Mariren mitoa biziberrituz

Algareki elkarteak bultzatu du 'Mariren argi bilgarrian' erakusketa, eta ikusgai dago Tolosan. Euskal Herriko mitologiaren ikur den andreari buruz 42 artistak egindako obrak bildu dituzte.

Mariri buruzko margolanak eta eskulturak ikus daitezke erakusketan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Tolosa
2014ko martxoaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elizak hil egin zuen Mari. Emakume gaiztoen sinbolo bihurtu zuen, eta sorginekin parekatu nahi izan zuen. Baina Mari ez da hori. Mari askatasunaren sinbolo da, eta halako erakusketek haren mitoa gure barnean biziberritzeko balio dute. Izan ere, Mari gauza asko da, aurpegi asko ditu: ama lurra, feminitatea... Haren izpirituak gure barnean iraun behar du». Patxi Epelde artistaren hitzetan, argi geratu da Marik Euskal Herriaren mitologian eta historian utzitako arrastoa. Askotariko aurpegiak dituen arrastoa, gainera. Hain zuzen ere, mito horren hamaika irudikapen ikus daitezke Tolosako Aranburu jauregian, Gipuzkoan, paratu duten erakusketan. Euskal Herri osoko 42 artistak Mariren inguruan egindako artelanak ikus daitezke. Erakusketa horren bidez, Euskal Herriko artea eta mitologia uztartu nahi izan ditu Zuberoako Algareki Elkarteak.

Mariren argi bilgarrian da erakusketaren izenburua, eta maiatzaren 3ra arte egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era. Mota guztietako artelanak ikus daitezke: margolanak, eskulturak, grabatuak, argazkiak... «Hori da erakusketa honek duen aberastasun nagusietakoa, obrek duten kalitatearekin eta giza balioekin batera. Garrantzitsua iruditzen zaigu, halaber, zazpi probintzietako artistak ordezkatuak egotea, elkarlana ezinbestekoa baita Euskal Herriko arte garaikideari benetan duen balio emateko», azaldu du Pascale de Gilbertek, erakusketako arduradunak. Artelanetako batzuk propio egin dituzte erakusketarako, eta beste batzuk aurrez sortuak zituzten. Jauregiko hainbat gela tan banatutako artelanek, hain zuzen, Mariren misterioan biltzen dituzte ikusleak. Modu errealistan zein abstraktuan, obra guztietan ikusten da haren aztarna. Artelan askotan ikusten da kolore berdea, ama lurraren kolorea, baita suaren laranja edo itsasoaren urdina ere. Sorginak, natura, feminitatea...Bakoitzak bere ikuspegitik heldu dio Mariren mitoari, eta haren esentzia agerian utzi. Ikuspegi historikoa edo didaktikoa baztertu, eta sormena ardatz hartuta. «Haitzuloen barrunbeetatik Anbotoko gailurretara igarotzen da Mari obra batetik bestera; lurraren erraietatik pagadietara, edo ezerezetik sortzen da, literalki, haren distira osoan», dio de Gilbertek.

Epeldek bi eskultura eta bi koadro ipini ditu erakusketan. Bi eskultura dira, baina zuhaitz beretik ateratakoak. «Bertan bi zatitan banatutako zuhaitz bat irudikatzen da. Horren bidez, Mariren feminitatea eta sexualitatea irudikatu nahi izan dut», nabarmendu du Epeldek.

Urdinaren lausoa

Erakusketan parte hartu duen beste artistetako bat da Alberto Letamendi. Ordiziakoa da, baina egun Tolosan bizi da. «Herrian izanda, erakusketa hau berezia da niretzat». Txikitatik entzun izan ditu Mariri buruzko istorioak. «Beti erakarri izan nau mitologiak, eta duela hiru urte konturatu nintzen artearen munduan, eta oro har gure gizartean, galtzen ari zela gure mitologiari buruzko ezagutza. Horregatik hasi nintzen, besteak beste, Mariri buruzko artelanak egiten». Haren lau artelan daude erakusketan: hiru margolan eta eskultura bat. «Bi koadrotan akelarre modu bat irudikatu dut, eta bestean, meta bat. Beti ikusi izan dut meta gure mitologiako parte baten gisa. Txikitan, maiz jartzen nintzen meta baten ondoan, zerura begira».

Koadroek norberaren interpretaziorako lekua uzten duten arren, eskulturan argi ageri da Mariren irudia. Urdinez dago margotua. «Urdinak lausotu itxura ematen dio. Egurra gogorra izanik, indartsua izan arren desagertuz joan den mitoaren itxura eman nahi izan diot» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.