«Emakume hau ezinbestekoa da Iruñeko San Fermin jaietako une garrantzitsu eta hunkigarrienetako batean; ezinbesteko lana egiten du». Hala azaldu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak gaur goizean. Batasunaren Pribilegioa oroitzeko ekitaldien barruan, bederatzigarrenez banatu dute Iruñeko Zapia, eta Marivi Esparza Muguetari jarri diote aurtengoa. San Fermin jaiei egin diete keinua aurten. Izan ere, Esparzak sanferminetan, San Ferminen irudia zaindu, eta, goizero-goizero, San Domingoko aldapako horma hobian jartzen du. Zapi gorriaz gain, Mikel Okiñena eskultore nafarraren eskultura bat ere jaso du Esparzak.
«Zure lana, maitasuna eta buru-belarri aritzea aitortu nahi dizkizugu sari honekin», azaldu zion Asironek Esparzari berari, udaletxeko harrera aretoan. «Jakin badakigu gaur jartzen dizugun zapi gorri hau sinbolo bat baino gehiago dela; hiri osoaren esker ona da hainbeste urteko dedikazioagatik». Goizargi alaba ondoan izan du Marivi Esparzak, hura ere laguntzen aritzen baita Andoni Barba senarra hil zenetik.
Atzera eginda, 2016an, Iruñeko Zapia banatu zuten lehen urtean, Paulina Fernandez izan zen lehen saritua, La Mañueta txurro dendako nagusia. Ordutik ondorengoek jaso dute saria: Javier Pagola idazle eta kazetariak (2017); Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Curz Landa Andraizeko ginekologoek (2018); Alberto Undiano Mallenco futbol epaileak (2019); Medikuen Elkargo Ofizialak eta Erizainen Elkargo Ofizialak (2020); Juan Jose Martinena historialariak (2021); Mai Garde eta Oier Sanjurjo Osasunako lehen taldeko kapitainek (2022); eta Donibaneko Adinekoen Itunak (2023).