Gastronomia

Marka bihurtutako intxaurrak

Nafarroako Intxaurra marka kolektiboa aurkeztu dute aurreneko aldiz: 200 tona inguruko ekoizpena izango du, eta zortzi nekazariz osatutako elkartea, oraingoz.

Orain, udazkenean da intxaurrak biltzeko garaia, eta horretan ari dira Nafarroan ere. DANIEL FERNANDEZ
Orain, udazkenean da intxaurrak biltzeko garaia, eta horretan ari dira Nafarroan ere. DANIEL FERNANDEZ
enekoitz telleria sarriegi
2024ko urriaren 18a
05:00
Entzun

«Kalitate handikoa, kolore argikoa eta ezaugarri organoleptiko oso preziatuak dituena. Zaporea leunetik gozora eta oliotsura doa, barietatearen arabera». Halakoxea da Nafarroako intxaurra, marka kolektibo horren babesleek jakinarazi dutenez. Urriaren 7an aurkeztu zuten, Iruñeko Kasino Nagusi Berrian. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdi izan zen bertan, Intia sozietate publikoko kideekin eta Nafarroako Intxaurra Sustatzeko Elkarteko kideekin batera.

Oraintxe ari dira uzta jasotzen, baina 200 tona inguruko ekoizpenarekin abiatzea espero dute. 2023ko nekazaritza estatistikaren arabera, Nafarroak 307 hektarea intxaurrondo ditu. Autokontsumorako dira batzuk, eta jarduera profesionalerako beste asko. Guztira 424 tonako ekoizpena kalkulatzen dute. Orain, Lizarraldeko, Erdialdeko eta Goi Erriberako zortzi nekazari ureztatzailek osatzen dute marka berria —96 hektarea inguru—. «Marka sortzea oso garrantzitsua da, ekoizleen intxaurra identifikatzeko beharra zegoelako, kalitate handiko intxaurra delako, eta Nafarroakoa delako. Orain, hori guztia kontsumitzaileari transmititu ahal izango zaio», azaldu du elkarteko presidente Emilio Gurreak.

«Marka sortzea oso garrantzitsua da, intxaurra identifikatzeko beharra zegoelako, eta Nafarroakoa delako»

EMILIO GURREANafarroako Intxaurra Sustatzeko Elkarteko presidentea

Izan ere, Nafarroako Intxaurra Reyno Gourmeteko elikagaia izango da aurrerantzean. Nafarroako Gobernuak 2007an sortutako zigilu bat da Reyno Gourmet, kalitate ziurtagiria duten nekazaritzako elikagaiak identifikatu eta babesten dituena. «Nafarroan badaude ekoizpen txikiak: Milagroko gerezia, Sartagudako melokotoia... Ekoizpen txikiak dira, baina euren izena dutenak eta euren eguna dutenak ere bai. Horien atzean ekoizle gutxi eta helduak daude. Gure ahalegina beti izan da ekoizpen eta ekoizle horiek ezagutaraztea, eta marka bat sortzea, babesteko, eta Reyno Gourmeten bidez sustatzeko», azaldu du Ana Barandiaranek, Intiako teknikari eta Nafarroako Intxaurra markako idazkariak.

Ekoizle txikiak

Intxaur ekoizleen artean bazegoen kezka hori, eta duela bi urte jo zuten Intiara. «Gu laguntzaileak izan gara. Haiek egin dute dena. Zortzirekin ari gara lanean, baina irekia dute atea Nafarroan intxaurra ekoizten duten eta ezarritako araudia betetzen duten ekoizle guztiek», zehaztu du Barandiaranek. «Ekoizle txikiak daude atzean: haiek biltzen dituzte intxaur denak, haiek garbitzen dituzte denak... eta horrek balioa ematen dio produktuari».

«Ekoizle txikiak dira: haiek biltzen dute dena, haiek garbitzen dute dena... Horrek balioa ematen dio produktuari»

ANA BARANDIARANIntiako teknikaria eta Nafarroako Intxaurra markako idazkaria

Sei intxaur barietaterekin ari dira lanean —bertakorik ez dago tartean—. Nafarroan ekoitzitakoak behar dute izan, produktu kimikorik gabe garbitutakoak, eta bildu eta 48 ordu baino lehen jarri behar dira lehortzen, onddoak-eta atera ez daitezen. 28 milimetroko diametrodunak, gutxienez. «Eta oso garrantzitsua: azken uztako intxaurra izan behar du. Orain ari dira biltzen, eta salduko dutena oraingoa izango da. Intxaurraren %60 koipea baita, eta, horrela, koipe hori ez da zahartzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.