Arlo akademiko, profesional eta pertsonalean feminismotik edandu beti Egoitz A. Albenizek (Hernani, Gipuzkoa, 1988). «Marika» gisa definitzen du bere burua, eta identitate horren eta maskulinitatearen arteko gurutzaketa hausnarketa gai izan du. Emagin elkartearekin eskolak ematen ditu, eta otsailean Gora Iruñeak antolatu duen Gizonezkoentzako desboteretze tailerrak gidatuko ditu, Iruñean.
Zeri deitzen zaio gizonezkoen desboteretzea?
Gizonezkook gure pribilegioen kontzientzia hartu, identifikatu, eta uzten saiatzea; beste rol batzuetan egoten ikastea. Horretarako, gure identitate maskulinoa kokatu behar dugu; izan ere, maskulinitate hegemonikoarekin oso kritikoak izan gaitezke, baina, praktikan, pribilegioei eusten diegu.
Nolakoa behar du izan desboteretze prozesuak?
Bi zati izan behar ditu. Batetik, alde pertsonala: kontzientzia hartzea gizonezko gisa, eta ikusi gure identitatea mantentzeak eragiten duela gure inguruko emakumeekiko edo gorputz anitzekiko indarkeria. Eta, bestetik, alde kolektiboa: hausnartzea, alternatibak bilatzea. Prozesuak ezin dira geratu maila pertsonalean, autolaguntzan.
Beste gauza batzuk eskatzen diren indar berarekin exijitu behar zaie desboteretzea gizonei?
Bai, gizonak ari garelako diskurtso feminista nahiko modu lotsagabean geureganatzen, horrek lasaitasun sentsazioa ematen digulako. Horrela, geure buruan, oso modu arrazionalean, dena desmuntatzen hasten gara, baina egunerokoan ez dugu ezer aplikatzen. Kontraesan handia dago hor, eta hori aldatzea desboteretzearen parte da: nola eramango ditugu diskurtso horiekherri mugimenduetara? Eta gure lagunartean, nola bukatuko ditugu botere harremanak?
Maskulinitate hegemonikoak eta bazterrekoak existitzen dira?
Gaur egun, batez ere bazterreko ezkerreko mugimenduetan, maskulinitate hegemonikotik ihes egiten hasi den jendea dago, beste maskulinitate modu batzuk nahiago dituena; eta maskulinitate eredu berriei buruz hitz egiten hasi dira. Nire ustez, berriz, eredu horiek beti existitu izan dira, baina beste espazio batzuk izan dituzte. Baina, azkenean, boterea mantentzeko sortzen diren identitate maskulinoak baino ez dira.
Toki berera heltzen dira, beraz?
Eta toki berean geratzen dira. Tesia-antitesia-sintesia da: hegemoniak beti dauka kontra-hegemonia bat, eta bien borrokatik ateratzen da sintesia, hegemonikoaren eredua erreproduzitzen duena. Maskulinitate berriek agian ez daukate argi pribilegioak eta botere posizioa mantendu nahi dituztenik, baina mantendu egiten dituzte.
Zein izan behar du gizonezkoen jokaerak mugimendu feministan?
Mugimendu feministaren subjektu protagonista emakumea da; gizonezkook arretaz begiratu behar diegu haien aldarrikapenei. Parte pasiboa tokatzen zaigu; atzeragoardian egon gaitezke, laguntzen, baina ez abangoardian.
Gizonezkoen lana feminismoaren ekarpenak barneratzea da, beraz?
Bai, kontzeptuak barneratzea eta, batez ere, praktikan jartzeko formulak bilatzea. Bide asko egon daitezke: agian aukera bat da kalera makillatuta ateratzea eta besteen begiraden bitartez zure gizon pribilegioak desegiten ikustea.
Militantziaren esparrua landuko duzu. Maskulinitate hegemonikoan oinarrituta dago?
Erabat. Espazio militante guztiak maskulinoak dira, bai forman, baita pertsona kopuruan ere. Eta militantzia eredu horiek politika eredu maskulinizatuak sortzen dituzte: politika gisa ulertzen da konfrontazioa, zentzu biolentoan, eta ez, adibidez, zaintza lana.
Emakumea espazio publikoan sartuz joan den heinean, militantzia modu berriak sortu dira?
Bai, sortzen ari dira, mugimendu feministaren lana oihartzuna izaten ari delako. Bestela, adibidez, prestatzen ari diren grebak ez luke horrenbesteko oihartzunik izango. Baina ezin gara erlaxatu. Mugimendu feministaren militantzia ereduei begiratu behar diegu: agian sartu behar dugu gure bilera guztietan emozioei lotutako zati bat, adibidez.
Jaien eta tradizioen gaia jorratuko duzu. Eredu bera bultzatzen dute?
Bai. Historikoki esparru publikoa gizonezkoena izateak eragin du jai eredua maskulinoa izatea. Zein gorputz jartzen dira plazaren erdian? Zein identitate goresten dira? Horiek ezbaian jarri nahi ditugu. Lanketa handia egin behar da, eta, hala ere, erresistentzia biolentoa jarriko dute. Gainera, ekintzak aldatuta ere, maila sinbolikoa hor dago: emakumeak plaza hartzen badu, haren gorputzari buruz egingo den analisia matxista izango da.
ATZEKOZ AURRERA. Egoitz A. Albeniz. Emagineko kidea
«Maskulinitate eredu berriek mantendu egiten dute hegemonikoa»
Feminismoaren ekarpenak barneratzea eta egunerokoan txertatzea da gizonezkoen eginbeharra, Albenizen ustez. Horretarako, nahitaezkotzat jo du beren pribilegioak identifikatzea eta horiek uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu