Dantzarako erritmo beroak astinduko dute Zaratamoko (Bizkaia) gaua gaur. Hesian eta Mandoilek taldeak arituko dira oholtzaren gainean; lehenak, punk-rock eta ska doinuekin, eta, bigarrenak, kunbia, korrido eta runba erritmoak eskusoinuarekin nahasten.
Amurrion (Bizkaia) sortu zuten Mandoilek taldea, duela bi urte. Igon Olaguenagak eta Asier Linaresek sortu zuten taldea denbora pasatzeko Latinoamerikako doinu alaikin. Eskusoinua eta bateria besterik ez ziren orduan, baina hilabeteek aurrera egin ahala, musikari gehiagok egin zuten bat egitasmoarekin. David Ferreñok baxua ekarri zuen, eta Andoni Verak, gitarra. Unai Mendibil abeslari lanetan hasi zen. Aurtengo udaberrian lehen diskoa argitaratu dute —Mandoilek izenburuarekin—, eta Araba Euskaraz jairako kanta egin zuten. Kanta alaiak eta dantzagarriak egiten dituzte, taldea ondo pasatzeko modu gisa ulertzen baitute.
Doinu pozgarriekin bat, batez ere parrandaz mintzo dira hitzetan, baina ez dute arazorik emakumeen aurkako indarkeria edo ustelkeria salatzeko. Hainbatetan partekatu dute oholtza aurten Hesian taldearekin.
Azken horiek bost disko plazaratu dituzte dagoeneko. Horietako azkena zuzenekoa da, eta kontzertuaren bideoa jasotzen duen DVD batekin argitaratu dute.
HESIAN ETA MANDOILEK
Noiz. Gaur, 22:00etan.
Non. Zaratamoko (Bizkaia) plazan.
Mandeulientzat, hesirik ez
Hesian eta Mandoilek taldeek parrandarako doinu alai eta biziak joko dituzte gaur Zaratamon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu