Maskarak, alergikoen lagun

Aurtengo polen maila baxuagoa izango dela espero dute adituek. Horrez gain, itxialdiak eragin ona izan du pertsona alergikoengan, sintomak leundu baitizkie.

Maskarak erabiltzea onuragarria izango da polenari alergia dioten pertsonentzat. THE CONCEPT CO.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Apirilaren amaieran hasi zen gramineoen garaia, eta, konfinamendua arintzearekin batera, alergikoak aurrez aurre topatu dira polenarekin. Biztanleen zati handi batek alergia dio Poaceae edo gramineo izeneko landare loredunen familiari. Gehienetan, mukiak, errinitisa eta doministikuak eragiten dizkie alergikoei, eta, kasu larrienetan, arnasteko arazoak ere sor diezazkieke. Aurtengo alergia garaia bigarren mailan geratu da; alde batetik, pandemiak eragindako egoeragatik, eta, bestetik, espero delako airean ez dela polen maila alturik egongo. Hala ere, Zaintza Aerobiologikoaren Frantziako Sareak dioenez, hurrengo egunetan gramineo polenaren maila altua edo oso altua izango da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

URTEROKO ALERGIAK

Aritza Segurola Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) alergologiako medikua da, eta aurtengo polen maila ohi baino txikiagoa dela azaldu du: «Aurten euri gutxi egin du, eta horrek eragina dauka polenean». Medikuaren esanetan, otsailean hasten da alergia sasoia, pinuak eta akazia izeneko zuhaitz eta landareak hozitzearekin. «Gure inguruan horiek dira arnasteko alergeno gehien isurtzen dutenak».

Paziente bakoitzak sentsibilitate maila bat du polenarekiko, batzuetan gramineoen polenarekin batera loratzen diren beste polen batzuek eragiten dietelako, adibidez. Baina, orokorrean, gramineoen informazioa erabiltzen da polenaren kantitatea neurtzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duen neurgailuaren arabera, aurreko urtean metro kubikoko 2.247 gramineo ale erregistratu ziren Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, azken hiru urteetako kopururik handiena, eta alergikoentzako egunik txarrena maiatzaren 30a izan zen: 118 ale zeuden metro kubikoko. Aurten, maiatzaren 21ean erregistratu da kopururik handiena: 92 ale.

KONFINAMENDUA

«Orokorrean, konfinamendua ona izan da alergikoentzat», ondorioztatu du Segurolak. «Polenaren boladarik txarrenean etxean egon gara, eta hori da gomendagarriena». Akaroei alergia dietenentzat, ordea, ez da izan onena etxean hainbeste denbora egotea. «Etxean hautsa dago, eta etxeko akaroari alergia diotenentzat txarra da. Akaroak bizi dira, moketetan, ohean, alfonbretan...». Hala ere, medikuak azaldu duenez, alergia mota horrek ez dio bestelako lanik eman. «Aurten, jendea ez da horretaz hainbeste kexatu, telefonoz egin ditugun kontsultetan behintzat».

Pandemia garaian, hiri handietako airearen kutsaduraren maila nabarmen jaitsi da. Kutsadurak berak gizakiengan azkura eta narritadura sortzen ditu sudurrean eta zuhaitz bronkialean; mukosetan, alegia. Gramineoen kasuan, defentsa sistema bat aktibatzen du, eta pertsonetan polenaren eragin alergikoa areagotu. «Kutsadurak pizten du alergia; narritadura horrek okertu egiten ditu asma, errinitisa eta konjuntibitisa, besteak beste».

DESKONFINAMENDUA

«Konfinamendua leuntzearekin batera, gramineoak topatuko ditugu kalean, baina, ez garenez hainbeste aterako ez dut uste aparteko arazorik sortuko denik», azaldu du medikuak. Horrez gain, maskararen erabilera onuragarria izango da alergikoentzat: «Eguraldi ona egiten duenean, maskara erabiltzea da onena polenaren aurka», nabarmendu du Segurolak. «Egia da aurten arte inork ez zuela maskararik erabiltzen; farmazietan ez zituzten saltzen, eta ez zegoen ohitutarik». Aurten, ordea, egunerokotasuneko osagarria bihurtu da; kasu askotan, derrigorrezkoa. Maskara jarrita, sintomatologia txikiagoa sumatuko dute alergikoek.

KORONABIRUSA ETA ALERGIA

Alergiaren ondorioetako bat arnasa hartzeko arazoa izaten da. Koronabirusaren sintoma nagusia da hori ere, eta «nahasmen handia» egon dela adierazi du medikuak: «Alergian errinitisa da ohikoena: kongestioa, mukiak, doministikuka ibiltzea eta azkura. Azken hori da alergiaren sintomarik esanguratsuena, azkura. Orduan koronabirusagatik errinitis infekzioso bat badaukazu, azkura ez da oso nabarmena izango. Kontuan hartzeko beste faktore bat da birusak kalentura ematen duela eta alergiak ez».

Asmatikoak ikertzaileen jopuntuan egon dira, koronabirusak sortzen dituen arnasteko arazoengatik. Pandemian zehar, hainbat ikerketa argitaratu dira; batzuetan esan dute asmadunak arrisku taldekoak zirela, eta beste batzuetan esan dute ezetz. «Asma saski-naski bat da. Badaude oso kasu ezberdinak: asma kontrolatu gabea, asma kontrolatua, asma atzeraldian. Eta horiek hobeto bereizi beharko genituzke». Pazienteek sarri galdetu diote zenbaterainoko arriskua duten benetan. «Batzuetan gomendatu diegu etxean geratzeko, edo etxetik lan egiteko; baina, gehienetan, ez da izan beharrezkoa».

GOMENDIOAK

Konfinamenduarekin edo konfinamendurik gabe, gomendioak berak dira alergikoentzat. «Gomendioak apur bat betikoak dira, baina orain COVID-19arekin ez kutsatzeko neurriak ere gehitu zaizkio». Gurutzetako medikuak azaldu duenez, gomendagarria da maskara erabiltzea, medikamentuak eskura edukitzea —antihistaminikoak, pastilletan edo kolirioan—, eta, eguraldi ona dagoenean, eguerdiko orduetan ez ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.