Martintxo zaharren bisita

Landakon ikusitako ilara eta jendetza Euskal Dendaraino zabaldu dira, eta uzta ona ematen ari zaie bertan saltokia jarri duten 54 artisauei. Haien lanaren kalitatea nabarmendu dute.

Euskal Denda
Zapatarik Durangoko Euskal Dendan jarritako saltokia. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Ez dago hogei urte iraungo duen zapata txarrik. Bi hamarkada luzeko milaka pausori, zientoka dantzaldi traketsi eta zapaldutako putzu guztiei eusteko, estu-estu jositako oinetakoak izan behar dute ezinbestean. Larruak ere ezin du nolanahikoa izan, eta zolak tinko itsatsita egon behar du. «Bada, aizu, atzo bi bezero etorri ziren guk duela hogei urte eginiko bota parearekin. Martintxo pare bana zeramaten, eta oraindik primeran zeuden». «Gu» hori Karmele Del Rio eta Xabier Iturrioz dira, eta bisita Durangoko Euskal Dendan hartu zuten. Zapatari iruindar pareak bertan du saltokia, azken 27 urteetan bezala.

«Martintxo deitzen diegu, Dr. Martens oinetakoen antza dutelako. Garai hartan, gainera, ez genien barneko forrorik jartzen, baina orain bai. Behi larrua kanpotik, txerriarena barruan, eta plantillak ere larruzkoak dira. Prozesu osoa eskuz egiten bakarrak gara Euskal Herrian», azaldu du Del Riok. Zapatari.eus dira, eta harro dio Euskal Dendaren aldi guztietan izan direla. Ibilbide luze horretan modak asko aldatu dira, baina bera da haien modeloetan gehien saldua. «Orain, kolore gehiagotan egiten ditugu, baina larru koloreko zapata klasikoak du arrakastarik handien».

Landakon ikusitako jendetza ere nozitu dute Euskal Dendan, eta onartu du ondo doala aurtengo uzta. 100 euroren bueltan saltzen dituzte zapatak, eta 49 zenbakira artekoak dituzte. Hala ere, bezeroen ezaugarri bat nabarmendu du: «Gure zapata pare bat erosten dutenen %60k errepikatu egiten dute. Eskuz eginikoaren kalitatea ezin du berdindu ekoizpen industrialak».

«Ekoizpen industrialak inoiz ez du berdinduko eskuz eginiko zapaten kalitatea».

KARMELE DEL RIOZapataria

Larruarekin dihardu Oskar Collazok ere. Otero pilotagile ezaguna da, eta 500 pilotatik gora hartuta abiatu da Anoetan (Gipuzkoa) duen tailerretik Durangora. Sei motatakoak ditu salgai, eta jende asko dabil haren inguruan. «Benjaminentzako pilota bigunak saltzen ditut gehien. Saltzeaz gain, aholkulari lana ere bada nirea; garrantzitsua da gaztetxoek pilota aproposa eramatea».

Collazok ere bi hamarkada inguru daramatza eskuz eginiko pilotak Durangon saltzen, eta tankera guztietako urteak ezagutu ditu. Azkenaldian, baina, berritasun handia sumatu du: emakumezko bezeroa. «Goraka doa, eta oso pozgarria da. Hasi nintzenean, pentsaezina zen, eta, orain, emakumeentzako bi pilota mota saltzen ditut: bata biguna eta bestea tokeduna».

Euskal Denda
Pott Kermamika tailerreko kideen saltokia. GORKA RUBIO / FOKU

«Tantaka-tantaka»

54 saltoki daude Euskal Dendan, eta hamabostek lehen aldia dute aurten. Horietako batean daude Jone Urain eta Maite Salutregi, Pott Keramika tailerreko arduradunak. Buztina artelan bihurtu, eta katilu, azpil, plater edo belarritako forma ematen diote. Hiru marra urdindun lerroa da haien ikurra. Lehen aldia izateko, pozik ari dira Durangon. Urain: «Tantaka-tantaka ari gara saltzen, pozik. Halako azoketan oso garrantzitsua da jendeak ezagut zaitzan, eta plaza hau berria da guretzat». 

«Azokan jendearekin zuzeneko harremana egiteko aukera duzu. Guk gure tailerrera gonbidatzeko baliatzen dugu».

JONE URAINPott keramika

Azokak, gainera, balio erantsia du artisauentzat: «Jendearekin zuzeneko harremana egiteko aukera duzu, eta guk gure tailerrera gonbidatzeko erabiltzen dugu». Itsason (Gipuzkoa) dute lantokia, eta bertan gauzatzen da keramikaren magia, 1.260 gradutara iristen den labean. «Pieza gogorrak dira, etxean luzaroan izateko», goratu du. Del Riok duela hogei jositako Martintxoak bezala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.