ATZEKOZ AURRERA

Martxoak 3, sarraski biziduna

1976ko tragediari buruzko pelikulak kaleko filmaketaren azken eguna izan du; bost langile hil zituen Poliziaren erasoa gertatu zen lekuan bertan antzeztu dute, Gasteizko Zaramaga auzoan.

Poliziaren oldarraldia Vitoria, 3 de marzo (Gasteiz, martxoak 3) pelikularen grabaketan, atzo, Gasteizko Zaramaga auzoan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Betaurrekoak eta erlojuak kendu, garaikoak ez baitira!», oihukatu dute bozgorailutik. Gasteizko Zaramaga auzoak 41 urte egin ditu atzera. 2017ko azaroaren 4a 1976ko martxoaren 3a bihurtu da. Hiriaren memorian gorriz markatuta geratu zen eguna itzuli da.

Urduri dabiltza Asier Bilbao eta Oskar Bañuelos, Vitoria, 3 de marzo (Gasteiz, martxoak 3) pelikulako ekoizle exekutiboak. Goiza goibel atera da, eta tanta batzuk erortzen hasi dira. Egun garrantzitsua da filmaketan. Bost langile hil zituen Poliziaren oldarraldia eta tiroketa antzeztu behar dute, eta euriak dena zapuztuko luke. Victor Cabaco zuzendariak lasai egoteko esan die. Euri arina ez du harrapatuko kamerak. Goizak aurrera egin ahala, desagertu da arriskua, behintzat.

Kaleko eszenak filmatzeko azken eguna da, gainera. 500 lagun baino gehiago bildu dira mobilizazioa eta istiluak irudikatzeko, gehienak musu truk ariko diren boluntarioak. Garaiko arroparekin jantzi dituzte denak. Ez da ohikoa pelikula baterako hainbeste jende mugitzea. «2.500 figurante izan ditugu. Euskal Herrirako, pasada bat da, nik ez dut sekula halako figurazio kopurua erabili», azaldu du Bilbaok. Egunak duen garrantziaren ondorioz, beste 75 lagun ari dira produkzio taldeko lanetan.

San Frantzisko elizaren aurrealdeak hartu du garaiko tankera. Kalean gurutzatuta daude Espainiako polizia armatuaren bi Land Rover eta furgoneta bat. Grisez jantzita daude fikziozko poliziak. Kaskoak, borrak eta fusilak eskuetan, egiazkoek bezainbeste beldur ematen dute. Lehen oldarraldi bat filmatu dute. Manifestari gisa ari diren antzezle inprobisatuek oihuka hartu dituzte, gogor, Polizia, hiltzailea oihu artean, gazteleraz. «Lasai, aktoreak direla, ez poliziak!», gogoratu diete bozgorailuetatik, zuzendariak mozteko agindua eman duenean.

Proiektuaren berezitasunetako bat izan da hori. Hasieratik, jendearen laguntza eskatu zuten ekoizleek eszenarik jendetsuenak aurrera ateratzeko. Martxoaren 3ko biktimen elkarteak lagundu ditu horretan, eta emaitzarekin oso pozik daude. «Mobilizazio sozial eta kaletarra izan da», uste du Bilbaok. Bost astez aritu dira hirian, eta memoria zenbateraino dagoen bizirik egiaztatu ahal izan dutela azpimarratu du ekoizleak. «Durangarra naiz, eta banekien martxoaren 3koari buruz, baina gutxi. Gasteizen adineko jende guztiak daki zer egiten ari zen zehazki egun horretan».

Tiroketaren aurrean

Aurrera doa filmaketa. Jose Luis pertsonaiaren txanda da, Radio Alava irratiko zuzendaria. Tiroketa hasi denean, poliziengana hurbildu da, pasatzeko eskatzen. Bota dute, bultzaka. «Ez tiro egin», oihukatu die. Kea dago non-nahi, poliziak jaurti dituen poteetatik borborka. Alberto Berzal aktore azpeitiarra da fikziozko kazetaria. «Jendea oso motibatuta dago. Gasteizko herritarrentzat, hau oso kontu inportantea da, eta ondo ateratzea nahi dute».

Pasadizo ugari bizi izan dituzte. Aurreko batean, grabazio egun luzea amaitzean, aktore boluntarioak kantuz hasi zen: 3 de marzo, nosotros no olvidamos (Martxoak 3, guk ez dugu ahaztuko). Ekoizpen talde guztia hunkituta geratu zen. Beste egun batean, gizon bat agertu zen figurante lanak egitera. 1976ko martxoaren 3an zeraman arropa bera jantzita agertu zen.

Ez dira gutxi izan sarraskia zuzenean bizi izan eta pelikulan parte hartu nahi izan dutenak. Santi Diaz de Espada LABeko sindikalista beteranoa da haietako bat. «Omenaldi txiki bat egin nahi diegu orduan bizia galdu zutenei, eta garaiko arrazoiei, asko baitago borrokatzeko». 1976an, Diaz de Espada ikaslea zen. Elizaren barruan harrapatu zuen oldarraldiak, eta sakristian ezkutatuta igaro zuen.

Zorte gutxiago izan zuen Andoni Txaskok. Zaurituetako bat eta biktimen elkarteko ordezkari da Txasko. Sentimendu kontrajarriak ditu pelikulan agertzeari buruz: «Emozionantea da, bai, baina mingarria ere bai». Espero du filmaren estreinaldiak —oraindik zehaztugabea— lagunduko duela estatuaren zigorgabetasuna amaitzeko. Inpunitatea, horixe bai beldurrezko filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.