Manolori merezitako aitorpena

Antzerkia, musika, bertsoa eta dantza ardatz izan dituen ekitaldi batekin omendu du Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak Imanol Urbieta irakasle eta musikaria. Egin zuen lana eskertu diote.

Imanol Urbieta, haurrez eta senidez inguratuta, herenegun jasotako omenaldian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Zarautz
2014ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Ez dut gustuko hunkitzea. Baina halaxe nago. Ikastolan bizi izan nituen urteak oso inportanteak izan ziren, eta omenaldi hau jasotzea ikaragarria da». Begiak blaitzen hasita, irribarrez eta ia hitzik egin ezinda sartu zen Imanol Urbieta musikari eta pedagogoa Zarauzko Munoako karpara (Gipuzkoa). Salbatore Mitxelena ikastolaren omenaldia jasotzera zihoan, bere ikastola maitearena. Egun batzuk lehenagotik bazekien arren, emozioei eutsi ezinik zegoen. Herenegun izan zen omenaldia, eta bertan beraien alde egindako lana eskertu zioten ikasle, lagun eta lankide izandakoek.

Hasi baino minutu batzuk lehenago iritsi zen Urbieta karpara, senideek lagunduta. Berehala hasi zen lehen besarkadak jasotzen. Denek agurtu nahi zuten Manolo, eta denentzat zuen hark irribarre edo keinu goxo bat.

Lehen errenkadan jarri zuten, eta berehala zen berak gustuko zuen moduan: umez inguratuta. Izan ere, euskararekin eta musikarekin batera, umeak maite ditu. Haien irakasle izan ez arren, Zarauzko eta, oro har, Euskal Herri osoko umeek ezagutzen dituzte hark sortutako kantuak: Ran Rober Ran, Jon Braun, MacMikel, Bakarrik eta libre, Txoria nintzela, Sutopilko kaleetan... Euskal Herriko ume gehienen haurtzaroko ereserki bihurtu dira. Hain zuzen ere, horietako batzuen hitzak biltzen zituen orri bat eman zieten ikusleei, ondoren etorriko zenaren aurrekari.

Ipuin kontaketa batekin hasi zen ekitaldia, eta hori amaituta bideo bat ikusi ahal izan zen. Urbietaren irakasle garaiko irudiekin batera, hari buruzko hainbat testigantza entzun ahal izan ziren: Juan Martin Elexpururena, Andoni Egañarena, Anjel Lertxundirena... Elexpuruk Plisti Plasta Plista Plas abestiaren hitzak nola sortu zituzten ekarri zuen gogora, eta Egañak, Urbietak nola erakutsi zien mundua euskaraz ikusten eta ulertzen.

Bideoan parte hartu zuen Josune Muruak ere, ikastolako zuzendariak. «Ikastolako familiarentzat egun berezia da gaurkoa. Manolo ikastolako bihotzetako bat izan da. Bere irakasteko moduarekin harrapatu egin gintuen erabat. Geografia ikasteko, adibidez, kantuak egokitzen zituen, eta guk abestuz ikasten genituen Asiako ibaiak. Gaurko eguna eman zigun guztia eskertzekoda».

Hain zuzen ere, Urbietaren metodologia eta lan egiteko modua irudikatu zuten haren ikasle izandakoek ondoren taularatu zuten antzerkian. Ikusleak 1972ko Zarauzko ikastolako ikasgela batera eraman zituzten. Urbietaren semeak, Joxean Urbietak, antzeztu zuen haren rola. Antzerkian ez zen falta izan Mikel Biain. Garai hartan ikasleek zeramaten janzkerarekin, omendua bezain hunkituta zegoen. Biainentzat sortu zuen Urbietak MacMikel kantua. «Beti ibiltzen nintzen bakeroetara jolasten, eta horregatik egin zuen kantua Manolok. Nik beti esaten dut hilezkor bihurtu ninduela horri esker. Kalean umeak abesten entzuten ditudanean, lotsa ematen dit oraindik». Ikastolako urte haiek «bizitzako onenetakoak» izan zirela dio. «Manolok gauza asko irakatsi zizkigun, besteak beste, natura eta euskara maitatzen». Oraindik ere astero elkartzen da harekin. «Kanpora joaten naizenean beti ekartzen diot jateko zer edo zer, eta gure hitzaspertuak egiten ditugu».

Antzerkian parte hartu zuen Izaskun Alberdik ere, hura ere Urbietaren ikasle izandakoa. «Aspaldi geunden horrelako gauza bat egiteko gogoz, eta oso pozik gaude. Oholtzara igotzeak lotsa eman arren, merezi izan du. Manolo aitzindari izan zen, jolasa ikasgai bihurtu baitzuen. Urte oso politak bizi izan genituen».

Bertsoek eta dantzek osatu zuten omenaldia, eta, amaitzeko, Urbietari oroigarri bat eman zioten. Eskertuta eta hunkituta jaso zuen aitorpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.