1977ko azaroaren 9an, Maria Isabel Gutierrez Velascoren gorpua kiskalita agertu zen, Basauriko kartzelan (Bizkaia). Kantabriatik zetorren (Espainia), Bilboko Gorte kalean aritzen zen prostituta, hainbat psikiatrikotan sartua zuten, eta, hil zenean, 23 urte zituen, eta 4 urteko seme bat. Sei urteko ikerketa sakon baten ondoren, Gutierrez Velascoren bizitza irudikatu du Andrea Momoitio kazetariak (Ortuella, Bizkaia, 1989) Lunática liburuan (Libros del K.O., 2022). Heriotzaren azalpen ofizialak konbentzitu ez, eta prostitutek greba efimero bati ekin zioten. «Hainbeste gauza txiki ohiko gertatu zitzaizkion, ezen eragin baitzuen zerbait historikoa, garrantzitsua eta ezohikoa».
Zergatik interes hori Maria Isabel Gutierrezengan?
Lehenengo, Gorte kaleko prostituten greba ezagutu nuen, auzoan entzuna nuelako. Mugimendu feministak lehen greba orokorrera deitu zuenean, 2018an, Píkara-n [Píkara Magazine aldizkaria] beste greba batzuei buruzko atal berezi bat egin genuen, eta nik horren inguruko erreportaje bat egin nuen. Grebari buruzko jakin-mina ase nuen, baina ez Maria Isabeli buruzkoa.
Zer dela eta?
Zalantzak geratu zitzaizkidan: nor zen emakume hori? Zergatik zegoen preso? Nondik zetorren? Ikertzen hasi nintzen, eta mendean hartu ninduen, indarkeria piloak zeharkatutako emakume batekin topo egin bainuen: haren egoerak bikain azaltzen du frankismoak zer jarrera zuen zorotasunaren, homosexualitatearen, emakumeen, eta abandonatutako eta desegituratutako eremuetako nesken inguruan. Interesatzen zaidan dena zen.
Liburuan inplikazioa nabari da.
Psikiatrizatutako pertsona bat zela jakin nuenean, jabetu nintzen lotura berezia sortuko zela. Asko kostatu zitzaidan irudikatzen hastea, jakitea Santanderrekoa edo Asturiaskoa zen [Espainia], ea Maria Isabel deitzen zen... gauza txikiak dira, baina lotzen zaituztenak, prozesu astunak direlako. Bizitza osoan akordatuko naiz haren argazki bat ikusi nuen lehen aldiaz: urtebete baino gehiago neraman ikertzen, anaia aurkitu nuen, lortu nuen hark kasu egin ziezadan, Gijonera [Espainia] joan nintzen, eta argazkia eman zidan.
Liburuan diozu anaia maite duzula, esaterako. Ez duzu inpartzialtasuna helburu.
Egia esan, ez. Liburu oso zehatza da, datu bakoitza askotan egiaztatu baitut, baina ez da inpartziala. Gustatzen zaidan kazetaritza ez da inpartziala. Ni ezin naiteke inpartziala izan Maria Isabelen moduko norbaitekin, eta ez dut nahi. Lotura emozional estua dut harekin, nahiz eta uste dudan gaizki konponduko ginatekeela; bizitza aldatu dit. Halere, kezkatzen nau Lunática-ren bidez har dezan heroiaren tokia, ez delako heroia, eta ez duelako zertan heroia izan haren istorioa konta dadin.
Justizia egin, idealizatu gabe.
Bai, halako zerbait. Eta duintasun apur bat itzuli nahi diot. Ez dakit hura galtzearen kontziente izatera heldu zen edo ez; agian nire aurreiritzi bat da.
Iturrietatik jasotakoa tentuz hartu duzu. Maria Isabel Gutierrezen bertsio propioa du bakoitzak?
Esaten zidatena itzuliz joan naiz, baita haren anaiak eta amak esandakoa ere, urte asko pasatu direlako, eta memoria oso konplexua delako. Testigantzekin egin ohi da: filtroa pasatu, badakigulako jendeak oroitzapenak distortsionatzen dituela, nahigabe. Ba, berdin dokumentazio ofizialarekin. Izan ere, zer iritziko zion epaile frankista batek Maria Isabelen jokaerari? Edo polizia eta psikiatra frankistek. Maria Isabelen adierazpenak ere badaude jasota poliziaren, psikiatren eta kartzelako parteetan, baina horiek ere ezin ditut jo erabat ontzat.
Baliteke Gutierrezen heriotza istripu bat izatea. Izan duzu gertatutakoa argitzeko asmorik?
Bai. Egia da hasieran zerbait deskubritu nahi nuela, familiari zerbait itzuli, baina jabetu nintzen hori ez zela nire rola, niri ez zegokidala ezer argitzea, baizik eta hizpidera ekartzea. Baina amorrua eman dit: gustatuko zitzaidakeen gertatutako zerbait ezohikoa izatea: erabaki txarrak hartu zituen bata bestearen atzetik, topatu zuen gizon bakoitza aurrekoa baino tentelagoa zen, eta hil zen agian lo geratu zelako. Benetan? Heriotza apur bat epikoa ere ezin izan zuen eduki?
Uste duzu biktima bat izan zela?
Egia da ez diodala biktima deitu nahi, saiatu naizelako azpimarratzen haren agentzia eta hartu zituen erabaki guztiak. Baina, noski: dominazio sistema piloaren biktima izan zen, hala nola familiarena. Halere, gustatuko litzaidake gera dadila oso borrokalaria izan zelako ideia, hori guztia ikusita matxinatu egin zelako ideia.
ATZEKOZ AURRERA. Andrea Momoitio. Kazetaria
«Maria Isabelek ez du zertan heroia izan haren istorioa kontatzeko»
1977an, Maria Isabel Gutierrez Velasco prostitutaren gorpua kiskalita agertu zen, Basauriko kartzelan. Momoitiok haren bizitzaz eta heriotzaren ondorioez dihardu 'Lunática' ikerketa liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu