BILBOKO ASTE NAGUSIA

Marijaia kantuan hasi zenekoa

Kepa Junkera musikariak eta Edorta Jimenez idazleak sortutako 'Badator Marijaia' abestiak mende laurden bete du aurten. Sorkuntza haren parte izan zirenek «alai» gogoratzen dituzte grabazio egunak, eta, diotenez, jaiari «itsatsita» geratu zaio doinua geroztik.

1997. urtean sortu zioten kantua Bilboko Aste Nagusiko ikurrari. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Hemeretzi urterekin hasi zen kantuan Marijaia, eta gaur arte. 1978an sortu zuen Bilboko Aste Nagusirako pertsonaia Mari Puri Herrero artistak, baina 1997an sortu zuten harentzako kanta Kepa Junkera musikariak eta Edorta Jimenez idazleak: Badator Marijaia. Justu duela mende laurden. Herrikoi bilakatu da geroztik. Hainbeste, ezen Jimenezek berak onartu duenez, berari ere tarteka ahaztu egiten baitzaio hitzak berak idatzitakoak direnik. «Batzuetan egon naiz Bilboko Aste Nagusian kantua entzuten, ni ere dantzan, ohartu gabe, eta bat-batean konturatu, ene!, hau Badator Marijaia da! Bene-benetan ez dut nirea denik sentitzen».

Konpartsek izan zuten Marijaiarentzako abesti bat sortzeko ideia, eta hala helarazi zioten enkargua Junkerari. Ordurako musikari ezaguna zen. Hiria diskoa kaleratu berri zuen aurreko urtean, eta beste hamar disko baino gehiago zituen jadanik argitaratuta. Bilbo Zaharrean bizi zen orduan, Maiatzaren 2an zehazki, eta enkargua jaso berritan hasi zen trikitiarekin lanean, etxean zeukan estudio txikian.

2018ko abenduan izandako iktus baten ondorioz, eszenatokiak eta esparru publikoa utzi ditu musikariak, baina, justu hilabete batzuk lehenago, urte hartako abuztuan, hala gogoratu zion une hura El Correo egunkariari. «Oso argi gogoratzen dut arratsalde bakarrean atera zela, azkar batean. Kanta osoa».

Eta orduan heldu zitzaion proposamena Jimenezi.

Elkarrekin lanean zebiltzan ordurako, eta, Jimenezek gogoratzen duenez, aurreko aldietan egin bezala, ahots kolpeak ere markatuta bidali zion Marijaiaren abestia; «orduko kasete haietako batean grabatuta». Junkerak markatutakoari hitzak jartzea izan zen haren lana.

Euskaltzaleak gogoan

Hizkuntzari buruzkoa izan zen Jimenezen lehen kezka, dioenez. Hasieratik izan zuen argi kanta euskara hutsez izango zela, eta ontzat eman zuten proposamena abestiaren sustatzaileek ere. Ordea, euskaldun izan gabe ere, euskaltzale direnak ere gogoan hartu nahi zituen idazleak kantarekin. «Nik nahi nuen euskararen aldeko jarrera duten erdaldun horientzat ere izatea. Eta, beraz, kantua egin nuen erdaldunek ere euskaraz zerbait esan ahal izan zezaten harrotasunez: zerbait ikasten erraza eta ulergarria».

Kantagarri izan zedin ere nahi zuen, noski, eta euskal tradizioarekin ere lotu nahi zuen pertsonaia. «Mari ez da inongoa», jarraitu du azalpenarekin. «Mitologikoa izanik, behar genuke pentsatu ez dela Bilbokoa, Bilbora etorri dela baizik, eta berriro joango dela, eta agertuko dela beste nonbait. Beste leku batzuetan ere ager daiteke Marijaia. Asmo hori izan nuen buruan».

Bestalde, idazleak ezagun zuen Aste Nagusia, eta haren askotarikotasuna ere bildu nahi izan zuen estrofetako batean. «Zapia lepoan/ alkar hartuta/ kolore guztiak/ dantzetan».

Eta, hain justu, gero dator abestiko esaldi adierazkorrenetako bat. «Goxa eta erlojua/ ez ei doaz batera/ bata edo bestea/ zoratu egin da». Jimenezek azaldu duenez, «Bilboko lehen idazle ezagunari» egin nahi izan zion keinu esaldi horrekin; Rafael Mikoletari, alegia. Modo Breve de aprender la lengua Vizcayna izeneko ikasketa gida eman zuen argitara idazle hark 1653. urtean, eta han dator abestiko esaldia. Jimenez: «Mikoletaren esaldi hori da desfasearen definiziorik onena. Nik Bilboko euskarari egin nahi izan nion omenaldia hor».

Kantua ez da hitz huts, ordea. Kantua ere behar du. Zehazki, abestiaren bost bertsio grabatu zituzten 1997an, eta lagun talde handia bildu zuten garai hartan Deustuko etxabe batean zegoen Tio Pete estudioan horretarako.

Teklatu elektriko baten arrapaladako nota kolpe labur batek ematen dio hasiera kantuari, eta istantean datoz hitzak, erritmo pausatu xamarrez, hasieran behintzat. «Aste Nagusia/ bakarra dago,/ hamar gauekoa/ munduan». Gorka Sarriegiren ahotsa da entzuten den lehena; orduan, Sorotan Bele taldean zebilen kantaria, eta bigarren estrofan dator Alex Sarduiren ahotsa. «Abuztuan Bilbon/ denok kalera/ katuak eurak be/ jaietan». Exkixu taldeko abeslaria zen orduan Sardui, eta Gatiburen estudioko hamargarren diskoa izango denerako kantak prestatzeko lanetan eten bat eginda berritu dio ordu hartan bizitakoa BERRIA egunkariari.

Aire berriko trikitiak

«Kepa Junkera gori-gorian zegoen sasoi hartan». Hitzez ekarri du gogora abeslariak lehen-lehenik, eta kantu txikian jarraitu du azalpenarekin gero. «Tan, taran tan, tan, tan, taran, tu-tu-kan, tu-tu-kan, naranaran... Erritmo horiek lehen ez ziren erabiltzen tritikitiagaz: Junkerak zabaldu zuen bena berria, eta primeran. Gainera, 90eko hamarkada hartan trikiti mugimendu berri bat bere egon zen: Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Urgabe, Gozategi... Zer egon zen orduan! Triki-meneoa!».

Berehala izan zuen harrera beroa abestiak, Sarduik dioenez, eta Aste Nagusiari «itsatsita» ikusten du kanta gaur egun.

Sardui eta Sarriegi ez ezik, Maixa Zugasti, Itziar Oreja, Natxo de Felipe, Anton Latxa, Ibon Koteron Francis Diez eta beste haimaka lagun ere bildu zituen Junkerak grabazio saio haietarako. Konpartsetako kideen hainbat umek ere grabatu zituzten koruak, eta han izan ziren Maialen Lujanbio, Nerea Zuloaga, Felix Ugarriza eta Irkus Robles Arangiz ere.

Leire Bilbao idazlea ere entzun daiteke abestiko koruetan. 18 urte zituen orduan, eta bertsotan aritzen zen artean. Aurrez, kolaborazio txiki bat egina zuen Exkixurekin, 1995eko Ibilaldia jairako abestian. Eta, haren ustez, zirrikitu horretatik heldu zitzaion Marijaiaren abestiaren grabazio saioetarako gonbita. «Egun oso alaia izan zela, oroitzapen hori daukat, jai-giro moduko batean egin genuela dena».

CD formatuan kaleratu zuten abestia konpartsek, eta 5.000 kopia egin. Badator Marijaia abestiaren bost bertsioez gainera, beste lau kanta ere bazekartzan. Iruñetik Bilbora; Salto saltoka; Kalez kale; eta Karajaioke. 1.000 pezetaren truke jarri zuten salgai, eta, Egunkaria-ren hemerotekak gogora dakarrenez, egunkariak doan eman zizkien Bilboko egoitzara bila joan ziren lehen 50 pertsonei.

Junkeraren konposizioetan ohikoa den apurtze bat ere badu abestiak erdi aldera. De Felipek abestutako estrofaren ondoren dator etena, zehazki. «Zapia lepoan/ alkar hartuta/ kolore guztiak/ dantzetan». Bateria kolpe batzuk, eta orduan agertzen da trikitia lehenengoz kantuan, une horretara arte lasai doana berpiztu eta benetako festari hasiera emateko. Harena da protagonismo osoa puntu horretan. Hor egiten du gora kantuak. Eta hor pizten da festa aldiro. Duela 25 urte hasita.

Inpaktu zuzena

Junkerak egindako lana goraipatu du Jimenezek. «Eskarmentu handia zuen, eta herri musika sakon aztertua zeukan. Bizkaiko trikitiaren tradizioa ezagutzen zuen, maite zuen eta miresten zuen, eta ikusten zituen trikiti zahar guztiak erosten zituen: sekulako bilduma zeukan! Argi ikusi zuen kantua aurrera joango zela. Bazekien trikitiak bere garaian jendea jartzen zuela gaur egun beste musika batzuekin bezain kolokatuta, aztoratuta eta haluzinatuta. Eta kanta hori egin zuen. Sinesten zuen».

Abestiaren inpaktua lehen lerrotik bizitzeko aukera ere izan zuen Junkerak. Marijaiaren abestia sortzeaz gainera, Rekalde auzoko Eskalariak konpartsako kide ere izan zen gaztetan musikaria, eta 2007an pregoilari ere hautatu zuten. Larraitz Cisneros Altza Porrue konpartsako kidea izan zen txupinera urte hartan, eta suziria lehertu ostean heldu zen sorpresa. Junkera trikitiarekin atera zen Arriagako balkoira, eta, abestiaren lehen akordeak jotzerako, kantuan hasi zen jendea. Indar betez. Eta herrikoi bilakatzen diren kantuekin gertatu ohi denez, oso litekeena da, orduan ere, kantuan ari zenetako batzuek ahaztua izatea kantua hark sortua zenik ere. Seguruenik, arrazoiz. Azkenerako, kantuak kantatzen dituenarenak ere badirelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.