Margolaria

Matilde Urdangarin: «Margotzea ihesbide handia izan da niretzat»

Ume-umetatik gustatu izan zaio margotzea, baina, garaiak behartuta, Artzabaltza paper fabrikan hasi zen lanean, Tolosan. Gerora izan du margotzeko aukera, ordea, eta erakusketa bat jarri du, 84 urtetan. Minbiziak ere ez dio ebatsi bizipoza.

MATILDE URDANGARIN
Matilde Urdangarin, Tolosako 3 Tabernako erakusketan. JON URBE / FOKU
ane insausti barandiaran
Tolosa
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Emakume bat da protagonista Tolosako (Gipuzkoa) 3 Tabernako margolanen erakusketako kartelean. Albo baterantz begira dauka bisaiaren parte bat, eta besterantz bestea. Bi aurpegi izango balitu bezala. Eta koloretsua da, oso koloretsua. Matilde Urdangarin da haren egilea (Zaragoza, Espainia, 1939). «Hori da azkena egin dudana», esan du, margolana dagoen hormara seinalatuz. «Neroni ere harritu nintzen, hainbeste urterekin hutsik ez eginda». 84 urte baititu, iruditzen ez bazaio ere. «Ez zait iruditzen hainbeste dauzkadanik, e? Burua oso ondo daukat, hezurrak-eta ez, baina burua bai». Malkartsua izan du bizitza, baina aurpegi ona jartzen du, koadroko emakumeak bezala: «Bizitza ez da erraza, baina baikorra naiz». Erakusketa otsailaren 13ra arte egongo da ikusgai.

Nolatan jarri duzu erakusketa?

Oskar izena du Berrobira [Gipuzkoajoaten den pintura irakasleak, eta bost emakume egoten gara harekin. Hauek [erakusketako margolanak] erakutsi nizkion, eta esan zidan: «Erakutsi egin behar dituzu, erakusteko modukoak dira». «Bai zera erakutsi!», erantzun nion. Ez neukan gogo handirik, gaixorik ere egon nintzen... Animatu egiten ninduen, ordea: «Kendu txarrak burutik, erakutsi egingo dugu, eta ikusiko duzu zer kontentu jarriko zaren».

Noiz egindakoak dira?

Ez dira hainbeste urte igaro. Alargun geratu nintzenean, pintatzeari utzi nion. Orduan konturatu nintzen gizonak bultzatzen ninduela margotzera. «Segi pinturarekin», esaten zidan. Etxean gela bat neukan jarrita; gizonak lo egiten zuenean joaten nintzen hara, margotzera. Ihesbide handia izan da niretzat.

Gauza txarretatik ihes egiteko?

Bai, ihesbide handia. Horretan sartzen nintzen, eta, gainera, gizonari, semeei... gustatu egiten zitzaien. Zerbaiti heldu behar zaio beti.

Umea zinenetik margotu izan duzu?

Ume-umetatik, bai. Baina orduan ez zegoen ez pinturarik, ez ezer. Umea nintzela, aitak esaten zidan ezagutzen zuela pintore bat, eta hari esango ziola niri irakasteko. Senide zaharrena nintzenez, ikusten nuen etxekoen beharra, eta ezetz esan nion, lanean hasiko nintzela. Pagatu egin behar zion gizon horri, eta auskalo zenbat. Etxean behar zuten nire dirua, eta nik ere lan egin nahi nuen, etxekoak ondo egoteko.

1939an jaioa zara...

Arkatza eta borragoma nituen, eta orri normaletan marrazten nuen, folioetan. Eta, gainera, baten batek lortuta edo. Argazkiak hartu, eta kopiatu egiten nituen, batez ere gazteluak. Printzesen gazteluak, emakumeak, soinekoak, lazoak... pila bat egiten nituen, bai. Gerora hasi nintzen txoriak, loreak... naturako gauzak sartzen. Txori dezente egin nituen.

Umetan, ez zegoen ez pinturarik, ez ezer. Etxean behar zuten nire dirua, eta nik ere lan egin nahi nuen, laguntzeko.

Baina bizitzak aurrerago eman dizu margotzeko aukera.

Batzuetan pentsatzen dut: «Orduan hasi izan banintz margotzen, nolakoa izango zen nire bizitza?». Baina hori ezin da jakin.

Alegian (Gipuzkoa) bizi zinen garaian hasiko zinen, ezta?

Bai, 4 urte nituela etorri baikinen Zaragozatik. Ama Zaragozakoa nuen.

Garai gogorrak izango ziren...

Gogorrenak, denontzat. Miseria ez, baina hortxe-hortxe. Herria bera ere... harrizko blokez osatutako kaleak zeuden; euria egiten bazuen, toki guztietan zegoen lokatza. Dena zen txarra. Aitak irabazten zuen diruarekin ez zitzaigun ailegatzen. Nahikoa lan, hamabi ordu lan egiten zuen aitak, egunean; gehienak bezala. Gero egurretara, ebaki... Aita bizitza guztian lanean ezagutu dugu. Halere, ni hasi nintzen lanean lehenbizikoa. Artzabaltzara joan nintzen.

Tolosako paper fabrikara?

Bai, handik atera nintzen, ezkontzeko, 25 urterekin.

Emakume pila bat zegoen [Artzabaltzan lanean]. 50 bat emakume ariko ziren lanean, azken boladan behintzat.

Pauso handia izango zen garai hartarako emakume batek etxetik kanpo lan egitea, ezta?

[Emakume] Pila bat zeuden, Alegiakoak gehienak. Ona zen familientzat. Bestela, nora joan emakumea? Inora ez. Gogoa daukat nire lehen gutun azala eman zidatenekoa... ama! Hori bai poza! Amari esan nion: «Eseri zaitez, eseri zaitez...».

Laguntza handia izango zen familiarentzat.

Bai, familia ere oso pozik zegoen, behar handia zegoen eta. Guztira, 50 bat emakume-edo ariko ziren lanean, azken boladan behintzat.

Zer lan egiten zenuen han?

Bidaltzeko zen papera aztertzen genuen, txarrak eta onak bereizten genituen. Bobinak forratzen ere bai... eta resmak ziren orduan [paperezko 500 orri berdinez osatutako multzoa]; paper haiek kontatzen genituen, resmak egiteko.

Nola gogoratzen duzu garai hura?

Gustura egon nintzen, garairik onena izan zen. Esaten didate: «Lanera joan eta hoberena?». Bada, bai, hala izan zen niretzat. Garai hartan beharra zegoen, eta hor ikusten genuen aurrera jarraitzeko modua. Gainera, dezente irabazten genuen neska izateko; ama harrituta geratzen zen. Nik ikusi nuen hiru paga ematen: Eguberrietan bi aldiz... Eta, gero, segun eta zenbat lan egiten zenuen, 50 pezeta [0,3 euro], eta egun bat jai. Zuk ba al dakizu zer zen hori garai hartan? Pila bat!

Amak esaten zigun: «Nahi baduzue bueltatxo bat eman ezazue Donostiara» [barrez]. Gu Tolosatik ez ginen pasatzen. Bizikleta erosi zigun amak, jende asko oinez joaten ginelako hasieran, baina, gero, bizikletarekin. Amezketara edo Orendainera [Gipuzkoa]... gure saltsan ibiltzen ginen. Eta kontentu, erabat kontentu!

Bestela, zaintza lanetan aritu beharko zenuen, ezta?

Josten ikasi, etxeko gauzak egiteko, ahizparen soinekoak, nireak, puntua egin... Amak puntua egiten zuen, eta hori ere erakutsi zigun. 10 urterekin-edo egin nion ahizpa txikiari jertse bat, amak irakatsita. Kakorratz lanak, puntillak... asko egiten genuen. Moda zen azpitik gona eramatea, puntillekin, eta, zuk egiten bazenuen, hobeto. Panpoxa-panpoxa joaten ginen. Moda polita zen.

Eta, gero, Legazpira (Gipuzkoa) ezkondu zinen. Zertan ibili zinen han?

Bai, 25 urterekin ezkondu nintzen. Lehenbizi, ezertan ere ez. Ezkondu eta hiru hilabetera geratu nintzen haurdun. Urte horietan, haurrak zaintzen aritu nintzen.

Bizitzan gauza asko dago, ez da erraza. Zorte izugarria daukat naizen bezalakoa naizelako. Oso baikorra naiz.

Hori ere lana da... Garai hartan margotzen zenuen?

Ez, orduan ez, baneukan nahikoa lan bestela ere. Gero, alaba eduki, eta berriz ere alaba zaintzen aritu nintzen. Nahikoa gaizki gelditu nintzen alaba jaio eta gero. Tartean, denetik pasatu zitzaidan: gizona segituan gaixotu zen... Halere, inor ez zen sartu gurera lanak egitera, beti moldatu izan naiz neure kabuz. Gizonak ere laguntzen zidan. Eta gero, denda jarri nuen.

Zer denda?

Mertzeria bat. Hariekin-eta lan egiten nuen, jertseak egiteko gauzak saltzen nituen. Gero, telak ere jarri nituen, eta nire saltsan ibili nintzen han, gustura-gustura. Utzi nuen denda, eta neska gazte batek hartu zidan, alokairuan.

Noiz hasi zinen berriro ere margotzen?

Legazpin nengoela. Alaba mutil lagunarekin joan zen Berrobira [Gipuzkoa] bizitzera, eta semea ere ezkonduta zegoen. Orduan hasi nintzen berriro margotzen. Gizona gaixorik zegoen, baina ondo konpontzen nintzen. Margotzera joaten nintzen, kultur etxera. Senarra ospitalean zegoela ere, han egoten nintzen, konpainia egin bitartean, margotzen.

Eta senarra hil ondoren Berrobira joan zinen bizitzera.

Bai, eta orain alabarekin bizi naiz. Orain izugarrizko bizipoza daukat. Lehen, egunero ateratzen nuen txakurra, baina orain, minbiziarekin... erortzeak beldurra ematen dit. Baina umeekin-eta fenomeno bizi naiz. Oso pozik daude erakusketa jarri dudalako.

Gehien gustatzen zaidana margotzea da. Niretzat, margotzera joatea terapiara joatea bezala zen.

Duela hiru hilabete bular bat kendu zizuten, minbiziagatik. Baina indarrez beteta zaude.

Bai, bigarren aldiz ari naiz bularreko minbizia pasatzen, eta kimioterapia eman ezin didatenez, pilulak hartzen ari naiz. Bizitza batean gauza asko dago, bizitza ez da erraza. Nik zorte izugarria daukat naizen bezalakoa naizelako. Oso baikorra naiz. Agian negar egingo dut egun txarra pasatzen ari naizelako, botaguraz nagoelako, medikamentu asko hartzen ari naizelako... Orduan triste jartzen naiz,  eta ohean sartu. Baina esaten dut: «Horrela hasten banaiz, ez naiz inoiz jaikiko».

Eredu izango zara beste batzuk ere animatzeko.

Hori pentsatu nuen. Zuekin hau [elkarrizketa] egitean, jendeak pentsatuko du: «Urte horiekin, emakume hori aurrera atera da». Eta orain, ebakuntza egin didatelako, besoa gutxi ibili behar dut gora eta behera, bularragatik. Baina, hala ere, ni ez naiz gelditzen. Alabari esaten diot: «Nola geldituko naiz, bada? Aspertu egingo naiz!». Telebistan ez dago ezer, eta mahai txiki bat jarri didate, leiho ondoan, aulki batekin. Balkoian ere bai, haizea hartuz.

Beti duzu zerbait esku artean.

Ilea urdina ibiltzen nuen lehen, baina minbiziagatik erori egingo zitzaidala esan zidaten. Pilulekin, azkenean, gutxiago, baina joaten zaizkit ileak. Horregatik daukat motza. Lehengoan esan nion bilobari: «Uste dut ilea berriro urdina jarri behar dudala». Horretara animatzen naute.

MATILDE URDANGARIN
MATILDE URDANGARIN. JON URBE / FOKU
Estilo askotako margolanak daude erakusketan. Denetik egin izan duzu?

Denetik egiten genuen klaseetan, bai. Hau tinta da, adibidez [margolan bat seinalatu du]. Ikatz marrazkiak, olio pintura... denetik egin dut. Egunkarietatik-eta argazkiak hartu, eta horiek marrazten ditut. Ezkondu nintzenean, etxeko paretetan ez geneukan koadrorik, eta horixe neukan buruan: «Nik etxean koadro bat jarriko baldin badut, neronek egindakoa izango da». Eta halaxe egin nuen. Lehenengoa, gero etxea koadroz bete nuen eta [barrez].

Zuretzat zer da margotzea?

Gehien gustatzen zaidana. Niretzat, margotzera joatea terapiara joatea bezalakoa zen. Klaseetan, triste banengoen, esaten zidaten: «Gaur ez zaude ondo, e?». Negar ere eginda nago ni, margotzen. 

Baduzu argazkirik moztuta, hurrengo koadroetarako?

Hasita nago, baina bukatzea falta zait: Avignongo andereñoak. Ebakuntza honek asko eragin dit, gogo gutxiago daukat. Baina badaukat beste fotografia bat, hori bukatutakoan egiteko: Meninak, koadro handian. Egiteko gauzak mila ditut... Ea datorren urtean beste erakusketa bat egiten dudan [barrez]! Ondo jartzen banaiz... Ni langilea naiz, beti izan naiz halakoa. Neure buruan dagoen dena egiten badut... 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.