Itxura aldatua izango du BERRIAren azalak datozen igandeetan. Kioskora egunkaria erostera doan irakurleak erabateko ezustekoa hartuko du. Ohi bezala, eguneko albisterik garrantzitsuenen tituluak irakurri ahal izango dira azalean, baina marrazkiek ordezkatuko dituzte argazkiak. Ziztada kanpainarekin bat egin duten lau marrazkilariren ekarpena izango da. Antton Olariagaren eskuetatik pasatuko da lehendabiziko azala, etzi. Eta datozen igandeetan Eider Eibar, Patxi Huarte eta Idoia Beratarbidek hartuko dute lekukoa, bata bestearen jarraian.
Ibilbide luzeko marrazkilariak dira guztiak, eta BERRIAren irakurleentzat aski ezagunak. Zakilixut pertsonaiaren aita da Olariaga. Haur literaturako ilustratzaile gisa egin ditu urratsak Eibarrek, eta laster Mantangorri gehigarriko gastronomia orriak apainduko ditu. Umore zertzeladaz betetzen du iritzi saila egunero Huartek, De Rerum Natura komiki zintarekin. Eta igandeko azken orriko elkarrizketetako protagonisten marrazkiak Beratarbidek egiten ditu. Orain, horiez gain, zenbait igandetako egunkarien azalaren ardura hartuko dute. Bakoitzak emango dio bere ikuspuntu eta ukitua.
Ziztaden beharra
BERRIA Taldeak azaroa amaieran jarri zuen martxan Zure ziztada behar dugu kanpaina. Ekonomiaren eta idatzizko hedabideen krisiaren eraginez, urte ekonomiko zailak izaten ari dira taldearentzat. Hala, kanpaina proiektuari eusteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko diru ekarpenak lortzeko da. BERRIA Komunitatea martxan jarri zenetik, dagoeneko 3.000 lagunek eman dute ziztada, eta hainbat sektorek babestu dute kanpaina.
Sektore horietako bat da kulturarena. Urte hauetan guztietan euskal kulturanezinbesteko erreferente bilakatu da BERRIA, eta, horretaz jakitun, atxikimendua eman diote kultur arloko hainbat lagunek kanpainari. Zerrenda luzea da oso: bertsolariak, musikariak, argazkilariak, artistak, antzezleak, idazleak... Marrazkilarien ekarpenarekin erlauntzak handitzen jarraitzen du orain. Sektoreka atxikimendua jasotzeaz gain, herriz herri ere ari dira ekintzak antolatzen ziztadak jasotzeko.
Marrazkia sartu da abaraskan
Datozen igandeetan lau marrazkilarik BERRIAren azala marraztuko dute. Antton Olariaga, Eider Eibar, Patxi Huarte eta Idoia Beratarbide izango dira ilustratzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu