitortza soziala jasotzeko asmoz».
Maskulinitatearen eredu tradizionalaren aurka egiten duten gizon antiespezista eta beganoei soy boy (soja mutila) goitizena eman izan zaie, haien identitatea zalantzan jartzeko asmoz. «Noski, maskulinitate hegemonikoak kritikatu egiten ditu gizon beganoak; gizon bat zara, edo gizon gisa irakurtzen zaitugu, eta ez zara betetzen ari zure identitateari atxikitutako estereotipoak», esan du Arizkorretak.
Goitizen horien atzean genero rolei eusteko estrategia «oso argia» dagoela azaldu du Garaik: «Maskulinitatearen eraikuntza hegemonikotik ateratzen den horri egur sinbolikoa ematen zaio; gutxietsi egiten da, eta etengabe mespretxatu. Horrek funtzio sozial jakin bat dauka: inor ez mugitzea patriarkatuak ezarri dion tokitik». Haragiari uko egiteagatik gizonaren sexualitatea ere zalantzan jartzen dela adierazi du Saguesek, normatik atera den gizona izateagatik.
Erabaki politikoa
Saguesen hitzetan, elikadurari buruz hitz egiterakoan «ezinbestekoa» da botere harremanez hitz egitea, eta, haren ustez, gizartearen egitura zalantzan jartzea izan beharko litzateke antiespezismoaren helburua: «Kontua ez da dieta begetal bat edukitzea edo ez, baizik eta ezbaian jartzea zer-nolako harremanak ditugun eta sistema honetan nola sortzen diren egiturak. Hori zalantzan jartzeko, antiespezista izan behar da».
Gizakiaz besteko animaliak edo barazkiak jan, maskulinitatearen sustraiak sakonak dira, eta antiespezisten artean gaia landu beharra dagoela adierazi du bozeramaileak: «Gizontasun berriak sortzen ari diren heinean, jokabide asko aldatu behar dira oraindik; begano izateak ez zaitu aldentzen tradizioan oinarritutako maskulinitatetik».
Gizon antiespezistek maskulinitatea deseraikitzeko bidea abiatu behar dutela esan du Arizkorretak. Hala ere, haren iritziz, lan «handia» egin behar da eredu tradizionalaren «zama» gainetik kentzeko: «Tradizioak aldatzen hasi behar dugu, askotariko jokaerak bizitzen, eta horiek guztiak baliagarritzat jotzen eta errespetatzen».
Maskulinitatearen mamia
Gizontasunaren eredu tradizionalaren oinarriak ikertu dituzte hainbat ikerlarik: boterea, indarkeria eta beste gorputzak kontrolatzeko nahia dira horietako batzuk. Gizakiaz besteko animaliak kontsumitzea maskulinitatearen euskarria dela argudiatzen dute antiespezistek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu