Zientzia

Marten hautsa nola harrotzen den azaldu du EHUko zientzialari talde batek

Hauts zurrunbilo eta olde handiak gertatzen dira planeta gorriko Jezero kraterrean, 'Perseverance' ibilgailuak bidalitako datuak aztertuta ondorioztatu dutenez. Nazioarteko ikertzaile talde batean aritu dira EHUko adituak

Zurrubiloak, Marten. EHU
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 25a
16:37
Entzun

Martxoan Saharatik Euskal Herrira helduriko hauts hodeiarekin harritu zirenek ikusi beharko lukete zelako giroa duten Marten.

Izan ere, hango haize arinak hauts zurrunbilo eta ekaitz handiak sortzen ditu. Lehen aldiz, EHUko ikertzaileak kide dituen nazioarteko zientzialari talde batek argitu du nola altxatzen den hautsa planeta gorriaren gainazalean.

Urtebete inguru eman du Marteko atmosfera ikertzen EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Taldeak. Horretarako, jostailu berria zuten: Perseverance ibilgailuko MEDA estazio meteorologikoa. Iazko otsailaren 18an heldu zen Perseverance ibilgailu autonomoa Marteko Jezero kraterrera.

MEDA (Marteko Ingurumenaren Dinamiken Aztergailua) tresnak eguraldiaren inguruko parametroak neurtzen ditu, tartean haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura eta hezetasuna. Horrez gain, atmosferan dauden partikulen tamaina eta kopurua neurtzen ditu. Haren helburuetako bat da gizakien esplorazioa prestatzea, eguneroko eguraldiaren berri eta Marteko erradiazio eta haizeen inguruko informazioa emanez. Izan ere, Marteko ingurumen baldintzen inguruko informazio zehatza ezinbestekoa litzateke astronauten bizitza bermatzeko.

Baina norbait hara bidali bitartean, tresna hasi da datuak ematen.

Zurrunbilo bat, Marteko Jezero kraterrean. Lurrean, 'Perseverance' ibilgailuaren gurpilen markak.

MEDAri esker aztertu dute hautsaren zikloa planeta gorrian. INTA-Astrobiologia Zentroak garatu zuen estazioa Madrilen, EHUko Zientzia Planetarioen Taldearen laguntzarekin. Agustin Sanchez Lavega katedratikoaren zuzendaritzapean aritu dira Ricardo Hueso eta Teresa del Rio-Gaztelurrutia irakasleak eta Asier Munguira doktoregaia. Laurek sinatzen dute berriki Science Advances aldizkariak argitaratu duen artikulua, nazioarteko lankideekin batera.

«Esan dezakegu orain hasi garela ulertzen zer baldintza behar diren Marteko gainazaleko hautsa harro dadin. Eta hori funtsezko elementua da; izan ere, planeta gorriaren hauts zikloak lagundu egingo digu Marteko meteorologia orokorra hobeto ulertzen», adierazi du Ricardo Hueso ikertzaileak, EHUk zabalduriko oharrean.

Marteko atmosferak Lurrekoak baino 150 aldiz dentsitate gutxiago du, eta haren presioa Lurrekoaren %1a da. Horrez gain, grabitatea askoz txikiagoa da (%38), planeta gorriak masa txikiagoa duelako. Alegia, 70 kiloko gizaki batek 26,6 kilo pisatuko lituzke han. Alde horrek guztiz baldintzatzen du hautsa nola harrotzen den han. Baina Marteko airean flotatzen dabilen hautsak ere eragina du hango atmosferaren tenperaturan.

Hauts zurrunbiloak oso ohikoak dira Jezero kraterrean, ikertzaileek ondorioztatu dutenez, eta haize boladek hauts kopuru handiak altxatzen dituzte. Eguneko eta gaueko haizeak ezberdinak dira, gainera. Egunean, hau da, Eguzkiak kraterra argitzen duenean, haren azala eta atmosfera berotzen ditu. Horren ondorioz, haizeak bizitu egiten dira, eta gorantz egiten dute, zirimoletan. Gauean, berriz, hoztu egiten dira, eta beherantz egiten dute. «Haize korronte horien eta gainazalaren arteko interakzioak sortzen ditu hautsa kopuru handiak altxatzeko fenomenoak», esan du Huesok.

Gailuak planetan igarotako lehenengo 216 soletan (Marteko egunak) halako lau zirimola pasatu dira Perseverance-ren gainetik egunero, batez bestean, eta horietako laurden bat inguru tamainako hauts zurrunbiloak izatera heldu dira. Zurrunbilo ez diren haize ufada handiak gutxiagotan gertatzen dira, baina haiek baino askoz eremu zabalagoak harrotzen dituzte.

Marteko lehenengo soinuak

EHUko ingeniariek Perseverance ibilgailuan eginiko lana albiste izan da aste honetan Nature aldizkarian, eta hura ere hango atmosferan gertaturiko mugimenduekin lotuta. Izan ere, Marten jasotako soinuak bildu dituzte In situ grabaturiko Marteko soinu paisaia artikuluan.

EHUko IBEA taldeak hartu du parte ikerketan, besteak beste, Juan Manuel Madariaga katedratikoak eta beste ikerketaren egiletako batek: Munguirak.

Orain arte ez dituzte inoiz grabatu Marten gizakiek entzun dezaketen tarteko frekuentziarik, hau da hogei hertzetik gorakoak. Ondorioztatu dutenez, soinu iturri berak askoz zarata gutxiago ateratzen du Marten, hogei dezibel gutxiago, zehazki. Horrez gain, soinua askoz gehiago moteltzen da han bidaiatzen duenean, atmosferak dentsitate baxuagoa duelako. Ideia bat egiteko, konparatu nola bidaiatzen duen soinuak itsasoan eta airean, Lurran bertan. Itsasoko ura airea baino dentsoagoa denez, soinua airean baino azkarrago bidaiatzen da han, eta askoz urrutiago heltzen da. Baleak eta itsasoko beste animalia batzuk horretaz baliatzen dira elkarrekin oso urrutitik komunikatzeko.

Perseverance ibilgailuko SuperCam kamerak daukan mikrofonoa erabili dute hango soinua ikertzeko. BERRIAk 2019ko irailean elkarrizketatu zituen SuperCam kamera garatu zuten NASAko ikertzaile Roger Wiens eta Samuel Clegg.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.