Lapikoak sutan, tomate eta piper txikituak, zuritutako patatak eta hegaluze zatiak ikusi ditu hirugarren urtez jarraian Donostiako Konstituzio plazak. Atzo goizean plazatik pasatzen zen edonork marmitakoaren usaina adi zezakeen; izan ere, goizean egin zuten bertan Aste Nagusiko VII. Marmitako Lehiaketa.
Guztira, hemeretzi bikote ibili ziren marmitakorik onena egiteko lehian, hainbat elkarteren izenean. Dena den, lehiaren gainetik giro ona zen nagusi.
Goizeko hamarretarako jada hasiak ziren parte hartzaileak marmitakoa prestatzen, eta guztiak zebiltzan momentu oro dena kontrolpean zutela egiaztatzen: «Garrantzitsua da janariarekin esku ona izatea, eta gatzari ere tamaina hartzea», zioten Gurea elkarteko Arantxa Martinezek eta Josu Alvarezek: «Seigarren aldiz aurkeztu gara; orain arte nahiko ondo ibili izan gara, baina inoiz ez dugu saririk irabazi. Ea aurten lortzen dugun!».
Lehiakide askok zioten marmitako on bat prestatzeko sekretua hegaluzea azken momentuan botatzea dela. Dena den, bikote bakoitzak bere berezitasunak zeuzkan. Monica Benitok eta Olatz Fernandezek, tipula eta piperren ostean bota zituzten patatak eta arrain salda: «Garrantzitsuena saltsa biziarekin egindako marmitakoa lortzea da», esan zuten. Vasconia CD elkarteko Leticia Seco eta Jon Zalduak, berriz, barazkien garrantzia azpimarratu zuten: «Marmitakoak ona izateko, gutxienez tipulak, piper berdeak eta salda ona behar ditu». Jose Antonio Zapirain eta Simon Idigoras Allerru elkarteko kideek, ostera, erabiltzen diren osagaien koordinazioaren garrantzia nabarmendu zuten: «Erabiltzen diren osagaiak ondo kontrolatu behar dira. Marmitakoak ez du beste sekreturik». Ibarrako (Gipuzkoa) Xepla elkarteko Alberto Zubelzu eta Carlos Aretxagak ere marmitakoari hegaluzea azken momentuan botatzen ziotela esan zuten: «Dena den, bakoitzak marmitakoa bere erara prestatzen du».
Aurreko urteetan irabazle eta ohorezko palmaresean egondako parte hartzaileak ere bazeuden. Iazko irabazleak, adibidez, Irungo Mendizaleak elkarteko Ignacio eta Maite Mitxelena aita-alabak ere marmitakoa prestatzen zebiltzan: «Aitari ilusio handia egin ohi dio horrelako lehiaketetan parte hartzeak», esan zuen alabak. 2010. urtean bigarren egin zuten RC Tenis elkarteko Maria Garcia eta Pilar Irazustabarrena ere pozik zeuden: «Lehiatzeaz gain, ondo pasatzen dugu».
Plazara ikusmiran zebilen jende asko: «Orokorrean maila altua ikusten dut, nahiz eta plateren artean ezberdintasunak badauden», zioen Jose Luis Fernandezek. Ixiar Arratibel, berriz, Ibarrako lagunak animatzera etorri zen: «Xepla elkartekoak animatzera etorri naiz, baina orokorrean maila zein giro bikaina daude».
Saria hernaniarrentzat
12:30erako prest zeuden hemeretzi marmitakoak, eta ekitaldiaren antolatzaileek platerak epaimahaiari pasa zizkieten. Epaimahaian zeuden besteak beste, Elena Arzak, Hilario Arbelaitz eta Martin Berasategi sukaldariak.
Tolare Hernaniko (Gipuzkoa) Sagardoaren Kofradiako Jose Manuel Irigoien eta Tomas Nuñezek irabazi zuten lehen saria; hunkituta eta umiltasunez jaso zuten saria, «zortea» izan zutela esanez. 450 euro eta txapel bana eman zieten irabazleei. Bigarren lekuan, Ibarrako Xepla elkartekoak sailkatu ziren, eta hirugarren saria, berriz, Xabier Mendizabal eta Jose Juan Ijurko Zubi Musu elkarteko kideek irabazi zuten.
Donostiako Aste Nagusia
Marmitakoak ez du sekreturik
VII. Marmitako Lehiaketa egin dute Donostiako Aste Nagusian. Guztira, hemeretzi bikotek hartu dute parte Konstituzio plazan izandako lehian. Irabazleak Jose Manuel Irigoien eta Tomas Nuñez Tolare Sagardoaren Kofradiako kideak izan dira. Lehiaketak ikusmin handia sortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu