Nor da Julio Torres? Galdera hori egingo diote euren buruari Fantasmas telesailera hurreratzen diren milaka ikus-entzulek. Hollywooden hamar urteko bidea egin duen arren, gaur-gaurkoz, El Salvadorko komediagile gaztea ez da horren ezaguna, eta, hala ere, lortu du puntako hainbat aktore bere proiektu berrira erakartzea.
Emma Stone, Steve Buscemi, Paul Dano, Alexa Demie... Hollywoodeko izar gonbidatu mordoa ageri dira pantailan, telesailaren sortzaile, zuzendari, gidoigile eta aktorearen alboan. Kontakizuna abiatu eta berehala, Torres bilera gela ilun batean batzartuko da entretenimenduaren industriako goi kargudun itxurako traje beltzezko bi gizonekin, bere ideia artistiko irudimentsu bezain xelebreen berri emateko.
New York da istorioaren agertokia, baina, praktikan, eszenaratzeak harri-kartoizko antzeztoki bat dirudi. Torres etxean, autoan, komunean edota medikuaren kontsultan ageri da, baina bere irudimena da ia beti arreta gunerik erakargarriena. Egunak ematen ditu etxeko robot laguntzailearen alboan, bere proiektu berrietarako ideiarik originalenak jorratu nahian, eta aparteko garrantzia emango die ametsetan bizi izandako pasadizoei.
Panpina batez maitemintzen den aitaren rolean ageri da Paul Dano, sitcom tankerako telesail surrealista batean; Q letrarekin obsesionatuta dago, eta «denak hilko zarete» oihukatzen du, berriz, Steve Buscemik punkzale baten azalean. Institutuan zakil kurbatuak marrazten dituen mutikoa, komun artistikoak diseinatu eta telebistan komertzializatzeaz arduratzen den emakumea, kaiolako arratoien disko festa... Ikusleek dozenaka pasarte harrigarri topatuko dituzte begien parean, eta sarri muturreko sentipenen bat eragingo diete, izan barre ala higuin.
Los Espookys telesailaren sortzaileak ordu erdiko sei atal laburrekin osatu du proiektu berria, eta hamaika modutan frogatu du kode formal ezberdinen gaineko kontrola. Torres gai da erabateko melodramatik punk estetika zikinera igarotzeko, edota, bat-batean, komedia erromantiko dirudienari thriller klasiko baten itxura emateko. Nortasun bisual handiko nobedadea da, eta, batez ere, helburu satirikoa du, konbentzio oro karikaturaren pare uzteko nahia.
Bizarzuri ere ez da salbu, eta justiziaren aurrean, akusatuen eserlekutik, azalpenak eman beharko ditu, beharginek lan baldintza kaskarrengatik salatu ostean. Rob Rusli konpositore gaztea arduratu da Torresen ipuin tankerako mundu paregabea musikaz janzteaz; Sam Levy argazki zuzendaria, berriz, telesailaren itxura anarkikoari batasuna emateaz. Azken urteotan, Levyk bide emankorra egin du AEBetako zinema independentean erreferente nagusi izan diren Greta Gerwig (Lady Bird), Noah Baumbach (Frances Ha) eta Kelly Reichardten (Wendy and Lucy) kamerari nagusi gisa.
Fantasmas ez da inondik inora ere HBOren autorezko zigilu klasikoaren oinordeko, baina bada begirada propio eta bereizgarria duen artista gazte baten aurrerapauso kementsua. Eserialdi bakarrean ikusteko moduko entretenimendu dibertigarria.
FITXA
- Sortzailea. Julio Torres.
- Aktoreak. Julio Torres, Emma Stone, Steve Buscemi, Paul Dano eta Alexa Demie.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Max.
- Atal bakoitzaren iraupena. 30 minutu.
- Generoa. Komedia.