Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera aurkeztu zituzten atzo Bilboko udaletxean: Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo. Itziar Urtasunek, Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak, eta Janire Mampasik, Bilboko Konpartsen kideak, aurkeztu zituzten aurtengo jaietako «protagonista nagusiak». Urtasunen esanetan, Renteria eta Pinedok «ezin hobeto» ordezkatzen dute Bilboko jaiek duten «emakumezko aurpegia». Izendapenagatik «oso harro» agertu ziren pregoilaria eta txupinera, eta erasorik gabeko jaiak aldarrikatu zituzten.
Jaien Batzorde Mistoak aukeratu du Renteria pregoilari lanetarako. Zea Mays taldeko abeslari bilbotarrak eskerrak eman zizkien aukeragatik , eta aitortu zuen jadanik «urduri» dagoela: «Arriagako balkoian irudikatu izan dut neure burua gauren batean». Pregoia prestatzen dabilela esan zuen kantariak, eta, oraindik abiapuntua zehazteko duen arren, «emakumearen papera» nabarmentzeko asmoa duela aitortu zuen. «Askok esan didate aste gogorra izango dela. Nik, ordea, ez dut hori uste. Gogorrak beste lan batzuk dira; hau nekagarria baino ez da izango», argitu zuen Renteriak.
Pinedo Osakidetzako erizain eta Pinpilinpauxa konpartsako kidea da. Gaztetatik izan da konpartsakide, eta, Mampasik goraipatu zuenez, «ederki» ordezkatzen ditu jaien balioak: «Feminista, euskalduna eta parte hartzailea da». Pinedo hunkituta agertu zen aurkezpen ekitaldian, eta aitortu zuen «txikitako ametsa» betetzeko zorian dagoela. Erasoen aurkako mezua helarazteaz gain, horien aurkako protokolo bat dagoela gogorarazi zuen txupinerak, eta, beraz, jaietara «seguru eta lasai» etortzeko deia egin zuen.
Datuen arabera, azkenengo urteetan ugaritu egin dira Aste Nagusian izandako erasoak. Argi hitz egin zuen Mampasik: «Gure guneanez dugu onartuko inongo eraso sexista, xenofobo, arrazista edo homofoborik».
Emakumeen presentzia
Zinegotziaren ustez, emakumeek «izugarrizko» presentzia dute Bilboko kulturan. «Aurtengo protagonistak horren eredu dira. Marijaiaren neurriko emakumeak dira, eta Marijaia handia da...», txantxetan aritu zen Urtasun.
Pregoilariak eta txupinerak eskuz esku bizitzen dituzte jaiak. Bederatzi egunetan, orduak eta orduak pasatzen dituzte batera, eta ekitaldietara ere elkarrekin joaten dira. Renteriak argitu zuen ahalik eta ekitaldi gehienetan parte hartuko dutela, jaiak bilbotarrekin pasatzeko asmoa baitute. Hori bai, egunez izan beharko dute, gauak agendatik «kendu» beharko dituztela uste baitu.
43. aldia, gainera, berezia izango da. Izan ere, uholdeen 40. urteurrena gogoratuko dute. Mampasik efemeridea gogoratu zuen aurkezpen ekitaldian, eta azpimarratu zuen ezbehar horri erantzuteko bilbotarren arteko elkarlana nagusitu zela.
Marijaiaren parekoak
Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo izango dira aurtengo pregoilaria eta txupinera. «Erasorik gabeko» jaiak aldarrikatu dituzte biek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu