Martin Ugalde gogoan, haren izena duen ikerketa beka sortu dute

Martin Ugalde parkeak, BERRIAk, Jakinek eta Elkarrek antolatu dute, Andoaingo Udalarekin

Joan Mari Torrealdai, Ana Karrere, Joanmari Larrarte, Jose Mari Sors eta Iban Arregi, atzo, Andoainen. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
urtzi urkizu
Andoain
2015eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urrian hamar urte bete ziren Martin Ugalde kazetari, idazle eta politikari andoaindarra hil zenetik. 36ko gerraren ostean, artikuluak idazten hasi zen 1940ko hamarkadan. Ekarpen handia egin zien ondorengo hamarkadetan euskal kazetaritzari eta euskal literaturari. Eta haren lana gogora ekartzea da Martin Ugalde ikerketa bekaren helburuetako bat. Martin Ugalde kultur parkeak, BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak eta Jakin fundazioak antolatu dute beka, Andoaingo Udalaren laguntzarekin.

Martin Ugalde parkean bertan aurkeztu zuten atzo ikerketa beka. Parkeko ordezkari gisa, Joanmari Larrartek adierazi zuen parkea ez zela sortu euskalgintzarako azpiegitura soilak izateko bakarrik. «Gure apustua bazen euskalgintzaren sustapena egitea bertatik. Ikerketa eta gogoeta gunea ere izan nahi du parkeak». Bide horretan sortu zen duela urte batzuk Martin Ugalde foroa, eta bigarren egitasmoa izango da beka. Gainera, Ugalderen lana ikertzea, ezagutzea eta zabaltzea garrantzitsua dela nabarmendu zuen parkeko ordezkariak.

Ana Karrere Andoaingo alkateak, berriz, esan zuen berehala eman ziola udalak baiezkoa bekan laguntzeko proposamenari. «Euskararen normalizazioaren bidean, ereduak sortu behar dira. Horrenbestez, ezinbestekoa da halako ikerketa beketan erakunde publikoek parte hartzea».

Deialdia, bi urtetik behin

Martin Ugalde idazlea bera eta euskal kazetaritza ikertzeko gaiak proposatuko dituzte beka berrian. Gai finkoak izango dira beti. Aurten, hasteko, deialdiaren gaia Martin Ugalde eta euskal kazetaritza izango da. Aurrerantzean, bi urtetik behin egingo dute bekaren deialdia.

Bekaren proiektuak idatzizko zein ikus-entzunezkoak izan ahalko dira, eta uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira. Lagina aurkezten duenak hasieratik definitu beharko du zer egin nahi duen. Azaroaren 11n jakinaraziko dute irabazlea: antolatzaileen asmoa da egun horretan Martin Ugalde parkean bertan ekitaldi bat egitea —data hori aukeratu dute propio, Ugalde jaio zen eguna delako—. Bekaren irabazleak 8.000 euro jasoko ditu urte batez lana egiteko, eta 2016ko urriaren 8rako amaituta eduki beharko du. Antolatzaileek konpromisoa hartuko dute lan hori editatu, argitaratu eta zabaltzeko.

Epaimahaiko kideak ez dituzte erabaki oraingoz, baina datozen hilabeteetan jakinaraziko dute zeintzuek osatuko duten —erakunde sustatzaile bakoitzak kide bat izango du—.

Bekaren oinarri guztiak Martin Ugalde parkearen webgunean daude eskura: www.kulturparkea.eus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.