Martin Ugalde bekarako 2022ko deialdia zabalik da, irailaren 2ra arte

Bekara aurkezteko gaia hau da: Ugaldek Euskal Herriari eta euskal kulturari egindako ekarpena

Martin Ugalde kazetari eta idazlea, artxiboko irudi batean. ANDER GILLENEA / EUSKALDUNON EGUNKARIA.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Martin Ugalde Orradreren ekarpena Euskal Herriari eta euskal kulturari, berak landutako eremuetako edozein kontuan hartuta». Hori gaia. Hori ikertu beharrekoa Martin Ugalde bekaren aurtengo deialdian. Aste honetan egin dute deialdia BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak, Jakin fundazioak eta Martin Ugalde kultur parkeak, Andoaingo Udalaren (Gipuzkoa) laguntzarekin.

Bi urtean behin egiten dute eragile horiek deialdia, eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera eman. Aurtengo deialdiaren oinarrietan jasotzen da bekaren emaitza idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko modua egongo dela: idatzizko euskarrian izango bada, lanak gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu; eta, ikus-entzunezkoa bada, gutxienez 30 minutu iraun beharko du.

Proiektuak aztertzean, puntu hauek hartuko dituzte kontuan: azalpen testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna, iturrien aberastasuna eta azterketaren alde kualitatiboa. Proiektuak banaka nahiz taldeka aurkez daitezke.

Proiektuak irailaren 2ra arte bidal daitezke, helbide honetara: [email protected].

Bekaren deitzaileak diren eragileetako bakoitzak eta erakunde laguntzaileak izendatutako ordezkari banarekin osatuko dute epaimahaia. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikideek.

Azaroaren 11n jakinaraziko dute beka nork irabazi duen, Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa). Bekaren irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko —bekari dagokion diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, berriz, lan amaitua entregatu eta epaimahaikideek onespena ematean—.

Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez lan amaitua antolatzaileei helarazteko. Egindako lanaren zabalkundea eta dibulgazioa helburu hartuta, Martin Ugalde kultur parkeak argitaratuko du idazlana edo ikus-entzunezkoa, gainerako deitzaileekin batera. Epaimahaikideek onespena eman dutenetik sei hilabeteko epean kaleratuko dute liburua edo ikus-entzunezkoa, formatu fisiko edo digitalean.

Aurreko ikerketak

Martin Ugalde bekari esker, Danele Sarriugartek, Kattalin Minerrek eta Maddi Altunak Tira ahala tira: generoaren trataera Egunkaria-n eta BERRIAn ikus-entzunezko lana egin zuten—2019ko martxoan estreinatu zuten—. Azkeneko deialdiaren emaitza izan da, bestalde, Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan liburua. Eneko Bidegainek, Ainhoa Larrañagak eta Zuriñe Maguregik egin dute lan hori, eta, hartan, euskal komunikabideek Euskal Herria nola irudikatzen duten, euskal lurraldea nola izendatzen duten eta erabiltzen dituzten izenen azpian zein eremuz ari diren ikertu dute. BERRIAren dendan eros daiteke liburua—BERRIAlagunek beherapena dute—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.