Donostiako Gipuzkoa plaza lurrun gozoz bete zen atzo goizean, marmitako txapelketaren hamargarren lehian. Hamasei bikotek hartu zuten parte, eta 10:00etatik jo eta ke aritu ziren lanean hegaluzea eta gainontzeko osagaiak ahalik eta ondoena prestatzen. 12:30era arte izan zuten horretarako denbora.
Horren ondoren, epaimahaiaren erabakia jakiteko ordua heldu zen. Aurtengo txapela Donostiako Sansustene elkarteko Joseba Nuñezek eta Asier Caestranak lortu zuten. Bigarren, berriz, Donostiako Ilunpe elkarteko Tomas Nuñez eta Jose Manuel Irigoien geratu ziren. Hirugarren tokian,Rosa Garmendia eta Jana Maeso donostiarrek osatutako Nos Comemos el mundo taldea geratu zen.
Txapelketako antolatzaileek oinarrizko osagaiak utzi zizkieten, horiek erabili eta, lehengai aldetik behintzat, lehiakideak maila beretik abia zitezen: hegaluzea, patata, olioa eta ura. Parte hartzaileek, berriz, piper berde eta txorizeroa, tomatea, tipula, baratxuria, gatza eta ardo zuria eraman zitzaketen etxetik.
Horrenbestez, prestaketak ipintzen zuen bereizgarritasuna, eta bikote bakoitzak bere trikimailu eta prozedurak erabili zituen. Lehiakideetako bat Irungo mendizale elkarteko kide Ignazio Mitxelena zen. Alaba Maiterekin joana zen lehiaketara. Hamar urtetik gora daramatza Mitxelenak parte hartzen. «Txapelketa, lehen, portuan egiten zen, eta, gero, Konstituzio plazan, Gipuzkoa plazara mugitu aurretik». Mitxelenak ez du aparteko sekreturik: «Ahalik eta ondoena egiten saiatzen naiz».
Elkarte baten izenpean bakarrik ez, lagun gisa ere izena eman zuten bikote askok. Pinpilinpauxa izenarekin eman zuten izena Miren Biotxak eta Ana Isabel Barrocalek. Aste Nagusiko programa ikusi zuenean, izena ematea izan zen Barrocalek egin zuen lehen gauza. Barrocalen gurasoek jatetxe bat zuten Bermeon (Bizkaia), eta hortik datorkio sukaldaritzarekiko zaletasuna. Aspalditik zuen gogoa gastronomia txapelketa batean izena emateko. Barrocalentzat, marmitakoaren sekretua saltsan dago: «Arrain saltsa barazkiekin eta ardoarekin ondo nahasi behar dira. Tipula ere denbora luzez utzi behar da gozatzen». Gogotsu eta konfiantzaz zeuden «Patata tortilla txapelketara ere joan ginen, eta bigarren geratu ginen».
Gazteak ere animatu ziren marmitako txapelketan parte hartzera, Sansustene elkartekoak, esaterako. Joseba Nuñezek eta Asier Castresanak bigarren urtea zuten. Haientzat, sekretua errezeta pixkanaka eta denborarekin egitea da, pauso bakoitzari behar duen garrantzia ematea. Nuñezek berak erabiltzen duen prozesua azaldu zuen: «Barazkiak ondo txikitu behar dira, eta sutan denbora luzez eduki. Pazientzia da sekretua».
Lapurdiko jendea ere animatu zen txapelketan parte hartzera; bi bikote, hain zuzen. Bikote horietako bat ziren Miarritzeko Arroka elkartetik zetozen Manex Heches eta Stan Eiherabide. «Guk usaina baliatzen dugu sukaldean aritzeko», zioen Hechesek. «Amatxiren errezeta baliatzen dugu», azaldu zuen Eiherabidek. Sekreturik ez zuten, baina ekartzeko baimenduta zeuden osagaiak baratzetik ekarri zituzten. Sukaldaritzak besteengan sortzen duen pozak mugiarazten ditu Haches eta Eiherabide: «Gure lagunak gure baserrira gonbidatzen ditugu, eta biziki kontent joaten dira». Sukaldaritzarekin uztartuz, Donostiara egun-pasa etortzeko plan ezin hobea iruditu zitzaien marmitako txapelketara etortzea. Konpetentziaren jakitun ziren, baina, hala ere, helburu nagusia ez zen irabaztea: «Esperantza beti dago, baina gu ondo pasatzera etorri gara», esan zuen Hechesek.
Maila handiko txapelketa
Sukaldeetan lanean zebiltzan bitartean, Gaztelubide elkarteko kideak hara eta hona ibili ziren. Haien laguntzari eskerrak antolatzen da marmitako txapelketa. Haien zeregina zen sukaldariei laguntzea, eta bermatzea ez zituztela erabiltzen baimenduta ez zeuden produktuak.
Laguntzen ibili ziren horietako bat Joseba Garmendia zen. Garmendiak Miarritzeko bi bikoteen pasioa nabarmendu du: «Haiek kontatu digutenez, Iparraldean marmitakoa jende askok egiten du orain, baina duela gutxi arte ez zuen inork egiten».
Partaideen zerrenda ikusiz, emakumeen eta gazteen presentziaren garrantzia nabarmendu zuen Garmendiak, eta adierazi zuen «indartsu» datorrela euskal sukaldaritzaren etorkizuna.
Marmitako txapelketak punta-puntako epaimahaia izan zuenhamasei lehiakideen lana baloratzeko. Horietako bat izanzen Martin Berasategi. Berasategi «oso pozik» zegoen txapelketan epaimahaikide izateagatik: «Egundoko maila dago lehiakide guztiengan», onartu zuen, txundituta. Berasategirentzat, hegaluzeak puntu-puntuan egon behar du, eta hegaluzearekin eginiko saltsak ere berebiziko garrantzia du.
Epaitzean, berriz, testuretan jartzen du arreta Berasategik. «Detaile asko dira kontuan hartzekoak», dio Berasategik. Partaideak ikusita, etorkizuna oso indartsu ikusten du Berasategik. «Beti diodan bezala, emakumeek sukaldaritzarako duten gaitasuna goraipatzen dut. Emakumeak oso garrantzitsuak izan dira euskal sukaldaritzaren historian». Horrelako lehiaketetatik asko ikasi duela onartu zuen sukaldariak. «Egunero ikasten da zerbait, eta horrelako mailarekin, are gehiago».
Azken minutuak gerturatu ahala, epaimahaiari aurkezteko platerak prestatzen hasi ziren partaideak, eta lan askoko minutuak izan ziren. 13:00etan, erabakia jakinarazi aurretik, Txirain elkarteko Jon Azpiroz omendu zuten, aurten zendu baita. Urte askotan parte hartu zuen Azpirozek marmitako txapelketan. Gipuzkoa plazan zeuden guztiek txalo zaparrada eskaini zioten.
Donostiako Aste Nagusia
Marmitako usain gozoa bidelagun
Sansustene elkarteko Joseba Nuñezek eta Asier Castresanak lortu dute Donostiako Gipuzkoa plazan egin den marmitako lehiaketako txapela. Aurkeztu diren hamasei bikoteen artean maila handia egon dela esan du epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu