Udako proposamenak

Marik GPSa beharko du

Geocaching oinarri hartuta, hiru eguneko egitaraua prestatu dute Arantzazun (Bizkaia). Aplikazio hori erabiliz egiteko zenbait jarduera antolatuko dituzte.

Geocaching aplikazioko katxe bat, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Geocaching aplikazioko katxe bat, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Sakelakoan jolastu daitekeen aplikazio bat da Geocaching. Mundu errealeko mapa bat ireki eta bertan altxorrak bilatzean datza jokoa. Altxor horiek beste jokalari batzuek ezkutatutako kaxak izaten dira normalean. Kaxak mendian, hirian edo ur azpian egon daitezke, eta zailtasunaren arabera ordenatzen dira. Askok joko moduan ulertzen dute, eta beste hainbatek, lehiaketa bezala. Turismoa egiteko balio duela adierazi dute jokalari batzuek, herri berri batean altxorrek gida moduan funtziona dezakete eta. Beste askok kirola egiteko erabiltzen dute. Baina, oraingoan, euskal mitologiaren inguruan ikasteko balioko du Geocachingek.

Atzo hasi zen 2024ko Geo Mariren egitaraua, Arantzazun (Bizkaia). Geocaching jokalariak atzo elkartu ziren herri horretan, eta gaur izango dute egitarauko egun handia. Atzo, akreditazioak banatu zituzten, eta, era berean, aplikazioko tresna batzuen trukeak egiteko txanda izan zen. Ondoren, denek elkarrekin gozatu zuten jan-edanarekin, eta gauerako jarduera berezi bat zeukaten programatuta, iluntasunean murgildutako parajeetan.

Gaur, 09:00etan hasiko dute eguna. Arantzazuko Montero tabernan gosalduko dute, indarrak hartzeko, luzea izango baita eguna. 10:00etan, eguneko akreditazioak banatuko dituzte, eta aplikazioko tresna eta sariak trukatzeko aukera izango dute. Ondoren, 11:00ak arte, katxeak erakusteko denbora izango da. Katxeak altxorrak dira; hau da, mapan aurkitu beharreko puntuak. Batzuk ezkutatuta egoten dira, eta beste batzuk begi bistan. Jokalariek egindako kaxak izaten dira, eta, ez aurkitzeko lehian, kamuflatu egiten dituzte. Eskulan handiak izaten dira batzuk, eta, horregatik, horiek erakustea ohorea izaten da egin dituenarentzat.

11:00etan, Wherigo festa egingo dute. GPSaren tresna ezberdinak erabiliz sor daitekeen jolas bat da Wherigo. Jokoa bukatzean, talde argazki bat egingo dute herriko plazan, eta, ondoren, bazkaria. Arantzazuko plazan aulkiak eta mahaiak jarriko dituzte antolatzaileek, baina janaria partaide bakoitzak eraman beharko du. Antolatzaileek adierazi dute plazako tabernan ere janaria eskainiko dutela. Hala ere, ondoan supermerkatu bat ere badago, bertan erosi nahi duen ororentzat.

16:00etan, ihes gela bat egingo dute, baina plazan egin beharrean —beste jarduerak bezala—, Arantzazuko kultur etxean egingo dute. 18:00ak arte iraungo du. 17:00etan GPS Garminaz ikasteko ikastaro bat antolatu dute, Arantzazuko kultur etxean hori ere. GPSa da Geocachingen oinarria, eta funtsezkoa da hura ongi kudeatzen jakitea. 20:30ean, Geocachingi buruzko film luze eta laburren txanda izango da, eta, ondoren, afaria, 22:00etan. Azkenik, 23:00etan, Galiziako queimada bat egingo dute, denen artean dastatzeko.

Bihar, mendi irteera bat egingo dute; Arantzazutik atera, eta bederatzi kilometroko bidea egingo dute. 09:00etan elkartuko dira, eta bidean jateko geldialdia egingo dute. Herrira itzultzean, denen artean esango diote agur elkarrekin pasatu duten asteburuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.