Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV)

Mangladien kantua: naturaren soinu banda

Senegalera, Ziguinchor eskualdeko Beheko Casamancera, egindako bidaiaren kontakizuna da honako hau. Bigarren saria irabazi du.

Hainbat lagun, lurra lantzen, eskuetan lurra harrotzeko erabiltzen duten lan tresna dutela. CARMEN VALOIS
Hainbat lagun, lurra lantzen, eskuetan lurra harrotzeko erabiltzen duten lan tresna dutela. CARMEN VALOIS
Carmen Valois
2024ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Noiz bukatzen da bidaia bat? Horixe bera galdetu diot neure buruari Beheko Casamancera eginiko bidaiatik bueltan. Izan ere, bururatu zait bidaia .ZIP bat dela; alegia, informazioa trinkotua duen artefaktu bat. .ZIP hori deskargatzen hasten da joanalditik bueltan eta orduan konturatzen zara zenbat hari mutur dauden bertan.

Dakarretik Ziguinchor eskualdera

Gure bidaia egiteko bi hegazkin hartu behar izan ditugu; lehena, Madrildik Dakarrera eramango gaituena, eta bestea, Cap Skirringera, hori baita gaur egun erabiltzen den aireportua, Ziguinchorrekoa itxi ondoren.

(ID_14527547) (/EZEZAGUNA) 2abioitikikuspegia(1)

Casamancera iritsi aurretik hegazkinetik hartutako irudia. CARMEN VALOIS

Esan digutenez, hegaldia egun argiz eginez gero, ederra da airetik ikusten den paisaia, eta hala izan da. Irudikatu dut bizi-bizirik dagoen gorputz bat dela: Lurra gorputzaren atalak dira, eta zeharkatzen dituen ibai eta ur bideak, gorputz horren zainak eta arteriak.

Hegazkinetik atera eta arratsaldeak ongietorria eman digu, bero eta heze, klima tropikalaren seinale. Eta bero horretatik aldentzeko Kabroussera eraman gaituzte, hondartzara. Hondartza luze-luzea da, eta, behi bat kenduta, inor ez dago gure inguruan. Paseo bat ematera joan gara beranduago eta hor jende gehiago dago, batzuk paseatzen, mutiko talde bat futbolean jolasten eta han-hemenka turista zuri bakan batzuk, gu bezain zuriak. Bainatzera joan garenean harritu egin nau ura hain bero egoteak. «Atlantikoan gaude, ezta?», galdetu dut badaezpada, eta bai, halaxe da.

(ID_14527543) (/EZEZAGUNA) 4.behiahondartzan
Hondartzan topatu genuen bizidun bakarra: behi bat. CARMEN VALOIS

Itsasoak maskor pila bat ekartzen ditu, tamaina desberdinetakoak. Hondartzatik alde egin baino lehen, konturatu naiz emakume bat ari dela ur ertzean maskorrak biltzen. Emakumeek jaso eta pilatu egiten dituzte maskorrak, inguruan mendi txiki batzuk osatuz. Gerora, txikitu eta buztinarekin nahastuz, hainbat erabilera izango dute; etxeen eraikuntzan erabiliko dituzte, baita lorategietan ere, apaingarri gisa. Dena zero kilometro.

Kosta atzean utzi eta egun hauetan gure bizitoki izango den kanpamentura joateko garraioaren bila goaz. Hara eramango gaituen kamioneta ikusita, denok ez garela sartuko pentsatu dut; oker nago, ordea, gure maleta eta motxilak gora igo eta barrura gu. Ez al dugu gerrikoa jarri behar? Ez, ez da beharrezkoa. Tira ba, denok elkarrekin pega-pega eginda, barrura.

Lur gorriko bideetan barrena abiatu gara, zuloak han-hemenka. Berdea da nagusi errepidearen ertzetan; beraz, paisaiak bere osotasunean eskaintzen duen ikusgarritasunak konpentsatu egiten du triki-traka eta zabuka ibiltzea.

Beheko Casamancen gaude, Senegal hegoaldean, Ziguinchor eskualdean. Kanpamentuaren bidean topatu ditugu bi herri: Diakene Diola eta Diakene Ouloff, herri kristaua eta musulmana, hurrenez hurren. Diola hizkuntza darabilte.

(ID_14527542) (/EZEZAGUNA) 5.arrozsoroak
Arroz soroak, kanpamentuetara bidean. CARMEN VALOIS

Nekazarien herriak dira eta arroza ekoizten dute hemen. Ekainetik aurrera, eta udako hilabeteetan, landatu egiten dute arroza soroetan, eurite garaiarekin bat egiteko, horrela arroz soroak urez betetzen dira modu naturalean.

Lurra modu tradizionalean lantzen dute: gizonek kayadu izeneko lan tresna erabiltzen dute, lurra harrotu eta ereiteko prestatzen dute, eta, ondoren, emakumeek haziak jartzen dituzte bertan; uzta, normalean, udazkenean biltzen dute, euri garaia amaitzen denean. Auzolana ohikoa da hemen eta kolektibitatean egiten den lana oso garrantzitsua da uzta garaian ere. Lurra lantzeko teknikak belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira eta horrek lotura estua du beren kultura mantentzearekin.

Kanpamentutik hurbil mangladiak daude. Senegalgo mangladi eremu nagusienetako bat da Casamanceko eskualde honetakoa. Landare ekosistema oso bereziak dira, itsasertzeko eremuetan eta ibaietako ahoetan daudenak.

(ID_14527544) (/EZEZAGUNA) 7.lanetikbueltan
Hainbat gizon eta emakume, lanetik bueltan, euren etxoletara bidean. CARMEN VALOIS

Ur geza eta itsasoko ur gazia nahasten diren lekuetan hazten diren zuhaitz eta zuhaixka multzoek osatzen dituzte mangladiak. Kuriosoa da ikustea haien sustraiak uretatik kanpo; Guggenheim kanpoaldean dagoen armiarmaren irudia etorri zait burura. Sustraiak horrela egotea bada oxigenoa lortzeko estrategia bat ere. Mangladiak garrantzitsuak dira, edonola ere, itsasertzak higaduratik babesteko, lurrari eusteko eta uraren mugimendua kontrolatzeko.

Era berean, mangladiak biodibertsitate handiko ekosistemak dira, eta hainbat arrain motaren eta molusku, hegazti eta narrasti ugariren bizileku ere badira —baita hango biztanleriaren elikaduraren parte ere—. Beraz, inguruko komunitateentzako baliabide ekonomiko eta ekologiko ugari eskaintzen dituzte.

Kanpamentua

Arroz soroez eta mangladiez inguratuak iritsi gara kanpamentura. «Kassumay» esanez agurtu gaituzte. Bidean erakutsi diguten bezala, «kassumay bare»esanez erantzun diegu.

Afaldu ondoren, gure geletara sartu gara; beno, etxoletara, hobeto esanda. Etxolak nahiko handiak dira, bertako materialekin eginak. Nireak plastiko urdin handi bat badu teilatuaren albo batean; aldameneko etxolaren erdian zuhaitz baten enborra dago. Kanpamentuan mangoak nonahi.

(ID_14527551) (/EZEZAGUNA) 9.etxola1
Etxoletako bat. CARMEN VALOIS

Afaldu eta gero, ohera; hori bai, eltxo sarea zabaldu eta gero. Ordu bata aldera soinu batzuek esnatu naute, karraskak eta txorrotxioak entzuten ditut. Gela barruan daudela ematen du, toki desberdinetan kokaturik daudela dirudi eta mugimenduan sumatzen ditut. Beldurtu egin naiz. Zer ote? Ohean eseri eta bostak arte esna egon naiz, loak berriz harrapatu nauen arte.

Goizean, gosaltzen ari ginela entzun ditut berriro gaueko soinuak. Galdetu dudanean... saguzarrak direla esan didate; fruta jaten duten saguzarrak. Zuhaitzetan zintzilikatzen omen dira eta txistuak edo karraskak erabiltzen dituzte beste saguzarrekin komunikatzeko; alertak emateko ere erabiltzen omen dituzte, mehatxurik badago. Beraz, nire etxola ondoko zuhaitzetan zeudenak kalaka bizian ari ziren gauean, lagunekin komunikatzen edo komunikatu nahian. Tira ba, orain, behintzat, badakit gaueko soinuen iturburua... Zertxobait lasaitu nau horrek, baina, egia esateko, ez guztiz. Bitartean, nik, ene baitan, neure buruari animoak eman dizkiot: ongi etorri naturara, lagun! Ez dadila hori oztopoa izan inguruneaz gozatzeko!

Emakume zeramikariak eta emakume arpillariak

Hondartzak bisitatzeaz gain, han-hemenka mugituko gara hemen gauden bitartean. Gainera, goiz esnatzen gara hegazti, txori eta gainontzekoen soinu bandarekin.

Gaur, kanpamentua utzi eta Edoungou izeneko herrira joan gara. Baso batean kokatutako herri honetan emakume zeramikarien kolektibo batzuk daude, eta gu batengana hurbildu gara. Iristerakoan, agurtu eta lurrean eseri gara. Plastikozko zaku handi batetik buztina atera eta banatu egin digute, aldi berean azalduz nola lantzen duten buztina, guk gauza bera egiteko.

(ID_14527550) (/EZEZAGUNA) 10.emakumearpillariak
Emakume arpillariak, lanean. CARMEN VALOIS

Orduan hasi da abilezia praktikan jartzeko saioa eta horretan hasi gara, arrakasta gutxiagorekin edo gehiagorekin.

Bi urteko buztinarekin lanean ari garela esan digute; beraiek jasotakoa da, basoan dagoen leku jakin batetik jasotakoa.

Buztina eskuekin nola landu erakutsi digute. Horretan aritu gara, buztinarekin egindako txurro luze bat lortu arte. Ondoren, buztina biribiletan jartzen hasi gara, bata bestearen gainean, ontzi baten forma hartu arte. Bukatua dugunean, ertz leuneko egur mehe eta zapal bat hasi gara barrutik pasatzen, ahalik eta azalera uniformeena lortzeko. Hurrengo pausoa labean sartzea izango da. Prozesu osoa bukatu arte ez gara geldituko, ordea, buztina ez bezala, gu denboraren mende gaudelako.

(ID_14527552) (/EZEZAGUNA) 11.zeramikariak
Emakume zeramikariak, euren ohiko lanean. CARMEN VALOIS

Pare bat egun pasatuta, Ehidji irla ezagutzera abiatu gara.

Hara iristeko, Casamance ibaia eta txalupa izango ditugu bidelagun. Ibaiaren ahoan mangladiak daude. Ibaia zabal-zabal agertu zaigu aurrean, eta baita atzetik, ezkerretik eta eskuinetik ere; haizea dugu aurpegian, eta, horrekin batera, askatasun sentsazioa areagotuz doa. Iristerakoan, bainatu, bertan bazkaldu, eta, ondoren, emakume arpillariak ezagutzera hurbildu gara.

(ID_14527545) (/EZEZAGUNA) 8.casamanceibaia
Casamance ibaia. CARMEN VALOIS

Hor topatu dugun emakume taldea arratsaldero biltzen da. Joskintzaren bidez, beren barne munduari eta bizipenei bide ematen diete, oihaletan islatuz. Oihalezko erretenekin lan egiten dute eta eszena bat sortzeko collage moduko bat osatzen dute.

Hain zuzen, hari mutur horri tiraka eta jada Euskal Herrian, jakin dut arpillera edo zaku oihalaren arte hori Txilen garatu zutela, diktadura garaian. Hainbat emakume zaku oihal horiek erabiltzen hasi ziren beren istorioak eta haien komunitateen sufrikarioa kontatzeko, eta, bide batez, salatzeko han gertatzen ari zena. Nazioarteko sareen bidez, arpillerak atzerrira bidaltzen zituzten, munduari horren berri emateko.

Arte hori bizirik dago gaur egun Txilen. Gugandik hurbil ere badago; esaterako, Iruñeko emakume talde batek arpillera batean islatu du 1938ko San Kristobal gotorlekuko ihesa. Hala diote beren blogean: «Ibilitako bideak, haranak, bidexkak, errekak irudikatu dituzte, baita Urepelera iritsi arteko baso, borda eta baserriak ere. Ihes egindakoak, gauez ibiltzen ziren eta egunez ezkutatu. Hiru bakarrik iritsi ziren Frantziara».

Itzuleran pentsatzen

Egunak aurrera doaz, eta, ia ohitzen hasiak garenean klima tropikal heze honetara, etxera bueltatzeko ordua iritsi zaigu.

Eurite garaian egon arren, euri gutxi egin duela komentatu dugu goizean; guri, behintzat, ez zaigu tokatu euritan ibiltzea. Bai, horrela izan dela berretsi dute bertakoek.

Despedida modura, eta zeruak entzun izan balu bezala, arratsalde partean zerua lainotzen hasi da. Gu kanpamentura iritsi orduko, tximistak zerua zeharkatzen ari dira, ortzia kolore more ilun batez tindatzen.

(ID_14527546) (/EZEZAGUNA) 12.mangladiak
Mangladietako bat. CARMEN VALOIS

Biharko bidaiarako gauzak prestatzera goaz gure etxoletara. Ordu bata aldera kristoren euri jasa hasi du. Bat-batean, euriak esnatu izan balitu bezala, igelak hasi dira korroka, ozen; milaka direla dirudi, baina abesbatza bakarra osatzen dute, mangladi osoa kantuan jarrita. Sehaska kanta horrekin lokartu naiz.

Egunero bezala, gaur goiz argitu du egunak; gu etxera goaz. Atzean geratuko dira arroz soroak, mangladiak, naturaren kantuak eta ezagutu dugun jendea. Hemendik aurrera nire etxeko ohean hartuko dut lo, hormigoizko pareten artean. Saguzarrak ez dira egongo, igelak ere ez. Seguruenik, kotxeen joan-etorriko soinuak esnatuko nau bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.