BILBOKO ASTE NAGUSIA

Marijaia errautsetan erreta amaitu dituzte Bilboko jaiak

22:00etan izan da ekitaldi nagusia, itsasadarrean. 'Agur Marijaia' abestean, konpartsa guztiek argiak itzali dituzte hurrengo urtera arte.

Marijaia erretzen, 2019an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Nagore Arin.
2022ko abuztuaren 28a
11:23
Entzun

Bederatzi egunen ostean, atzo amaitu ziren bi urte luzez itxarondako 42. Bilboko jaiak. Aurtengo Aste Nagusiaren pregoilari Itziar Lazkano eta txupinera Iratxe Palacios lagun dituela esan die agur Marijaiak jai kutunei: 22:00etan egin dute ekitaldi nagusia, itsasadarrean, eta jende andana bildu da.

Ohi bezala, Marijaiari su eman diote ekitaldian, eta errautsen artean desagertu da hurrengo urtera arte. Marijaia erre baino lehen, azken aldiz hitz egin du Lazkano pregoilariak, eta, jarraian, Iratxe Palaciosen txanda izan da, amaierako suziria bota baitu. Aurreko aldietan bezala, doinu dorreak jarri dituzte ibilbidearen bi aldeetan, ekitaldi nagusia jarraitzeko parada izan dezaten guztiek. Agur Marijaia abestean, konpartsa guztiek argiak itzali dituzte.

Hori baino lehen, 21:30ean, aurreskua dantzatu diete Itziar Lazkano pregoilariari eta Iratxe Palacios txupinerari: Uribitarteko kaian egin dute hori, Pio Barojaren Pantalanaren parean. Aurten, Deustuko Arraun Elkarteko kideek agurtu dituzte Lazkano eta Palacios, zuriz jantzita eta jaietako zapi urdina soinean.

Erasoak izan dira

Eraso ugari izan dira azken egunotan hirian. Bilboko jaiak hasi eta bi egunera, zazpi ziztada kasu salatu ziren. Bart ere ziztada salaketa bat jaso zuen Poliziak, eta sexu eraso bat ikertzen jarraitzen du. Bilboko Udaltzaingoak ere Aste Nagusian ziztada ugari egin dituen susmagarri bat identifikatu zuen atzo. Gaur zabaldutako datuen arabera, hamabost sexu eraso salatu dira Aste Nagusiak iraun duen bitartean.

Eraso horiek gaitzesteko, ehunka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Arriaga antzokiaren parean egin zuten eraso matxisten aurkako giza katean. Bilboko Konpartsek antolatu zuten, eta ozen egin zuten oihu sexu erasoen aurka, Erasoen gainetik... Aste Nagusia defendatu lelopean. Protestara gerturatu ziren guztiek argi utzi zuten jai eremuan ez dutela «inolako erasorik onartuko», eta eraso mota guztiak gaitzetsi zituzten.

Bestalde, guztira 1.609 delitu salatu dituzte Bilboko Aste Nagusian, 2019an baino %1,6 delitu gehiago. Horietatik %73 lapurreta delituak izan dira. Azken 24 orduotan, gainera, 26 pertsona atxilotu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.