Kazetaritza

Mariano Ferrer kazetariari eskainitako liburu bat argitaratu dute

EHUko udako ikastaroetako bat Mariano Ferrer kazetariari eskaini zioten iaz, eta han esan zirenak liburu batean jaso dituzte. Mariano Ferrer. El periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa du izenburua liburuak. Ereinek argitaratu du.

Liburuko parte hartzaileetako batzuk. JON URBE
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 22a
12:09
Entzun

Zuri-beltzezko argazki bat, 1970eko hamarkadaren amaierakoa. Donostiako Parte Zaharreko Konstituzio plaza edo Plaza Berria. Izkina batean udaltzain bat, bi mutiko hizketan, eta atzean Mariano Ferrer (Donostia, 1939-2019). Kazetaria pentsakor ageri da, behatzaile, kaleari begira. Argazki hori jarri dute Mariano Ferrer. El periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa liburuaren azalean. Kazetariaren begiek irudikatzen dute haren ahotsa.

«Ferrer zendu eta bi urtera, irrati esatariaren senide eta lagun batzuk elkartu ginen, haren ondareari jarraipena emateko. Talde txiki bat osatu genuen orduan», aipatu du Esther Ferrerrek, kazetariaren alabak, gaur Donostian. Mariano Ferrerren Legatua izeneko lagun taldea osatu, eta egindako proposamen batek udako ikastaro batean eman zuen fruitua, iazko ekainean. Urtebete geroago, liburu batean bildu dituzte ikastaro hartan kazetari donostiarraren gertukoek esan zituztenak. Elixabete Garmendiak koordinatu du liburua, eta Ereinek argitaratu. Testuak euskaraz eta gaztelaniaz daude, ikastaroan ere hitzaldiak bi hizkuntza horietan egin baitziren.

Garmendiaren iritziz, kazetaritza eskoletarako material «bikaina» izan daiteke liburua. «Eta irakurgai interesgarria gure herriaren historia soziopolitikoa ezagutzeko». Ferrerren kazetaritzaren jomuga dago horietan. El Kiosko de la Rosi irratsaioko aurkezlearen alde pertsonala ere ageri da testu batzuetan. Esate baterako, SOS Arrazakeria taldeari ematen zion laguntzaz mintzatu zen Karlos Ordoñez —talde bereko kidea— ikastaroan, eta hala dago jasoa liburuan ere.

Garmendiak gogoratu duenez, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak iaz esan zuen Ferrerren biografia idatzi behar litzatekeela. Garmendiak aipatu duenez, jada badaude Imanol Murua Uriaren Mariano Ferrer. Lo que dije y digo liburua (Ttarttalo, 2011), eta orain Ereinek argitaratu duena. «Baina falta da biografia hori oraindik».

«Bake kazetaritza»
Iazko ikastaroan parte hartu zutenen artean, Bernardo Atxaga idazlea dago. Eta gaur ere mintzatu da, liburuaren aurkezpenean: «Ferrerrek bi etsai zituen: isilkeria eta hizkuntzakeria». Isilkeria Ferrerrek diktadura garaian bizi behar izan zituenekin lotu du Atxagak. «Gaur egun, ordea, gero eta gehiago egin du aurrera hizkuntzakeriak, teknologia berrien eraginez». Asteasun (Gipuzkoa) jaiotako idazleak hala uste du: «Hizkuntzak berak gezurra dakar». Atxagak nabarmendu du Ferrerrek egunez egun «sekulako lana» egin zuela irratian; besteak beste, egunkariak aztertzen. «Zergatik sartu zen Mariano ofizio horretan? Jende askok maite zuen, baina ziur nago oinazeak izan zituela».

Ramon Zallo EHUko irakasle emerituak Ferrerren hainbat ezaugarri nabarmendu ditu: «Humanista hausnartzailea zen, politikaren analista, behatzailea, donostiarra izateaz harro». Ez zen garaiko ildo politiko jakin batekoa. «Humanista autodidakta bat zen, ezkertiarra, pertsona handia». Zallok zera nabarmendu du Ferrerren kazetaritzaz: «Gerra kazetaritzaren aurrean, bake kazetaritza egin zuten bakanetakoa izan zen. Propaganda baztertzen zuen, estereotipoak ere bai, eta ahotsa ematen zien ahotsik ez zutenei. Sendoak ziren haren oinarri etikoak». Irakasle emerituak garai batean egin zen «lubaki politikoetako kazetaritza» kritikatu du, eta Ferrerrena goraipatu.

Esther Ferrerrek eskerrak eman dizkie liburuan parte hartu duten guztiei. «Iazko ikastaroko edukiak askotarikoak izan ziren: kazetari ofizioaren ezaugarriak jaso ziren, eta Marianoren bizipen pertsonalak agertu». Ikastaroaren amaieran, Mariano Ferrerren Legatua taldekoek erabaki zuten lan hura baliatu behar zela. «Eta erraza izan zen liburua argitaratzeko erabakia. Baina ez da hain erraza izan aurrera egitea eta argitaratzea, eta Elixabete Garmendiari eskerrak eman nahi dizkiot», esan du Herri Irratiko esatari zenaren alabak. Izan ere, mahai inguruak egokitu egin behar izan dituzte irakurketarako.

Izenburuari dagokionez, Ferrerren kazetaritzak ezaugarri eta definizio ugari ditu. «Baina gogoetazkoak laburbiltzen ditu denak, eta hori aukeratu genuen». Hala ageri da Ferrer azaleko argazkian ere, «behatzaile pentsakor».

Elixabete Garmendia, Martxelo Otamendi, Bernardo Atxaga, Ramon Zallo eta Karlos Ordoñezenak ez ezik, beste lagun hauen hitzak ere jasoak daude liburuan: Sabino Ormazabal, Txemi Apaolaza, Maria Pilar Rodriguez, Txema Ramirez de la Piscina, Pedro Ibarra, Pilar Kaltzada, Imanol Murua Uria eta Leire Iturregi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.