Maskararen atzekoa ikusaraztearen beldur

Inpostorearen sindromea pairatzen dutenek zailtasunak dituzte beren gaitasunak eta lorpenak modu errealista batean ebaluatzeko. Sindromea emakumeen artean dagoen fenomenoa da batez ere; egunen batean ematen duen bezain trebeak ez direla agerian uztearen beldur dira.

BERRIA.
itsaso jauregi 2
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Egunero bezala, Pauline Rose Clance psikologo estatubatuarra Ohioko unibertsitateko ikasgela batean sartu zen. 1970eko hamarkada zen, AEBak. Bere mahaiaren aurrean eseri, eta ikasleen zurrumurruak entzuten hasi zen: azterketa ez zutela gaindituko, ikasgelan akats baten ondorioz onartu zituztela, irakasleak engainatu zituztela zirena baino argiagoak zirela pentsa zezaten... Batez ere emakumeen ahoetatik ateratzen ziren hitzak bere sentitu zituen Clancek, eta Suzanne Imes lankideari fenomenoa ikertzeko proposatu zion. Esan eta egin. Norberaren lorpenak zalantzan jartzeko joera hura izendatzeko, ikasle bati entzundakoan oinarritu ziren: «Inpostore sentitzen naiz, hemen, pertsona azkarren artean».

Inpostorearen fenomenoa 1978an izendatu zen lehendabiziko aldiz, Clancek eta Imesek argitaratutako artikuluan: The Imposter Phenomenon Among High Achieving Women: Dynamics and Therapeutic Intervention (Inpostorearen sindromea arrakasta handiko emakumeen artean: dinamikak eta esku hartze terapeutikoa). Ordutik, emakumeei loturik dago zuzenki fenomeno hori, eta sindrome abizena bereganatu du denboraren poderioz.

Lan horretan, psikologoek ondorioztatu zuten emakume gehienek uste zutela haien arrakasta iruzurra zela, eta egunen batean maskara kenduko zietela, haien «benetako» aurpegia agerian utziz. Inpostorearen sindromea joera psikologiko bat dela azaldu du Beatriz Oronoz psikologoak; hau da, ez du zertan patologikoa izan behar: «Nahiz eta eskolan nota onak izan, emakume horiek pentsatuko dute azterketa oso erraza izan dela, edo zorte handia izan dutela; baina ez dira gai pentsatzeko haien gaitasunei esker izan dela».

Binarismoan oinarritutako gizartean, mutilek eta neskek beren gaitasunak aitortzeko duten bestelako joeran sakondu zuen David Dunning Cornelleko Unibertsitateko (AEB) Psikologia irakasleak. Gizonek, azterketa batean nota baxua ateratzen zutenean, esaten zuten proba zaila izan zela; emakumeek, berriz, gutxi ikasi zutela edo ez zirela behar bezain trebeak. Kanpoko-barneko atribuzioa deritzo horri, eta inpostorearen sindromearen oinarrietako bat da.

Perfekzionista izatea, lorpenak mespretxatzea, beste batek lana merezi zuela uste izatea edo zorte hitza gehiegi erabiltzea dira sindromearen sintomak, Oronozen arabera: «Normalean, autoestimu apala duten pertsonak dira; segurtasun falta edo berengan konfiantza gutxi dutenak. Baina maila desberdinak daude, noski. Exijentzia oso handia dute».

Inpostorearen sorrera

Hala ere, autoestimu baxuaren atzean egiturazko arazo bat dagoela adierazi du Blanca Fernandez soziologoak, eta ez arazo indibidual bat, esan ohi den bezala: «Emakumeok deserosotasuna sentitzen dugu eremu publikoan sozializatzen dugun lehendabiziko unetik; urte gutxi daramatzagu eremu publikoan eta historikoki gizonek okupatu dituzten postuetan. Autoestimua egitura horretan hartzen dugun lekuan oinarritzen da».

Familia da sozializatzeko lehendabiziko ingurua, eta familian eraikitzen dira autoestimuaren oinarriak. Baina, Science aldizkariak 2017an argitaratutako ikerketa baten arabera, eremu publikoan sozializatzekoan finkatzen dira autoestimuaren euskarriak. Ikerketa horretan, 6 urteko neskei eta mutilei istorio bat kontatu zieten, protagonistaren generoa aipatu gabe. Pertsonaia oso azkarra zen, jenio bat, oztopo guztiak gainditzen dituena. Kontakizuna amaitzean, ikerlariek galdera bat egin zuten: pertsonaia emakumea ala gizona da? Mutilek esan zuten gizona zela; neskek ere bai. Ikerketa horrekin ondorioztatu zuten haurrek adin goiztiarrean eskuratzen dituztela gizartearen ideia kulturalak, eta, adimenaren eta generoaren arteko lotura argia egiten dutenez, jenio hitza gizonentzat soilik gordetzen dute.

Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Digitaleko zuzendariak inpostorearen sindromea du. STEAMi buruzko (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) hitzaldiak ematen ditu genero ikuspegitik, eta, askotan, biltzarretan parte hartzeko gonbidapena jasotzen duenean, bere gaitasuna zalantzan jartzen du oraindik; okertu direla pentsatzen du. «Azken finean, zer irakatsi digute txikiak garenetik? Perfekzioa lortu behar dugula. Horregatik, arriskutik aldentzen gara beti, esperimentatzearen eta huts egitearen beldur. Akatsak egitea zientziaren oinarri oso garrantzitsua da. Ikusezin bihurtu behar dugu egiten dugunaren inguruan iruzkinak ez jasotzeko», azaldu du zuzendariak.

Perfekzioaren izaera pozoitsua aztertu dute Elisabeth Cadoche kazetariak eta Anne de Montarlot psikologoak Le syndrome d'imposture: pourquoi les femmes manquent tant de confiance en elles? (Inpostorearen sindromea: emakumeek zergatik ez dute sinisten beren buruarengan?; Les Arenes, 2021) liburuan, eta azaldu dute inpostorearen sindromea sustatzen duela: «Inpostorearen sindromea pairatzen dugunean, ikaratu egiten gara, gure gaitasun falta agerian geratzearen beldur. Lotsa saihesteko asmoz, eskuraezinak diren exijentziak inposatzen dira. Perfekzionismoa, estrategia gisa, inpostorearen sentimendua areagotuko duen indarra bihurtuko da».

Gehiegizko exijentzia emakumeen motxilan gehitu den beste zapalkuntza metodo bat dela esan du Oronozek, eta emakumeek zalantzan jartzen dituztela beren lorpenak perfekzioa lortzen ez dutenean. Lorena Fernandezek konfiantzaren lapurrak seinalatu nahi izan ditu: «Gure konfiantza ebatsi digute. Ez da gauza bera emakumeok konfiantzarik ez dugula esatea, horrek esan nahi baitu gure errua izan dela. Sozializatzekoan lapurtu diguten zerbait da».

Betaurrekoak aldatu

Konfiantzaren lapurretaz kontziente da Jasone, Karmele Jaioren Aitaren etxea (Elkar, 2019) liburuko pertsonaia. Idazleak etengabe birsortzen den patriarkatuaren makinerian kokatzen du bere eleberria, gaztaroan ikasitako portaerak zalantzan jarrita: «Txikitatik kendu digute konfiantza geure ahalmenetan. Normala da heldua izatean lorpenak ez dituzula merezi sentitzea, ikasi duzulako leku hori ez dela zuretzat. Nola ez zara, ba, inpostore sentituko?». Gertaera horren jabe den pertsonaia bere liburuan aurkeztea «garrantzitsua» zela esan du Jaiok.

Bizitzaren hainbat alorretan inpostore sentitu da idazlea, baina, poliki-poliki, bere pertsonaiaren bideari jarraitzen saiatu da: «Emakume askoren esperientzia da, baina urteekin ikasi dut neure buruari esaten hemen banagomerezi dudalako izango dela». Betaurreko negatiboak kendu behar direla esan du Oronozek, porrot sentsazioa, tristura eta errua alde batera utziz. Oztopoz betetako prozesua dela, baina ezinbestekoa: «Bakoitzak bere burua ezagutzea eta bere lorpenei merezi duten meritua ematea; kontuan hartzea bakoitzaren gaitasunak, alegia». Emakumeen motxila husteko, entrenamendua eta laguntza behar direla azpimarratu du.

Hala ere, Blanca Fernandezek nabarmendu du inpostorearen sindromea gainetik kentzeko garrantzitsuena dela emakumeak gizarte egituran onartuak izatea; eremu publikoan modu eraginkorrean onartzea, alegia: «Gizartearen egitura guztiz aldatu behar da. Inpostorearen sindromearen inguruan hitz egin behar dugu ahalduntzeko».

Izan ere, sindromea emakumea eremu publikoan sartzearen ondorioa dela adierazi du soziologoak, historikoki gizonen lurraldea bakarrik izan baita. Fernandezen arabera, segurtasunik eza eta lorpenak ez aitortzeko joera emakumeak giro maskulinizatu horretan sartzearen ondorio dira, eta nahiz eta oraindik eremu «txikia» hartu, errotik konpondu beharreko zerbait da.

Lorena Fernandezek zortea eta perfekzioa bezalako hitzak baztertu egin ditu bere hiztegitik. Eguneroko bizitzan bere lorpenak aitortzen saiatzen da. Nahiz eta lanketa pertsonal handia egin behar izan duen hori lortzeko, inpostorearen sindromea egiturazko arazoa dela azpimarratu du, ez indibiduala: «Emakumeok ez gaude hondatuta; hondatuta dagoena gure ingurunea da, eta horretan eragin behar da. Ez dezagun berriro gure motxilan jarri gurea ez den erantzukizun bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.