Maria Pazek bere buruari

Oharrarazi zigun Garazi Ansa Arbelaitzek orain hurrengo 'Jakin'-en. Aurten, Maria Paz Jimenezen heriotzaren 50. urteurrena. Artistari erakusketaren bat eskaintzeaz ere ari zen Ansa Arbelaitz. Eta hortxe, Donostiako Kubo aretoan, Jimenezen lanak.

Maria Paz Jimenezen autorretratua. ZALDI ERO
Maria Paz Jimenezen autorretratua. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
2025eko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Anaitasuna-ren zenbaki hau 1979ko abendukoa dugu. Artikulua I. [Itziar] Berroak sinatua dator, eta lerroburu hauxe du: «Maria Paz Jimenez, herrian zaitugu». Eta hasi da Berroa: «Pasai Antxon taberna-artegela bat eratu dute. Lala eta Juanan izan ziren ideia aurrera eraman zutenak. Artea herrira eramateko modurik onenetakoa dela esan dezakegu, orain arte izan duen arrakasta ezagutuz gero.

»Inoiz erakusketa, museo edota bestelako arte-aretorik ikusi ez dutenek, Pasaiatik irten gabe, ardo bat edatera doazen bitartean, Zumeta eta Arozenaren koadroak ikusteko aukera izan dute.

«Bizitza karga pisua da niretzat. Hemen jarri naute eta, bizi izan naizelako sentsazioa inoiz eduki gabe, benetan dakidan gauza bakarra da hil egingo naizela»

MARIA PAZ JIMENEZArtista

»Aste hauetan, Maria Paz Jimenezen erakusketa bat ari zaizkigu eskaintzen. Duela lau urte hil zen emakume honen lanari, benetan hunkigarria deritzogu».

Donostia, Bilbo

«Maria Paz, 1909an jaio zen Valladoliden [Espainia]. 6 urte zituela, Donostiara ekarri zuten eta, geroztik, hemen eta Bilbon izan zuen etxea.

»Jadanik 12 urteetan, ikusten duen guztia marrazten du maisurik gabe, inolako irakasketarik gabe. Ostondoaren misterioaz suharturik agertzen zaigu emakume hau lehen urteetarik, berak idazlan batzuetan aitortzen digunez.

»Buenos Airesen egon zen 1930etik 1945era arte, eta han egin zuen lehen erakusketa. Kritikak oso onak izan ziren eta bere pintura surrealismo esoteriko-tzat hartu zuten. Garai hartako lanetan, eterargi (?) batez inguraturik gorantz ihes egiten duten izaki poetiko eta arraro batzuk ikus daitezke.

(ID_14713163) (/EZEZAGUNA) nestorbasterretxeakmariapazjimenezi
Nestor Basterretxeak Maria Paz Jimenezi egina. ZALDI ERO

»1945ean berriro Donostiara etorri zen eta bere pinturak aldaketa sakon bat egiten du. Beti poetikoa izanik, bizitasun indartsuago bat hartzen du eta marrazkiari garrantzi handiagoa ematen dio.

»1962 eta 66 artean, bere hitzetan, ‘kreatze krisi sakon bat’ dauka; berriro oliora jotzen du, pintura plastikoak eta haren itsatsiak alde batera utzita.

»Maria Pazek hiltzeko hilabete falta zitzaionean, 65 urte zituela, zera esaten digu: ‘Kolorea, forma, poesia etab. helburu bat lortzeko bide teknikoak besterik ez dira, nire kasuan, irteera bat, eskapu bat, gainditzea permiti diezagun errail edo zulo bat kartzela espazialean’.

«Ispiluari begira jartzen naiz eta ez dut ezagutzen bertan islatzen den presentzia hori. Ez dut inoiz ezagutu. Eta orain, gainera, ez zait ikustea gustatzen»

MARIA PAZ JIMENEZArtista

»Bere azken urteetan, zurez esperimentatzen hasi zen, eta hasieran esan nahi zuen gauza bera eskaintzen digu, hots, espazioaren interpretamena edo, hobeto, interpreta-nahia.

»Misterioaren erakarpenean sarturik dagoen emakume honek, bere bizitzaren bukaera datorkiola ikusten duenean, eszeptizismo hutsa dauka konklusio bakartzat. Hona hemen 1968an idatzi zuen Carta a mí misma-tik (Gutuna neure buruari) ateratako zenbait erakusgarri».

Gutuna

Eta Itziar Berroak hautatutako esaldi solteak gabe, hona Maria Paz Jimenezek idatzitako testua. 1968an idatzia da, Ane Lekuona doktoreak jakinarazi digunez. Hauxe artistak bere buruari idatzitako gutuna, euskarara ekarria…

«Munduan nago. Min fisikoarekiko sentiberatasuna dudala sentitzen dut, eta, are gehiago, sufrimendu moralarekiko sentiberatasuna. Bizitza karga pisua da niretzat. Hemen jarri naute eta, bizi izan naizelako sentsazioa inoiz eduki gabe, benetan dakidan gauza bakarra da hil egingo naizela. Ez dut desio, beldurrik ere ez diot, baina horretan pentsatzen dudanean, hutsune izugarria sentitzen dut, eta beharrezkoa zait arnasa sakon hartzea, alibiatzeko.

(ID_14713162) (/EZEZAGUNA) mariapazjimenezkatalogoaanaitasunaaldizkarian1979
I. Berroaren artikulua, 'Anaitasuna' aldizkarian, 1979an. ZALDI ERO

»Baditut izen bat eta deitura bat. Bizitza den abentura beldurgarri honetan nirekin bat egina den familia bat. Baditut lagunak, zoriak ezagutarazi eta estimarazi dizkidanak. Pertsona horietako edozein ezagunagoa zait, eta hobeto ulertzen dut, neure burua baino. Ispiluari begira jartzen naiz eta ez dut ezagutzen bertan islatzen den presentzia hori. Ez dut inoiz ezagutu. Eta orain, gainera, ez zait ikustea gustatzen. Bakarrik begiek, begiratu nekatu eta eszeptikoak, lotzen dute, segundo iheskorren batean, izaki islatu hori, neu naizen beste pertsona horren barruan dagoen zer bat definiezinarekin.

»Txikitan, nerabetan eta gaztetan izan nintzena amets urrun, triste, zentzugabe bat bezala gogoratzen dut. Ez dut inoiz kontakturik izan inguratzen ninduenarekin eta, nolabait, horrelaxe segitzen dut, nahiz orain beste era batera den. Beste garai batekoa, amets bat bezalakoa zait; oraingoa, amesgaizto bat bezalakoa, aktuala delako eta ingerada larriak dituelako, zeren natura deitzen diogunaz egiten dudan behaketarekin nahasten baita, eta badakigu ikuskari hau ez dela bihotz-altxagarria.

«Gutxi bidaiatu dut, baina, hala ere, denbora galdu dudala iruditzen zait, ezagutu nuen ezerk ez baitu nire baitan aztarnarik utzi»

MARIA PAZ JIMENEZArtista

»Gutxi bidaiatu dut, baina, hala ere, denbora galdu dudala iruditzen zait, ezagutu nuen ezerk ez baitu nire baitan aztarnarik utzi. Nire ezjakintasuna erabatekoa da gauza guztien gainean, baina uste osoa dut jakituria miresgarria banu ere, horrek ez zukeela ezertan aldatuko bizitzarekiko dudan eszeptizismoa. Zerk edo nork esan diezadake ezer muntazkorik, ni ziurtasun horietatik atera nazakeena?

»Hil egin behar dut. Ezer ez da aldatuko niretzat. Ezin diet lagundu nireei, ezin dut. Ez nuke, hala ere, berriro bizitzen hasi nahi, eta, bestalde, oraindik ongi nago, batzuetan, nire azalaren barruan, baina horrek ez du kezka hau alde batera uzten, itxaropenik gabe itxarote hau.

»Pinturak, edo beste edozein sorkuntzak, bizitzari esanahirik ematen dio? Baliteke baietz, eta, nolanahi ere, beharbada justifikazio morala da. Izan ere, indar handienaz sentitzen duguna balio moralak dira.

«Jada, ez dago galderarik, ez baitago erantzunik. Ez erreboltarik ere. Eta hobe da horrela (…) Badator gure bizitzako unerik inportante eta dramatikoena»

MARIA PAZ JIMENEZArtista

»Zer da Natura justiziaz dugun zentzuaren aurrean? Ez da ongi ateratzen azterketa inkoherente, xahutzaile, krudel, iskanbilatsu honetatik, axolagabe bere esperientzia, gure begietara eroen arrakasta zein porrotagatik, noranzko eta norabide guztietara jokatzen, ezer ez inor errespetatu gabe. Bere botere eta jakituriak harritzen gaitu, eta aztoratzen gaitu dohain horiez egiten duen erabilera dela-eta.

»Zer da bizitza? Zer da inguratzen gaituen hau dena, hain misteriotsu eta zeharkaezin? Hiltzen naizenean, Rostandek bezala esango dut: ‘Bizitza zeharkatu dut ulertezintasun ikaragarriko egoera batean’. Uste dut konplexutasun horrek denak zentzuren bat badu ere, ez dugula ulertzeko baimenik, eta ez dugula inoiz izango.

»Baina adin honetan dena onartzen da. Jada, ez dago galderarik, ez baitago erantzunik. Ez erreboltarik ere. Eta hobe da horrela. Beharbada, lasaitasun-egoera baten hasiera da, zeinaren premia handia izango baitugu. Badator gure bizitzako unerik inportante eta dramatikoena. Ez dugu gehiago sufrituko. Ez gara biziko ere».

Itziar Berroaren azken puntua

«Maria Pazek pertsona bezala esaten digu hau [gutunaren edukiaz ari da], eta emakumea zenez, nahiz eta hitzez bere egoera berezia ez agertu, bere pinturen bidez azaltzen digu. Pertsonaiak pintatzen dituenean emakumezkoak izaten dira ia beti, eta ez direnean, sexurik gabeko izakiak ikusten ditugu, guztiz idealizatuak.

»Edozein pertsonak bere draman parte hartzen badu koadro hauek ikustean, are gehiago emakumeok. Dena dela, une onak ere pasa zituen mundu honetan, bere lagunei eman zien maitasuna froga izan baldin badaiteke. Lagun hauek gogoan daukate samurtasun hura. Blas de Oterok Ante la pared: el lienzo, el aire (Hormaren aurrean: mihisea, airea) poema eskaini zion. A. Ubedak honela idazten du: ‘...ezin dotoreago ihes egiten du... ez lehenago, mirari-egile, gizaki oro bere adiskide bihurtu gabe...’. Oteizak, Balerdik, Basterretxeak, eta hain ezagunak ez diren beste hainbestek...

»Bere obra hemen geratu zaigu: Pariseko, Madrileko eta Bilboko Arte Modernoko museoetan eta Donostiako San Telmon.

»Eta herrian ere bai. Pasai Antxon pintatzaile honen lana ikusteko izan dugun aukera, Lala eta Juanani zor diegu. Beste tokietan ere honelako taberna-artearetoak sortuko balira, asko irabaziko genuke, zinez. Herri bateko giroari indar berria ematen diote horrelako jarduerek.

»Pasai Antxon, Ikusmira [taberna eta arte-aretoaren izena], behar genuen toki lasai, alai eta emankorra bihurtu zaigu.

»Eta hor dabil Lala, jo eta ke, beste erakusketa bar prestatzen. Hau argitara orduko, seguraski Maria Pazek beste bati utziko dio tokia, baina ez dugu ahaztuko emakume hau; hain izan da sakon guretzat...».

Orduan bezala, ezin ahantzia Maria Paz Jimenez.

JIMENEZI BASTERRETXEAK

Itziar Berroa zentzuz eta garunez ari zitzaion irakurleari, jakinaren gainean, Maria Paz Jimenez Escuderok (Valladolid, Espainia, 1909-Donostia, 1975) munduan momentu onak igaro zituela esanez. Lagunei eman zien maitasuna darabil Berroak froga. Eta maitasunari maitasun, artistak artistari, Nestor Basterretxeak Maria Paz Jimenezi eskainia errekuperatu zuen Berroak Anaitasuna-ko artikuluan...

Ilargi beltzaren argi bezala

heltzen zaigu misteriotik,

bere samurtasun neurrigabearen zeru altuetatik

Maria Paz,

gure oroitzetara

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.