Marea laranja Urdaibain

Euskarabentura 28. etapara iritsi da. Gernika-Lumo eta Bermeo batu ditu ibilbideak, eta parte hartzaileek gero eta hurbilago sentitzen dute bukaera. Astelehenean izango dute azken etapa.

Parte hartzaileak begiraleekin batera, Sukarrietan egindako hamaiketakoan. A. LOIOLA / FOKU.
Gontzal Mendibe Miguel
Gernika-Lumo
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herrian bada txirrindularitzarekin zerikusirik ez duen marea laranja bat: Euskarabenturako gazteek osatutakoa. Atzo, Gernika-Lumo eta Bermeo (Bizkaia) arteko herriak koloreztatu ziren laranjaz. Barreek, elkarrizketa luzeek, abestiek... eta nekea adierazten zuten protestaren batek giroa jarri zuten Urdaibaiko biosferan.

Egunero bezala, Oskorri bozgorailu erraldoietatik entzuten zuten bitartean, 07:00etan esnatu ziren 155 abenturazaleak: 125 parte hartzaile eta 30 begirale. Lehenengo ahaleginean gutxi itzartu ziren, baina 08:00etan ia denak zeuden eguneko ibilbideari ekiteko prest; gutxi batzuek oraindik esnez beteta zeukaten katilua. 08:00ak puntuan zirela atera zen lehenengo taldea: Trikuak. Talde horretakoek egiten dute ibilbidea azkarrenik; bidea irekitzen dute, lurrean klarionez markak eginez. Hamabost minutu geroago ateratzen dira Katagorriak, eta 08:30ean ekiten diote Erbiek eguneko abenturari.

Allende Salazarreko atean, banana motxilan sartu, eta Gernika eta Murueta batzen dituen erreka izkinako bidea hartu zuen tropa laranjak. Ez oso bizi, baina etenik gabe abiatu zuten eguna, ordua jarrita baitzeukaten: 11:00etan, Sukarrietako BBK Klima Abentura Parkean. Klima aldaketaren inguruan sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko pentsatuta dagoen parke hori bisitatu, eta marta hartu zuten berriz, eguneko azken zazpi kilometroak egiteko.

14:00etan, Bermeoko Eleizalde ikastolara iritsi ziren. Helmugara ailegatu zirenerako, han zeuden goizean goiz Gernika-Lumon lo egiteko materiala batu eta janaria garraiatzeaz arduratzen ziren hiru furgonetak. Ander Egiluzek (Getxo, Bizkaia), Euskarabenturako komunikazio arduradunak,azaldu du planifikazioa «ezinbestekoa» dela: «Dena oso ondo zehaztuta dago. Horren ondo irten dadin, ikaragarria da koordinatzaileen lana. Hilabete asko pasatzen dituzte irteera eta helmuga guztiak aurkitzen. Kudeaketa lan handia dago atzetik».

Koordinatzaileak bakarrik ez, denetariko jendeak osatzen du Euskarabenturako espedizioa: argazkilariek eta kamerariek, medikuek, erizainek, monitoreek, gidariek, xerpek...

Ibilaldia bukatuta, askok lo egitea baino ez dute buruan. Antza denez, ohikoa izaten da 01:00 ingurura arte hizketan ibiltzea eta damua 07:00etan iristen omen da. Partaideek argi dute «tradizioa» beteko dutela, «nekatuta» egon arren. Andere Castillo zornotzarrak (Bizkaia) eta Areane Garcia berangarrak (Bizkaia), ordea, ez dute lo egiteko arazorik: «Ohean sartu, eta segituan lokartzen gara. Oso nekatuta iristen gara». Haientzat, batzuetan gosea pasatzea da abenturaren alderdirik zailena.

28. etapa izan zen atzokoa. 28 egun horietan, 24 orduak batera pasatu dituzte 155 parte hartzaileek. Denek diote gauza bera: bakarrik hasi zuten abentura, eta lagun asko eginda bueltatuko dira etxera. «Uztailaren 1a heldu aurretik, oso urduri nengoen. Ez nekien onartu egingo ninduten ala ez, eta horrek beldurra ematen zidan. Behin hona iritsita, lehenengo egunetik egin ditut lagunak. Gainera, Euskal Herri osoko lagunak izanda, bakoitzak zerbait desberdina ematen dit», azaldu du Garciak.

Ibon Sanchez Durangokoa da (Bizkaia), eta bera ere «ezin pozago» dabil hilabete honetan egin dituen lagunekin: «Konturatu naiz ia denek dituztela egun txarrak. Txarto pasatzen dabilen norbaitekin hitz egin eta besarkada bat ematea nahikoa izan liteke norbaiti eguna aldatzeko, eta hori ez dago ezerekin konparatzerik».

Euskalkien «aberastasuna»

Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, euskararen erabilera jaitsi egin da bai Gipuzkoan eta bai Ipar Euskal Herrian. Euskarabenturako gazteak entzunda, ezinezkoa dirudi Euskal Herriko datuak neurri batean apaldu egin direla sinestea. Ez da euskara ez den beste hizkuntzarik entzuten. Bai, ordea, Euskal Herri osoko euskalkiak, eta hori «ederra» dela azaldu du Mauleko Txomin Malharinek: «Hasieran, biziki zaila zen kide batzuei ulertzea. Egunak aurrera joan ahala, baina, askoz errazago ulertzen diet, eta belarria euskalki askotara ohitu dudala uste dut». Beste hainbeste pasatu zaio Trebiñuko Alba Llosari: «Lehenengo egunetan, asko kostatzen zitzaidan euskalki batzuk ulertzea. Nolanahi ere, egunak aurrera joan ahala, denekin harremanetan jartzea lortu dut, eta esango nuke esperientzia oso aberasgarria dela».

Astelehenean entzungo dute, azkenengoz, Oskorri 07:00etan. Getxon (Bizkaia) bukatuko da aurtengo Euskarabentura. Parte hartzaileek «pena» hitza errepikatu dute gehien, egunotako esperientzia «bizi guztian» gogoratuko dutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.