Kazetaritza

Mariano Ferrer, goizeroko independentzia

Mariano Ferrer kazetariaren lana gogoeta gisa hartu dute EHUko udako ikastaro batean, Donostian. Hainbat irakaslek eta ikerlarik esan dute Ferrer ez zela inoiz agintearen bozgorailu izaten.

Leire Iturregi, Imanol Murua eta Txema Ramirez de la Piscina. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 22a
17:42
Entzun

Mariano Ferrer kazetari, irrati esatari, analista politiko eta zutabegilea (Donostia, 1939-2019). Ez nolanahikoa. «Euskal gatazkaren Kapuscinski», EHUko irakasle emeritu Ramon Zalloren arabera. Metafora bat jaurti du Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta ikertzaileak: «Euria ari du ala ez? Ireki leihoa ba». Hala egiten zuen Ferrerrek. Herri Irratiko goizetako ahotsa zenak kazetaritza jardunean zuen independentzia nabarmendu dute gaur hizlari gehienek EHUren udako ikastaro batean —bihar izango du bigarren eta azken eguna Kazetariza politikoa konpromiso sozial eta etiko gisa. Mariano Ferrer izenburupean—.

Zallok Ferrerren zutabegintza aletu du. El Mundo del País Vasco-n aritutako bost urteak, bereziki. «Mariano gehiago zen pentsamendukoa, ideologiakoa baino. Pentsamendu humanista zuen, ezkerrekoa, eta indarkeria guztien aurkakoa». Kazetari politiko «konprometitua» zen, «ez zen edonolako analista bat». EHUko irakasle emerituak ondo ezagutu zuen Ferrer, eta «behatzaile pribilegiatua» zela uste du. «Ñabarduren eta testuinguruen analista zen. Ez zen egia absolutuen zale, baizik eta hari finekoa. Gogoetazalea, kultua, humanitate lasaia zuena». Hitz jokoen zalea ere bazela gogoratu du. «Eta kapaza zen denei koloreak ateratzeko». Alderdi politiko guztiak kritikatzen zituen. «Eslogan binarioak gorroto zituen, lubakien silogismo sinplisten aurkakoa zen, baita aurkariaren kriminalizazioaren kontrakoa ere». Eta, hala ere, ez zen ekidistantea. «Giza eskubideen aldekoa zen bera».p>

Eta nolakoa zen haren kazetaritza? Zalloren definizioa: «Zentzu osoan librea zen; kazetaritza zintzo eta kritikoa egiten zuen, hezigarria eta erantzukizunez betea».

Gobernadoreari: Nahiko!

Ikastaroko lehen egunean, Ferrerren lanaz hitzaldia eman du Maria Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Baita Pedro Ibarra EHUko irakasleak ere. Ibarrarren arabera, Ferrerrek botere politikoak izan behar zuenaren begirada propioa zeukan: «Hustasun demokratikoa arbuiatzen zuen, sinesten baitzuen gizarte zibilak demokraziaren eraikuntzan parte hartu behar duela». Ibarraren arabera, Donostiako kazetaria bere sareetan eta adiskidetasunetan bizi zen, eta hortik zetorkion demokrazia sakona desiatzeko kontzientzia.

Gaur egungo kazetaritzaren inguruko solasaldi bat egin dute, Pilar Kaltzadak gidatuta, Ramirez de la Piscinarekin, Imanol Murua Uria kazetari eta EHUko irakaslearekin eta Leire Iturregi EHUko irakaslearekin. Ramirez de la Piscinak gogoratu du Herri Irratiko esatariari ez zitzaiola gustatzen prentsaurrekoetara joatea, «distantzia» mantentzeko. «Marianok nabarmentzen zuen ez zela komeni egunero iturriekin egotea». Horri lotuta, pasadizo bat kontatu du Imanol Murua Uria kazetari eta EHUko irakasleak: «Herri Irratian nahiko hasiberria zela, Marianok orduko gobernadorearekin harreman pertsonala zuen, eta harekin bazkaltzen zuen tarteka. Goiz batean ez zuen gogoeta kritikoa egin, gero gobernadorearekin bazkaldu behar zuelako, baina hura izan zen azkena: esan zion ez zuela harekin gehiago bazkalduko».

Ramirez de la Piscinaren arabera, Ferrerrek agintearen bozgorailu ez izatea praktikatzen zuen. «Ahots propioa izateko gaitasuna zuen». Kazetaritzan sinesgarritasuna «egiaren bilaketak» ematen duela iruditzen zaio Muruari: «Egunero erakutsi behar duzu hori, eta Ferrerrek bere independentzia erakusten zuen egunero: ahalik eta zorrotzen, eta ahalik eta zintzoen».

Sarri aipatzen da hedabideen sinesgarritasuna jaitsi egin dela herritarren artean. Baina baikor mintzatu da Murua: «Hedabideen ekosistema osasuntsua dugu Euskal Herrian, eta Marianoren lanaren bidetik gertuago dago beste toki batzuetan baino». Ramirez de la Piscina iritzi berekoa da: «Tamaina txiki eta ertaineko euskarazko hedabideen sarea oso zabala da, eta ez dugu behar bezala baloratzen».

Iturregik ohartarazi du kazetarien baldintzak eskasak direla sarri. «Aldiz, komunikazio bulego indartsuak daude, audioak eta bideoak bidaltzen dituztenak». Halakoen aurrean, Ferrerrena bezalako «marka bat» garrantzitsutzat jo du, «erreferentea» baitzen. «Baliorik handiena duena irizpidea izatea da».

Ramirez de la Piscinak funtsezkotzat jo du alfabetatze mediatikoa, herritarrak «ahalduntzeko». Nabarmendu du herri ekimeneko hedabideak lagundu behar direla. Bestalde, ez du uste paperezko egunkariak desagertuko direnik. Murua Uriaren iritziz, bestalde, kazetaritza «etengabeko eredu bilaketa» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.