Kazetaritza

Mariano Ferrerren ondare dokumentala Lazkaoko Beneditarren Fundaziora eraman dute

Ferrerren familiak erabaki du dokumentazioa Lazkaoko fundazioan gordailutzea, «espektatibarik onenak eskaini dituelako dokumentazioa katalogatzeko eta digitalizatzeko».

Mariano Ferrer. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 24a
13:58
Entzun

Mariano Ferrer (Donostia, 1939-2019) kazetaria eta irrati esataria izan zen. Artikulugile aritu zen, idatzizko hedabideetan iritzi emaile, irratian eta telebistan kazetari, eta unibertsitatean kazetaritza hizkuntzako irakasle. Haren bizitza profesional luzean landutako hainbat dokumentu biltzen ditu Ferrerren artxiboak: informazioa, analisia, azterketa eta teorizazioa. Familia arduratu da ondare hori guztia gordetzen —bereziki, Carmen Rizo alarguna—. Eta familiak ondare dokumental hori Lazkaoko (Gipuzkoa) Beneditarren Fundaziora eraman du gaur; Lazkaoko Beneditarrak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lazkaoko Udala dira fundazio horretako kideak.

Familiak adierazi du Lazkaoko fundazioari eskaini diotela kazetariaren ondarea, «proposamena jarrera onarekin hartu dutelako, eta konfiantza profesionala eta espektatibarik onenak eskaini dituelako dokumentazioa katalogatzeko eta digitalizatzeko».

Ferrerren familiak azaldu duenez, beste bi arrazoik ere izan dute eragina erabakia hartzeko orduan: «Lehenik, Ferrer donostiarra zela eta lan gehiena Gipuzkoan eta gipuzkoarrentzat egin zuela —adibidez, egunero irratian—; eta, bigarrenik, Lazkaora erraz hel daitekeela Euskal Herriko edozein txokotatik, eta kontsultak egin nahi dituztenen joan-etorriak erraztuko dituela horrek».

Datozen hilabeteetan, dokumentazio guztia katalogatu eta digitalizatuko dute Lazkaoko Beneditarren Fundazioan. Prozesu hori amaitu ostean, interesa duen edozein herritarrek, ikertzaileek eta ikasleek eskura izango dute Mariano Ferrerren artxiboa.

Artxiboa Lazkaora eramateko erabakia ekainaren 24an jakinarazi zuen Carmen Rizo alargunak, EHUren udako ikastaroetan. Bi eguneko ikastaro horretan, Ferrerren bizitza eta obra aztertu zuten hainbat adituk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.