Anika Lujan. Argia ikastolako zuzendaria

«Maria Bayok gaurko emanaldian euskaraz zerbait sartzeko ahalegina egin du»

Maria Bayo sopranoak, Ruben Fernandez-Agirre piano jolearekin batera, errezitaldia egingo du Tuteran. Argia ikastolak aurtengo Nafarroa Oinez-i begira egingo duen azkeneko ekitaldi publikoa.

Iñaki Lasa Etura.
2013ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Maria Bayo sopranoak, Ruben Fernandez-Agirre piano jolearekin batera, Nafarroa Oinez-en aldeko errezitaldia egingo du gaur 20:30ean, Tuterako Gaztanbide antzokian (Nafarroa). Argia ikastolak ikastolen jaiaren aurretik egingo duen azken ekitaldi publikoa izango da. Festarako hilabete bat falta da, eta lanez gainezka eta eguna iristeko desiratzen dago Anika Lujan ikastolako zuzendaria.

Nolakoa izango da gaur Maria Bayok egingo duen emanaldia?

Ez dut programa zehatzaren berri, baina badakit Mariak ahalegin berezia egin duela euskarazko zerbait sartzeko. Normalean, ematen dituen emanaldietan ez du euskarazko abestirik edukitzen.

Nola sortu zen kontzertua egiteko aukera?

Ikastolan, orain dela lau urte, 25. urteurrena izan genuen, eta hainbat kultur ekitaldi egin genituen. Hor sortu zen ideia, baina ez zen posible izan. Orain, Nafarroa Oinez dela eta, berriro jarri genuen ideia mahai gainean. Bere aldetik, gainera, hasieratik Tuterara etortzeko prestasun handia izan du. Pentsa, Maria Bayok ez du inoiz abestu herrian, nahiz eta Fiterokoa izan. Ez da Nafarroa Oinez jaiarekin kolaboratzen duen lehen aldia izango, baina bai Tuteran abestuko duena.

Berezia izango da, orduan, herritarrentzat ere.

Pentsatzen dut pertsona gehienek ikusi dutela, baina ez Tuteran. Alde horretatik, aukera berezia da. Ikastolarentzat, oso berri pozgarria da. Azken finean, herrira datorren lehen aldia da, guk ekarria, Nafarroa Oinez baterako; oso garrantzitsua da guretzat.

Azken txanpan sartu zarete jada.

Urte eta erdi inguru daramagu lanean; eta gauza mordoa egin ditugu orain arte. Jendea buru-belarri ari da lanean, barrukoa zein kanpokoa. Oso pozik gaude jasotzen ari garen elkartasunarekin. Argia ikastolarentzat izugarrizko erronka da Nafarroa Oinez antolatzea. Gure egoera ekonomikoa larria da; oso kezkatuta gaude. Bideragarritasun ekonomikoa indartzeko eta sustatzeko izan behar du aurtengo Nafarroa Oinez-ek. Euskal Herri osoa behar dugu, jendea etortzea eta elkartasuna adieraztea.

Zein egoeratan dago euskara?

Erribera eremu erdaldunean dago, eta horrek asko eragiten du eguneroko bizitzan. Familiek izugarrizko gastua hartzen dute beren gain. Argia ikastola haur askok eta askok Erriberan euskaraz ikasteko daukaten aukera bakarra da, ez dago beste lekurik. Tuteratik ez ezik, Erriberako herri askotatik jasotzen ditugu guk haurrak; asko 40 bat kilometrora dauden herrietatik etortzen dira.

Beste ekitaldirik antolatu al duzue hurrengo hilabeteetarako?

Azken ekitaldi publikoa da Maria Bayoren emanaldia. Bi-hiru aste barru muntaketa lanekin hasi behar dugu. Ikastola barruan beste ekitaldi bat daukagu: Euskaltzaindiaren bisita. Euskaltzaindiak beti egiten du lan saio bat Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastolan. Ez da ekitaldi publiko bat, baina guretzat garrantzitsua eta polita da.

Egun handirako prest?

Ezin nuen imajinatu horrelako lanik izango genuenik, baina euskaltzaleen erantzuna nahi badugu, gu izan behar dugu lan egitenlehenak. Ni baikorra naiz berez, eta jendearen babesa izango dugula uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.