'Mantangorri' zaleen juntadizoa

BERRIAk gaztetxoen gehigarriaren 1.000. zenbakia argitaratuko du maiatzaren 28an. Hori ospatzeko, jaialdi berezi bat antolatu dute egun horretarako, Hernaniko Txillida Lekun. Sarrerak webgunean har daitezke, gaurtik.

Mantangorri haur eta gaztetxoen gehigarriaren azken zenbakiak. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ez da katerik eten, eta estutzea da helburua. 2003an hasi zen BERRIA gaztetxoen gehigarria Mantangorri izenarekin argitaratzen —Xingola zuen izena Euskaldunon Egunkaria-ren garaian—, eta 1.000. zenbakira iritsi da orain. Maiatzaren 28an beteko du zenbaki biribila, eta jaialdi berezi batekin ospatuko dute lorpena: Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Lekun egingo dute ospakizuna, aitortza eta aurkezpena. Mantangorri zaleen ospakizuna, urte hauetan guztietan haren inguruan sortu den komunitatearen aitortza, eta ezagutzen ez dutenentzako aurkezpena. Izan ere, hizkuntza ohiturak eta irakurzaletasuna sustatzeko tresna izan da Mantangorri etxe askotan. Gurasoen bidez euren zorion agurrak bidaltzen zituzten haur haiek 20 urtetik gora dituzte orain. Badago Mantangorri belaunaldi bat osoa, eta horien guztien eta kide berrien juntadizoa da hilaren 28an egin nahi dutena.

Askotarikoa da eskaintza: ipuin kontalariak, ilustratzaileak, magoak... Sormenaren inguruan josi nahi izan dute eguna antolatzaileek, eta Txillida Lekuk eman die horretarako parada eta tokia.


Tokiak mugatuak dira, ekitaldietarako prestatu dituzten eremuek edukiera muga baitute. BERRIAlagunek doan izango dute sarrera —haur guztientzat izango da sarrera doan—, eta BERRIAlagunak ez diren 13 urtetik gorakoek 10 euro ordaindu beharko dute —heldu bakoitzak gehienez bi sarrera har ditzake, eta haurrentzat, nahi beste—. Antolatzaileek eskatu dute haurren sarrerak eskuratzean adin tartea zehazteko, eguneko egitaraua ahalik eta ondoen antolatzeko.

Sarrerak non? BERRIAren webgunean egongo dira eskuragai, gaurtik: www.berria.eus/berrialaguna/denda. Sarrerak hartu baina gero joaterik ez duenari garaiz jakinarazteko eskatu diote antolatzaileek, beste batzuei lekua utzi ahal izateko. Horrez gain, kanpotik jatekoa eraman daitekeela ere argitu dute, baina horretarako prestatutako eremuetan jan behar dela —egun osorako balioko dute sarrerek—. Eta museoak aparkalekua badaukan arren, garraio publikoa erabiltzen ahalegintzeko ere eskatu dute antolatzaileek.

Ekitaldirako sarrerak lortzeko: www.berria.eus/ berrialaguna/denda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.