Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Mas Polit

2025eko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

Urteko lehena da gaurkoa. Kataluniara egingo dugu jauzi, Empordara hain zuzen ere. Gaur egun Mas Polit moduan ezagutzen dena 1293an La Mata izenez izendatzen zen, eta paraje hura Sant Pere de Rodes monasterioko monje ospitalarioen jabetza zen. Jabetza horren dokumentazioan orduan dagoeneko mahastiak lantzen omen zirela agertzen da. 1572an Antoni Herasek Mas Polit erosi zuen eta harrezkero Heras familiaren eta haien ondorengoen esku egon da. 1632an Antoni Herasen iloba batek hartu zuen jabetza, Hipolit Herasek. Ordutik aurrera jabetzak haren izena hartu zuen: Polit Heras.


Vilamaniscle (Girona, Katalunia) eta Emporda eskualdean errotutako tradizioari jarraitzeko ahaleginean lan egiten dute Mas Politen. Ez diote uko egiten teknologiari, baina hau diote: «Antzinako tradizioen eta teknologia berrien arteko oreka ederrean mugitzen gara». Mas Polit Emporda Garaiko ipar-mendebaldean dago kokatuta, L'Albera eta Cap de Creus parke naturalen artean. Paraje hauetan mahastiak lurzoru elkor eta azidoetan hazten dira, kalitatea lortzeko ezin hobeak.

Lurzoruak harritsuak dira, arbelez osatuak, azidoak eta silizio eta burdina ugarikoak. Mahatsondoek ekoizpen urria dute, baina lurzoru horiek aproposak dira kalitate bikaineko mahatsa eskaintzeko, azukre zein konposatu fenoliko ugari eskaintzeko, eta ardo beltzak ekoizteko zoragarriak. Klimari dagokionez, berriz, tramontana haizea nabarmendu behar da, iparraldetik jotzen duen haize bortitza, hotza eta lehorra. Mediterraneoko klima da, hegoaldeko haize hezeen eraginarekin eta iparraldeko haize hotzekin. Itsasoaren hurbiltasuna ere azpimarragarria da, neurriko neguak eta uda beroak, eta haize leun baina epelak. Uda lehorrei esker, estres hidrikoa izaten da mahastietan, eta horrek mahats aleen kalitatea ahalbidetzen du.


Garnatxa beltza da mahats mota nagusia, baina badute monastrell eta syrah mahatsa ere. Sei ardo egiten dituzte Mas Politen: lau beltz, zuri bat eta gorri bat. Ekoizpenak oso txikiak dira, guztira 25.000 mila botila ekoizten dituzte eta. Clar i Net ardo zuria oso bitxia da, garnatxa beltzez egina baita, eta ardo beltzen zenbait ezaugarri erakusten ditu. Baina sei horietatik bat nabarmentzekotan, nik Mas Polit aukeratuko nuke. Garnatxa beltza (%50), cabernet sauvignon (%30) eta syrah (%20) mahatsez egina, eta bederatzi hilabetez upel berrietan ondua. Oso intentsoa sudurrean, gozo eta banilla aromak nabarmenduz. Fruta eta espeziak ere agertzen dira. Ahoan mamitsua eta zaporetsua da, eta fruta ugarikoa, luzea eta amaiera oso atsegina duena.


Urte berri on denoi!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.