Kazetaritza

Martxelo Otamendi eta Iñaki Petxarroman saritu ditu kazetarien elkargoak

Ibilbide osoa aitortuko dio Otamendiri Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kazetarien elkargoak. Ingurumen kazetaritzaren arloan saritu dute Petxarroman. Euskal Kazetariak saria, berriz, TVEko aurkezle Silvia Intxaurrondok jasoko du. Azaroaren 8an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia.

Martxelo Otamendi. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2023ko urriaren 19a
13:26
Entzun

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Euskal Kazetaritza Sariak banatzen ditu urtero, eta aurten Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariari emango diote Ingurumen Kazetaritzako Saria. Ibilbide Profesionalaren Saria, berriz, Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohiari emango diote. Azaroaren 8an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Bilbon.

Petxarromanek «pozik» hartu du aitortza: «Urte askotako lanaren aitortza da. Aitortza BERRIArentzat berarentzat dela esango nuke, ingurumen gaiei garrantzia eman dielako hasiera-hasieratik». Lasarte-Orian (Gipuzkoa) 1973an jaiotako kazetariak urte luzez landu ditu ingurumenarekin lotutako gaiak. «Niri egokitu zait Egunkaria-n eta BERRIAn bereziki gai horien berri ematea, eta hori da orain kazetarien elkargoak saritu duena. Beraz, aitortza kolektibo baten moduan jasoko dut, nahiz eta nire izenean jaso», gaineratu du Petxarromanek.

Iñaki Petxarroman. Gorka Rubio / Foku

Otamendik hainbat urtez parte hartu du Euskal Kazetariak sarietako hautagaien izenak ematen, Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari gisa. Azaroaren 8an, aldiz, hari egokituko zaio sari bat jasotzea. Otamendi 1987an hasi zen lanean ETBn, eta hainbat saiotan aritu zen gidoilari, aurkezle eta zuzendari; 1993tik 2003ra, Egunkaria-ko zuzendaria izan zen; eta BERRIAn zuzendari aritu da 2003ko ekainetik aurten ekainaren amaieran erretiroa hartu duen arte. Amagoia Mujika Tolaretxipik hartu zion erreleboa uztailaren hasieran. Otamendik hunkituta jaso du sariaren berri: «Beti da pozgarria sariak jasotzea, are gehiago beste komunikabideetako zuzendarien erabakia bada. Oso eskertuta nago kazetari izaten lagundu didaten lankideekin».

Euskal Kazetariak saria izaten da elkargoak ematen dituen sarien artean nabarmenena. Eta aurten sari hori Silvia Intxaurrondori emango diote (Barakaldo, Bizkaia, 1979). Hainbat irratitan eta telebistatan egin du lan Intxaurrondok. 2021etik, TVEko La hora de La1 saioa aurkezten ari da, goizetan. Ez da udazken honetan Intxaurrondok jasoko duen sari bakarra: Ondas sarietan aurkezlerik onenaren saria lortu du. Azaroaren 22an jasoko du Ondas sari hori.

Adierazpen Askatasunaren Saria Jordi Evole kazetari kataluniarrak irabazi du, No me llame Ternera dokumentalean egindako lanagatik. Ekoizpen hori Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten irailean, eta abenduaren 15etik aurrera Netflix plataforman ikusi ahalko da.

SER-Radio Bilbaori aitortza

Komunikabide eta kazetari gehiago ere saritu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkargoak eta elkarteak. Esate baterako, Pertsonaia/Giza Instituzioaren Saria Cadena SER-Radio Bilbaorentzat izan da. Irratiak 90 urte bete ditu berriki.

Kazetaritza Digitala saria, bestalde, Primeran plataformari eman diote. EITB taldeak sortutakoa da, eta euskarazko ikus-entzunezko edukien lehen plataformatzat jo du elkargoak.

Juantxu Rodriguez fotokazetaritzako saria Marivi Ibarrola Errioxako (Espainia) argazkilariari eman diote. Rock taldeen eta artista ezagunen argazkiak atera zituen 1980ko hamarkadan, eta garai hartako hedabide askotan argitaratu ziren; era berean, Yo dispareÌ;Â;ÂÂ;Â; en los 80 (Nik 80ko hamarkadan egin nuen tiro) lanean daude jasota.

Ohorezko Saria sortu zuen iaz kazetari elkargoak. Lehen aldiz, Martin Ugalde zenari eman zioten. Aurten sari hori Antonio Alvarez Solis kazetariarentzat izango da —2020ko martxoaren 30ean hil zen—. Madrilgoa izan arren, Alvarez Solisek Euskal Herriko komunikabide pribatu eta publikoetan urte luzez egin zuen lana nabarmendu nahi izan du elkargoak.

«Salbuespen gisa», epaimahaiak Yolanda Alicia kazetari eta Tele 7 katearen sortzaile eta zuzendaria ere saritzea erabaki du. «kazetaritzan bizitza eman izana» aitortuko diote, «tokiko informazioan oinarritutako hurbileko kazetaritza praktikatuz». Bizkaiko tokiko kate bat da Tele 7; Barakaldon du egoitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.