Mapa bat, nik eskuz egindako trekkingaren mapa jaso du aitak opari bere urtebetetze egunean. Begiak dir-dir jarri zaizkio, harridura eta ilusioaren aurpegia du 60 urteko kirolari aseezinak, haur batek Olentzeroren gutunean eskatutako bizikleta jasotzen duenekoa bezalakoxea. Aita-alabek mendizaleon meka den Himalaiara joateko ametsa dugu parez pare; hamar egun eta 177 kilometroko abentura, Manaslu zortzimilakoa zaindari.
Gyan, bidelagun berria
Gosaltzeko ordurako etorri da gure gida izango den Gyan. Gurekin esertzera gonbidatu dugu eta gustura hartu du gonbita. Te bero eta ogi tibetar gozo artean hasi gara berriketan. Gyan Gandaki probintziakoa da, eta, aurrerago kontatuko digunez, bi alaba txikiren aita. Nekazaria da izatez, baina gida bezala egiten du lan trekking denboraldian, diru iturri garrantzitsua baita familiarentzat. Nepalen mendiko gida eta porteatzaile gehienak gizonezkoak dira oraindik ere, nahiz eta gero eta emakume gehiago ikusten diren ogibide latz horretan. Datozen hamabi egunetarako plangintza gainetik azaldu digu, eta Soti Khola herriraino eramango gaituen jeepean sartu gara hirurok. Zazpi orduko bidaia dugu aurretik, gidariaren arabera; baina hemen denborak ez du gurean bezalako baliorik. Hemen dena lasai hartzen dute, presarik gabe, bistārai bistārai. Hasieran asfaltozko errepidea zena bi orduren buruan lokaztutako bide estu eta harritsu bihurtu da, eta gindoazen lau pertsona hamarrera igaro dira. «Hor beheko zulora erortzen bada autoa, hau ez dugu kontatuko!», egin diot broma aitari, amarekin gogoratuz. Bertako emakumeak eta haurrak lasai doaz, baina guk, aukeran, amildegi ertza gertuegi ikusten dugu.
Gizalana, asto-lana
Iritsi da botak jantzi eta oinez hasteko eguna. Espero ez genuen sargoria egiten du hemen (eta guk galtza luzeak bakarrik motxilan). Bide zabal eta erosoan barrena goaz, Buri Gandaki ibaia gure eskuinaldean dugula. Horrela jarraituko dugu gaurko helmugaraino, Machakholaraino. Bailaran barneratu ahala, errepide berria egiteko hainbat lanekin egin dugu topo. Gelditu egin behar izan dugu ordu erdi batez, dinamitaz lehertzen ari baitira mendi mazela. Txikizio hau dena zer dela eta? Zein da bide berri hau irekitzearen benetako helburua? Goiko herritarren bizimodua samurtzea ala turistontzat bidaia erosoago egitea? Galderak buruan bueltaka, ez da denbora asko pasatu atseden hartzera gelditu garen arte. Latza da aurrean ikusten duguna; Himalaiako postal idilikotik urrun dago hau: sandalia zaharrak oinetan eta esku biluziekin, harri handiak mailu eta zintzelez txikitzen dabiltza hainbat emakume eta haur. Beste aldean, porlan eta lurrezko zaku handiak betetzen dabiltza beste gizon-emakume batzuk. Hemen garbi ikusten da bi hanka eta bi esku dituen edonor dela baliagarria asto-lanak egiteko.
«Lasai, gu euskaldunak gaitun!»
Atzo 16 kilometro egin genituen Jagat herriraino eta gaur beste 18 dauzkagu aurretik Dengeraino. Hemengo herrixketako biztanle gehienak Gurung etniakoak dira, Gandaki eskualdean baikabiltza. Ekle Bhattiko herrixkan gelditu gara bazkaltzen. Dal Bhat-a, Nepalgo plater nazionala eskatu dugu, betiko legez. Platera goraino beteta dakarkigu etxekoandreak: lenteja zopa (dal), arroza (bhat) eta barazkiak (tarkari) nahi beste. Adineko bikote alemaniarra eseri zaigu aurrean; mendiko gaitzarekin ondoezik jarri eta buelta hartu behar izan dutela kontatzen hasi zaizkit. Bitartean, etxekoandrea dal bhat gehiago eskaintzera gerturatu zaigu, eta, nola ez, aitak platera luzatu dio, irribarrez. Ingelesez tutik ere jakin ez arren, ederki moldatzen da hau! Euritan egin behar izan ditugu gelditzen zaizkigun hiru orduak. Euritan ibiltzeak ere badu bere grazia! Aitari, Nepalera iritsi garenetik lehenengoz buruan dabilkidan kezka aitortu diot: «Eta guri ere mendiko gaitzak erasaten badigu?». Bere erantzuna: «Lasai, neska, gu euskaldunak gaitun! Akordatu ur asko edan behar dugula». Euskaldun izateak 5.000 metroan dauden oxigeno partikulak ehizatzeko dohain berezia balekar bezala.
6.000 plusak inguruan
Gaurko helmuga Samagaon herrixkan daukagu, 3.530 metrora. Atzo beste zazpi orduko etapa egin genuen Namrungeraino, eta dagoeneko gorputza kexan dut; hamabi kiloko konkorrarekin ez dago ohituta, gaixoa! Aitak ere igarriko dio, baina txintik ere esan gabe doa nire aurretik, hemezortzi kiloko zama bizkarrean hartuta. Atzoz geroztik mendi elurtuak gero eta gertuago dauzkagu, Simnang Himal eta Ganesh Himal, besteak beste. Ikusten dugun gailur bakoitzaren izena galdetzen diogu Gyani, eta barrez erantzuten digu: «Hori 6.000 plus izango da, ez dauka izenik». Herriko Izarraitz mendia etorri zait burura, mila metro eskas izango dituena, baina guretzat ez dena mila plus hutsala. Hemen, 6.000 metrotik gorako mendiz inguratuta zaudenean, zein txikiak eta hauskorrak garen konturatzen zara. Nahikoa da gure Lurrak hotzikara txiki bat izatea denok betirako hemen gelditzeko, atrezzo erraldoi eta eder honetan, zerraldo. Arraroa da sentsazioa, hain zaurgarri eta babestua sentitzea aldi berean.
Manaslu hatzekin ukitzen
Manasluren gailur dotoreak eman digu egun ona Samagaonen. Aklimatazio eguna dugu gaur, eta Manasluko kanpamentu nagusira (4.800 m) igo nahi genuen arren, elur gehiegi dagoela esan digute, eta bereziki zail edukiko dugula bidea. Azkenean, planak aldatu eta Birendra lakura gerturatu gara, eta handik gorantz jo dugu, kanpamentu nagusirako bideari jarraikiz, 4.000 metrora iritsi arte. Aurreko egunetako paisaia berdeek eta zuhaitzez jantzitako mendi hegalek goi mendietako paisaia biluztuei eman diete lekukoa. «Hezurretaraino sartzen da haizea!», dio aitak, txamarraren kremailera goraino igotzen duen bitartean. Arnasa eta gorputza majo berotu zaizkigu, ordea, lau mila metrora iristerako. Bakea arnasten da hemen.
Xerpak, herri borrokalaria
Gaur Samdorainoko bide laburra daukagu aurretik. Hiru ordu bakarrik izanda ere, nabari da geroz eta altuago gaudela, eta aldapa txikienean ere arnasa estutu eta motxilaren pisua bikoiztu egiten da. Ezkerraldera Manasluko mendikate izugarria daukagu, eta eskuinera, Tibeteko muga. Hemen dauden herrixketako jende gehiena tamang edo xerpa etniakoa da, duela urte asko Tibetetik hona etorritakoa. Paraje eder bezain latz honetan, bizitza gogorra da. Xerpek herri borrokalari eta indartsu fama izan dute betidanik, eta hemen goian zaudenean konturatzen zara zergatik. Egurrezko etxe txikietan bizi dira, modu xaloan. Urteko hilabete gehienetan ingurua elurrak estaltzen duen arren, hemen jarraitzen dute, lurra mimoz lantzen, beren sinesmenei eta kulturari tinko eusten, eta eguna itzaltzen denean suaren inguruko berotasunean elkartzen.
«Hau bai benetako Himalaia!»
Dharmasala da izan garen ostatuen artean altuen dagoena, 4.450 metrora. Honainoko bidea izugarri ederra da, aitak esan duen bezala: «Hau bai benetako Himalaia!». Larkya glaziarraren ertzean gaude. Hemen ez dago herrixkarik, turistontzat prestatutako lau barrakoi xume besterik ez. Zortez, jende gutxi gaude eta eroso egon gaitezke guztiok sukalde ondoko egongelan. Gelatxoa berotzeko dagoen su bakarra, ordea, ezin izan dute piztu, eta hemen, egonean, pneumonia harrapatzeko adinako hotza dago. Kanpoan elurra mara-mara ari du eta horrek bihar eragina izango duen kezka dugu. Gyan baikor dago, ordea, beti bezala, eta erraz egingo dugula lasaitu gaitu. Hotzaren hotzez, lo zakuak hartu gaitu goxo.
«Igo nazazu nire mendira»
Goizeko lauretan elkartu gara gosaltzeko, Gyanek esanda bezala. Goiz ibili beharra daukagu, hamarretatik aurrera haize zakarra izaten baita Larkya igarobidean, eta arriskutsua izan daiteke han harrapatzen bagaitu. Tea eta ogi tibetarra eztiarekin jan ditugu, eta motxilan arrautza egosiak eta txokolatina pare bat sartu ditugu biderako. Gaur da eguna. Frontalak jantzi eta ilunpetan irten gara hirurok Dharmasalatik. Erabateko isiltasunean goaz aurrera, poliki, bistārai bistārai; gure botek elurretan egiten duten karraska bakarrik entzuten dut. Izugarrizko hotza egiten du; lepokoa ia begiak estali arteraino igota daukadan arren, arnasten dudan aireak birikak izoztuko dizkidala iruditzen zait. Besoak eskumuturretan eta hankak orkatiletan bukatzen zaizkidan sentsazioa dut, ez ditut eskuak eta oinak sentitzen. Behin gora iritsi garenean, eguzki goxoak hartu gaitu eta besarkada eta emozio momentua izan da, lortu dugu! 5.106 metrora gaude eta hemendik ikusten duguna deskribaezina da. Ehunka bandera tibetarretako otoitzak zabaltzen ditu haize leunak. Igo garen bailara daukagu alde batean eta Annapurnako mendikatea bestean. Ezin dugu gehiago eskatu. Gogorrena eginda geneukala uste genuen, baina kaka zaharra! Beherakoan, ematen dugun pauso bakoitzeko hanka belaunetaraino sartzen zaigu elurretan eta aurrera egitea oso nekeza da. Ez dago beste aukerarik, segi egin behar. Azkenean, bederatzi ordu luzeren ondoren, iritsi gara Bhimtangera. Leher eginda, baina irribarrea aurpegitik kendu ezinda.
Hurrengora arte, Himalaia
Azken etapa hau Manaslu agurtzeko eta bizitakoagatik eskerrak emateko eguna izan da. Berriro ere baso berdeetan barrena gabiltza, Nepaleko lore nazionala den errododendro arbolez inguratuta, eta atzean, urrun izan arren, oraindik ere hor daude tontor elurtu dotoreak, gu agurtzen. Bizitakoa berezia izan da eta aitak eta biok egin diogu elkarri promesa: hau hasiera besterik ez da izan, Nepalen asko daukagu oraindik deskubritzeko.